Efemerideak

  • 1712-11-5. Herriak Martin San Martin teilariarekin egin zuen eskritura, 1713ko San Miguel egunera bitartean 50.000 teila eta 25.000 adreilu egiteko. Mila teila zilarrezko 45 erreal ordaindu zizkioten eta mila adreilu bakoitzeko zilarrezko 37 erreal.
  • 1712-8-19. Iruñeko apezpikuak Urrestillako aldare nagusiko hiru margoak egiteko baimena eman zuen eta, bide batez, ordularia jartzeko baimena ere eman zuen.
  • 1712-7-29. Herri barruko etxe batzuk hondamenean eta erortzeko arriskuan zireneko kexa jaso ondoren, Lazaro Lanzeira eta Bartolome Larraar maisu hargin eta zurgina izendatu zituzten iritzia agertzeko.
  • 1712-6-15. Enparan errotako presa berria egitea eta Soreasu erretakoan konponketak egitea erabaki zuten.
  • 1712-5-4. Ganaduak zituzten biztanleek herriaren basoetara eraman behar zituzten larrera, eta hori Urrestilako parrokiaren bidez adieraztea erabaki zuten. Baina euren bidetik zuzendu behar zituzten lur horietara, inoren baratza, soro eta zelaietan kalterik egin gabe. Bestela, zigorra ezarriko zieten ganaduen jabeei.
  • 1712-5-4. Enparantzan zegoen herriaren dorrean konponketa lanak egitea erabaki zuten, aurrez maisuen iritziak jasota.
  • 1712-4-15. Martin Abariak suak erretako Larrañaga bere baserria altxatzeko derrama egitea eskatu zuen, eta horrela egitea erabaki zuten.
  • 1712-1-11. Herriko agintariek Bataio kaperan akatsak ikusi zituzten, Martin Zaldua maisua kobratu nahian zen bitartean. Eginiko eskritura eta gainontzeko paper guztiak aurkitu eta aztertzea erabaki zuten, eta parrokiko etxezain Joseph Iturriagari gaiari buruz gestio guztiak egitea eskatu zioten.
  • 1711-12-31. Herritar bereziekin bildurik, erregearen zedula baten berri eman zuten. Bertan, urte berriko kanpainarentzat ahal zen diru gehien emateko eskatu zioten Gipuzkoari. Urrezko bi ezkutu zituen 50 dobloi ematea erabaki zuen herriak. Erabaki hartzeko batzar berezia egitea ez zela beharrezko adierazi zioten Diputazioari.
  • 1711-12-27. Herri Batzar nagusian, Olatz eta Elormendiko San Pedro ermitetako serorak eginiko eskaerak jakin eta egin beharreko obren berri jakitea erabaki zuten. Haien doteetatik ordainduko zituzten lanak.
  • 1711-12-10. Olazko eta Elormendiko San Pedro ermitetako lekaimeek ekaitzek eta haizeak batez ere teilatuan eragindako kalteen berri eman zuten. Udalak erabaki zuen auziaren inguruko neurriak abenduaren 27ko Herri Batzarrean erabakitzea.
  • 1711-11-13. Herriko tabernarien aldetik ardoa garbitasun txikiarekin ateratzen zela zen albistea, eta fidelari agindu zioten auzia jartzeko haien aurka eta gestio guztiak aurrera eramateko.
  • 1711-10-18. Herrian ondasunak zituztenei albistea pasatzea erabaki zuten, San Agustin komentuko obretan nolabaiteko laguntza emateko eskatuz. Aurrez, agintariek eurek eskainitakoa ahalik eta azkarren ordain zezatela eskatu zuten.
  • 1711-9-5. Eguraldi ona eskatuz errogatiba bat egin zuten, herritik Loiolako Santutegira prozesioan joanez.
  • 1711-8-23. Parrokien bitartez jakinaraztea erabaki zuten iraila bitartean mahatsa saltzea debekatuta zela, mila maraiko isunaren azpian. San Miguel egunera artean sagar gordinak saltzea ere debekatu zuten.
  • 1711-8-14. Sei edo zazpi hilabeteko haur utzi bat azaldu zen Enparan inguruko bide berrian. Ibarzabal baserriko Antonia Zendaoiari eman zioten hazteko, ezinezkoa baitzen norena izan zitekeen jakitea.
  • 1711-5-31. Zumaiako alkateari 50 dukateko isuna ezarri ziotela jakinarazi zuten, herrirako generoak ekartzen zituen hornitzailea Beduan geldiarazi zuelako.
  • 1711-4-30. Joakin Ituarteri Zestoako Justiziaren aurrean informazioa lor zezan ahalmena eman zioten. Izan ere, aurreko larunbatean Zumaiako alkateak Joxe Olarra atxilotu zuen Beduara iristean, Donostiatik herrirako asmoan garia zekarrela.
  • 1711-3-18. Derrama osokoa zen Larrañaga baserria erre zitzaiola esanez, egur eskaera egin zuen baserriaren jabe Martin Abariak. Nolako kalteak izan zituen ikustea erabaki zuten, ondoren eskaerari erantzunez, urte eta erdian baserria berritzeko baldintzarekin.
  • 1711-3-3. Gregorio Aranburu eta Asenzio Larraar harginek egurra eskatu zuten. Karobi bat erre nahi zuten Leizeaga baserriaren inguruan, San Agustin komentuko elizako obrak hasteko.
  • 1711-3-3. Gregorio Sarasua eta Juan Zelaiaranek parrokirako egin zituzten konfesionarioak edo aitorlekuak ordaintzea erabaki zuten, Martin Zaldua eta Sebastian Artola maisuen iritziak jaso ondoren.
  • 1711-1-25. Herriak San Agustin komentuari, sei urtean banatuta, 50 dobloi ematea erabaki zuen, aurrez emandako ehun dobloiez gain. Diru hori kapera nagusia bere ganga eta guzti egoki itxita gelditzeko eman zuen. Idi parea ere eskaini zioten komentuari garraioak egiteko; alkateak eta fidelak sei idi pare eskaini zituzten, bakoitzak egun bakarrean lana egiteko; Antonio Etxaniz eta Joxe Basazabal erregidoreek launa idi pare egun bakarrerako; Inazio Arzalluzek eta Inazio Zabalak bina idi pare; bilerara agertu gabe gelditu zen Nikolas Bakibar erregidoreari ere beste bi idi pare eskatzekotan gelditu ziren. Baina herritarrek ere egin zituzten eskaintzak eta haien artean Manuel Altunak hamar idi pare eskaini zituen; Inazio Zabala, Martin Saloguen, Frantzisko Inazio Erkizia, Pedro Baltran Oiarzabal, Frantzisko Inazio Enparan, Manuel Alzaga, Frantzisko Inazio Alzibar, Joxe Iturriaga, Juan Bautista Garmendia, Gabriel Aizpuru eta Juan Apaeztegiak hiruna idi pare; Juan Urdapilletak lau; Lorenzo Eleizando, Frantzisko Alzaga, Inazio Segurola, Felipe Uzkudun eta Andres Leturiondok bina; Antonio Sarria, Karlos Larralde, Aszensio Larraar, Inazio Larralde, Pedro Beriztain, Frantzisko Larralde eta Tomas Leiariztik idi pare bana. Baina ikusita herritar guztiak batzarrera ez zirela agertu, hartutako erabakiaren berri zabaltzea onartu zuten, baita herriz kanpo bizi zirenei ere, haiek ere laguntza eskaintzea nahiko zutelako.
  • 1711-1-25. Garia eta artoa herritik kanpo saltzen zuena salatuz gero, generotik hirutik batekoa salatzen zuenarentzat izatea erabaki zuten.
  • 1711-1-10. San Agustin komentuko obrak jarraitzeko, herriaren aldetik laguntza bereziagoa eskatu zuen Pedro Frantzisko Garaitondo fraideak.
  • 1711-1-10. Martin Zaldua maisuak, parrokian egin zuen bataio kaperako lana kobratu nahian, bigarren eskaera egin zuen, baina aurrez Udalak maisuen aldetik bera aztertzeko gogoa agertu zuen.
  • 1711-1-4. Zumaian ospatutako Probintziko Batzar Nagusiak hartutako erabakiarekin bat egin eta herritarrak batzar nagusian bildurik, haien eta biztanle guztien izenean zin egin zuten Loiolako Inazio deunaren egun bezperan barau egitea, eta betirako onartzea erabaki zuten.
  • 1711-1-4. Martin Zaldua maisuak eginiko eskaerari erantzunez, berak parrokian egin zuen bataioko kapera ikusi eta ordainketa egitea erabaki zuten.
  • 1711-1-2. Parrokirako egin ziren konfesionario edo aitorleku berriak ikusteko, Martin Zaldua maisua izendatu zuten.
  • 1710-11-7. Gregorio Sarasua eta Inazio Larralde maisu zurginek esaten zuten parrokian zenbait aitorleku egin eta jarri zituztela, eta, bide batez, horiek ikusteko herriaren aldetik maisuak izendatzea eskatu zuten. Herriak Inazio Basazabal eta Joan Apaeztegi izendatu zituen horretarako.
  • 1710-10-17. Martin Zaldua maisuari bataioko kaperan eta parrokiko koru atzean egindako lanak ordaintzea erabaki zuten.
  • 1710-9-8. Valladolideko (Espainia) Real Chancillerian herriak lorturik zuen eskubidea gogoan izanik, herritar eta biztanle guztiei agintzea erabaki zen derrigorrezkoa egiten zela Soreasu eta Enparan errotetara eramatea euren aleak ehotzera, errotariei lau libra olo ordainduz gari anega bakoitzeko, eta berdin artoa edo beste aleak ehotzean. Horrela egiten ez zuenaren aurka neurri gogorrak hartuko zituen herriak.
  • 1710-8-11. Parrokiko etxezainak adierazi zuen erretoreak Inkisizioak emandako agindu bat zuela jakinarazi zioala. Agindu horren arabera, elizako inork ezin zuen aitortzarik egin, beharrezko aitorlekurik gabe. Lekua ikusi ondoren, ziren hirurak beste hiru kantzelekin nahikoa izango zirela adierazi zuela gaineratu zuen etxezainak eta haiek egiteko baimena eskatu zuen. Udalak horrela egitea erabaki zuen.
  • 1710-6-1. Zumaian egindako Gipuzkoako Batzar Nagusietan maiatzaren 16an egindako dekretua irakurri zuten, San Inazio egun bezperan barau egitekoa. Gehiengoak zin egin zuen.
  • 1710-3-5. Izarraizko izoztegia egin zuten Joxe Joaristi eta bere lagunek eginiko eskaerari erantzunez, eginiko lanak aztertuko zituen maisu bat izendatzekotan gelditu zen herria.
  • 1710-3-5. Soreasu errota eta haren inguruko San Jose presa ikustea erabaki zuten, errotariak konponketak beharrezkoak zirela adieraztean.
  • 1710-1-26. Izarraizko izoztegia alokatu zieten Bartolome Larraar eta Jeronimo Sarasuari, urtean 50 dukat ordainduz eta sei urterako, erdia San Juan egunean ordainduz eta beste erdia Santu Guztien egunean.
  • 1710-1-26. Parrokiko etxezain Frantzisko Azkuek 22 haritz eskatu zituen, parrokiko koru azpian eta sakristian obrak egiteko.
  • 1710-1-2. Sagardoa saltzen jarri aurretik eta txandak izendatzeko egin ohi zen zozketarako, 48 upelen berri eman zuten. Guztiak sagardo garbia zutenak ziren, eta beste zortzi upel urarekin nahastuta zeudenak.
  • 1709-10-28. Izarraizko izoztegian egindako lanei buruz maisuek emandako iritzien berri adierazi zuten.
  • 1709-10-20. Berriro adieraztea erabaki zuten, parrokien bidez, debekaturik zela garia edo artoa herritik kanpo saltzea, zortzi mila maraiko isunaren mehatxupean.
  • 1709-9-3. Herri Batzar nagusian adierazi zuten herriaren banderapean Espainiako erregearen zerbitzura boluntario moduan soldadu joateko prest zirenek, bakoitzari ematen zizkioten bost dobloiren gain eskatzen zutela eguneko soldata bat. Irteteko eguna heldu bitartean, egunean hiru erreal eta erdi ematea erabaki zuten.
  • 1709-8-11. Herri Batzarrean probintziak erregeari eskainitako 500 soldadu osatzeko herriak aukeratu beharrekoez hitz egin zuten. 18 urtetik 60 urte bitarterakoak izan behar zuten soldaduek eta Donostia, Hondarribia eta Pasaiako portuetara joan behar zuten. Parrokien bidez deialdia egitea erabaki zuten, aurreko arratsaldean zozketa egiteko deialdira zortzi gazte soilik bildu baitziren. Soldadu bakoitzari urrezko bi ezkutuko lau dobloe emango zizkioten, baita jantziak eta armak ere. Gehienez urte bakar bat igaro beharko zuten kanpoan, gerrateak jarraituko balu beste 25 soldadu aukeratuko baitzituen herriak haien ordez joateko. Ostegunean egingo zuten zozketa, goizeko zortzietan.
  • 1709-6-24. Parrokiko 'Bataio' kaperako barrotegia egiteko arduradun Frantzisko Inazio Sorarrainek adierazi zuen langintza hori Juan Eizmendi errezildar maisu eta arkitektuak egin zuela, eta barrotegia jada bere tokian jarrita zela. Beraz, ikusi eta egindako lana neurtzeko Inazio Bazasabal eta Martin Zaldua maisuak izendatu zituzten.
  • 1709-6-20. Frantzisko Inazio Sarrarainek eta Enparanek jakinarazi zuten Juan Eizmendi maisuak amaitu zituela herriak agindutako 'Bataio' kaperako obrak. Enparani agindu zioten lanak ikusteko maisuak aukeratzeko.
  • 1709-4-12. Jazinto Alzaga apaizak eginiko eskaerari erantzunez, Loisoro baserrian suteak sortu zituen kalteak ikusteko batzordea izendatu zuten.
  • 1709-4-7. Elormendiko San Pedro ermitaren teilatua konpontzea erabaki zuten, haizeak kalteak sortu zituelako.
  • 1709-1-27. Sagardoa saltzeko txanda zozketa egin zuten. Hiru saltzaile bakarrik agertu ziren sagardo hutsa zutenak eta hamabi urarekin nahastuta zutenak. Denak herriko sagarrarekin eginak ziren. Kanpoko eta herriko sagarrarekin eginiko sagardoa zutenak, berriz, sei saltzaile ziren.
  • 1708-2-3. Biztanleei deituta, Zestoara bitarteko bidea konpontzea erabaki zuten, ahalik eta saritu beharreko ofizial gutxien hartuz eta gehienbat eguerdiko ohiko freskagarriarekin konformatuko zirenak izanik horiek.
  • 1708-2-3. Hondamen osoan zen Egimendiko San Pedro ermita konpontzea erabaki zuten.
  • 1708-1-23. Sagardoa saltzeko txanden zozketa egin zuten. Hamar saltzaile ziren edari hutsa zutenak eta beste bik urarekin nahastuta zuten.
  • 1708-1-13. Espainiako erregeak herriari bertan saldutako pitxar ardoari zortzi maraiko zerga ezartzeko emandako baimena eman zuten ezagutzera.
  • 1707-9-30. Kontuan izanik Izarraitzen animalia asko zela -otsoak, basakatuak eta abar- eta arriskutsua zela bertako ganaduarentzat eta biztanleentzat, erabaki zuten ehun errealekin saritzea bizirik edo hilik animalia horietako bat edo gehiago herriratzen zuenari.
  • 1707-9-30. Herriko lurretan bigantxak zituztenei eguberriak bitartean guztiak etxera eramateko edota lurretatik kanporatzeko agintzea erabaki zuten.
  • 1707-9-11. Frantzisko Leturiondok idatzi zuen Madrildik, esanez herriarentzat lortu zuela hamar urtean zehar pitxar ardoari zortzi maraiko zerga ezartzeko baimena, eta bere gestioa 40 dobloi kostatu zela. Leturiondori eskerrak ematea erabaki zuten, eta ordainketa egitea -horretarako dirua bildu zuten-.
  • 1707-9-11. Espainian beste printze bat jaio zela jakitean, prozesioa eta meza santua igandean ospatzea erabaki zuten -'Te Deum' abestea ere bai-, eta hurrengo egunean zezenketa egitea Nafarroako zezenekin.
  • 1707-8-29. Diputazioak erreginak seme bat izan zuela jakinarazi zuen, eta parrokiko kanpaiak jotzea erabaki zuten. Komentuei ere gauza bera egiteko eskatu zieten, eta gauean herria argitu eta dantzak antolatu zituzten.
  • 1707-8-29. Zaldua maisuak bataioko kaperan egindako lanak entregatu nahi zituela-eta, Lazaro Lanzeira maisua aukeratu zuten lanak ikusi eta iritzia agertzeko.
  • 1707-7-19. Diputazioak kapitain nagusiaren gutuna bidali zuen, lurraldea defenditzeko guztiak gertu egon zitezela eskatuz, albisteek ziotenez berehala iritsiko baitzen etsaia Gipuzkoako itsasertzera. Herriak erabaki zuen agintariei ahalmena ematea bolbora, metxa eta beruna erosteko, eta dirua biltzeko horretarako. Bestalde, biztanleak armak eskuetan zituztela prest egon zitezen, guztiei hurrengo eguneko goizeko zortzietan enparantzan biltzeko albistea pasatzea erabaki zuten; horrela, gutxienez 300 bat lagun lehen deialdiari erantzuteko egoki prestaturik izateko. Lagun horiek armak erabiltzen trebetasunik handiena izan behar zuten.
  • 1707-6-19. 'Jainkoaren laguntzaz' haurdun zegoen erreginak, bere haurra egoki munduratuko zuelako itxaropenean, ospakizuna prestatu nahi zuten. Horretarako, Nafarroatik edo Gaztelatik sei zezen ekartzea erabaki zuten, eta suzirien jeinu bat ere erosi zuten.
  • 1707-5-9. Felipe V.a erregeak Valentzian (Herrialde Katalanak) lortu zuen garaipena ospatzea agintzen zuen Probintziaren gutunaren berri eman zuten. Igandean meza nagusi abestua eta prozesioa ez ezik, jaialdia antolatzea erabaki zuten.
  • 1707-3-13. Bezperan eginiko soldaduen zerrenda ikusi zuten. boluntario aurkeztu ziren Bautista Enparan, Fermin Beriztain, Frantzisko Larraza, Antonio Oiarzabal, Frantzisko Intxausti, Antonio Iturzaeta, Inazio Sarasua, Martin Elizomdo, Domingo Zendoia eta Domingo Goenaga.
  • 1707-3-13. Jakinean izanik Inazio Kerejeta ostalariak zahagietan erosten zuela ardoa, ondoren bere etxean nahi zuen prezioan saltzeko, inolako berririk eman gabe agintariei eta inork dastatu gabe, mila maraiko isuna ezartzea erabaki zuten.
  • 1707-3-12. Kalbarioko gurutzeak egokitzea erabaki zuten, bakar batzuk erorita eta beste batzuk apurtuta zeudelako.
  • 1707-2-25. Erregina haurdun zela jakinik, lehen astelehenerako zezenketa antolatzea erabaki zuen herriak.
  • 1707-2-20. Erregina haurdun zela jakitean, herriak errogatibak egitea erabaki zuen eta egun horretan bertan meza nagusia amaitzean 'Te Deum' abestea. Eta Mateo deunaren eguna ospatuz ostegunean, berriz, prozesioa egitea.
  • 1707-2-14. Arizubiagako burdinola alokatuta zuen Miguel Zuazolari baimena eman zioten konponketak egiteko herriko basoetan egurra ebakitzeko.
  • 1707-1-28. Herriak kobratzen zuen ardoaren zergari buruz lan handia egin zuen Pedro Inazio Zabalari arroa bat txokolate oparitzea erabaki zuten.
  • 1707-1-15. Abokatuen iritziak jaso ondoren, egun honetatik aurrera eta urtea amaitu bitartean, ardoari sei maraiko zerga ezartzea erabaki zuten. Esaten zen Espainiako erregeak 1658ko urriaren 16an eman ziola herriari baimena taberna guztietan saltzen zen pitxar ardoari zerga hori ezartzeko eta ordura bitartean 20.000 dukat jaso zirela, herriaren zorrak ordaintzeko, zuhaitz landaketak egiteko eta abar. Zerga horretaz gainera, beste zortziko txiki bat ere ezarri zuten, aurretik izandako ohitura bati jarraituz. Nahiz eta zerga horren bidez diru laguntza handia eskuratu, herriak orduan gutxi gorabehera zilarrezko 12.000 dukat zituen zorretan -7.000 dukat ordainketarako ziren eta beste 5.000 dukati ezin erantzunda zegoen-, eta ondorengo urteetan urteko 6.000 dukaten zorrak sortuko zirela adierazi zuten. Kontuak horrela, erregeari zerga horiek zerbait altxatzeko eskaera egitea erabakita zuela adierazi zuten.
  • 1706-10-17. Aurreko urteko urriaren 28an erre zen Aretxabaleta baserrian konponketa lanak egiteko baimena eman zioten Frantzisko Inazio Sorarrain jabeari.
  • 1706-7-16. Donostian ospatutako Gipuzkoako Batzar Nagusiek hartutako erabakiaren berri eman zuten. Herri guztietako biztanleak armekin prestatuta izatea eskatzen zuten, sendi bakoitzean gutxienez alkabuz, moskete edo fusila izan behar zen, 50 errealeko isunaren azpian. Deialdia hil honen 30ean egitea erabaki zuten, egun guztian udaletxera sendi bakoitzetik bakar bat armak erakustera agertuko zen, eta horrela guztien zerrenda osatu.
  • 1706-5-21. Espainiako monarkia nola zegoen esanez albistea eman zuen Diputazioak, Soraluzetik Gaztelan barnera armada sartu zenean. Elizaren bidez deitzea erabaki zuten 18 urtetik 60 urte bitarteko gizaseme herritar eta biztanle guztiei, Trinitate egunean armak eskuetan zituztela, arratsaldeko ordu bietan bil zitezen. Armarik ez zutenek ere berdin agertu beharko zuten, guztien zerrenda osatzeko, baldin behintzat zigor gogorra jaso nahi ez bazuten.
  • 1706-5-21. Ehun erreal ordaindu zizkioten Felipe Zubimendiri parrokiko gangak garbitu zituelako, 140 ofizial lanean jarrita.
  • 1706-2-12. Diputazioak eginiko eskaerari erantzunez, soldaduen zerrendako guztiak martxoaren lehen egunerako Arrasatera bidaltzea erabaki zuten.
  • 1706-1-15. Gipuzkoako Batzar Nagusiak izango ziren herrian eta erabakiak hartu zituzten dena prestatzeko. Tartean, batzarkideek ostatu izango zituzten etxeak hautatzea: Inazio Beriztain zirujauarenean, Donostia, Errenteria, Usurbil eta Zarauzkoak; Pedro Zelaiaran jaunarenean, Hondarribia, Oiartzun, Asteasu eta Andoaingoak; Frantzisko Morenorenean, Azkoitia, Orio eta Hernanikoak; Maria Sustaetarenean, Arrasate, Bergara, Gatzaga bailara, Zizurkil, Zumaia eta Saiaz; Antonio Olazareginean, Segura, Zegamako batasuna, Areriko batasuna, Bozue handia batasuna eta Ataun; Katalina Urteagarenean, Deba, Mutriku, Getaria, Urretxu eta Legazpi; Katalina Mendizabalenean, Elgoibar, Eibar, Soraluze, Aizpurua batasuna eta Agisano batasuna; eta Arzadun jaunarenean, Urnieta, Berastegi, Elduaien, Astigarraga eta Zubiberria batasunakoak.
  • 1705-9-20. Alkateak jakinarazi zuen agintari nagusiengandik ontzat hartu zirela herriak prestatu zituen ordenantza berriak, ondoren beharrezko agiriak erakutsiz. Ohikoa zen bezala, herriko enparantzan pregonariaren bidez irakurtzea erabaki zuten, eta bertara deitu zituzten herritar guztiak eta eskribaua lekuko moduan. Ondoren, herriak hartzen zituen erabakiak idazten ziren liburuan jaso zuten hura ere.
  • 1705-9-12. Erregeak herriaren ordenantzak konfirmatu zituen.
  • 1705-8-27. Akotegi erregidoreak eta Domingo Segurola maisuak Lazaro Lainzerak planoekin egindako Atxarango presaz euren iritzia eman zuten, eta etxe horretako administrari Frantzisko Arrutiri presaren altuera zerbait gutxitzeko agintzea erabaki zuten, urak bidean kalterik ez egiteko.
  • 1705-8-13. Azkoitian zen Diputazioa eta hilaren 20an batzar berezia ospatzeko deialdia egin zuen, erregearen idazkari Joseph Grimaldik egindako soldadu eskaeraz erabakia hartzeko. Herriak bere ordezkariak aukeratu zituen.
  • 1705-8-13. Alkateak Egibar etxean saninazioetan inolako baimenik gabe ardoa saldu zutela jakinarazi zuen, eta erabaki zuten salaketa egin ondoren kartzelaratzea eta 50 dukateko isuna ezartzea.
  • 1705-8-13. Atxarango presa berria ikusteko Akotegi erregidorea eta Domingo Segurola peritua izendatu zituzten.
  • 1705-8-3. Probintziak Diputazioak soldaduak biltzeko esanez bidalitako gutuna irakurri zuen. Asmo horrekin herriratuko ziren ofizialak aurkezten zituzten agiriek esandakoaren arabera jokatzea erabaki zuten, aurrez behin baino gehiagotan egin bezala.
  • 1705-8-2. Diputazioak idatzi zuen, Frantzisko Joxe Enparan koronela Gipuzkoako lurraldera bere ofizialekin iritsi zela esanez, eta, bertako biztanleak erregearen Infanteriako Guardia Erregimendurako aukeratu nahi zituenez, herriari iritzia eskatu zioten, jokaera ez baitzen ezaguna. Hurrengo egunean bilera egitea erabaki zuten herritar berezienekin.
  • 1705-7-12. Amuko bide berria egiten jarraitzea erabaki zuten. Kexa batzuengatik lanak geldituta zeuden.
  • 1705-5-18. Herriak prestatu zuen Suteetarako Anaiartea onartu zuten, Madrilen.
  • 1705-3-23. Pregonariaren bidez jakinaraztea erabaki zuten herrian inork ez zezala gurdi egurra lau erreal eta erdi baino gehiago ordaindu. Mendiak erosita zituen Inazio Zuloagak aurrez Sistiaga aldean eta bi errealean jarriko zuela jakinarazi zuen. Zuloaga zigortzea ere onartu zuten, inolako baimenik ez zuelako bere eskrituratik aparte iruditzen zitzaion prezioa jartzeko.
  • 1705-2-8. Udalbatzar nagusian, herriari Inazio Segurolarekin zen auzia nolatan zen jakinarazi zioten. Idiak eta behiak herri barruan edukitzearen debekuaren berri eman zuten orduan, eta auziarekin aurrera jarraitzea onartu zen, Inazio Segurolaren etxeak herriko harresiaren barruan zeudelako.
  • 1705-2-8. Herriko mendiak ikatza egiteko erosi zituen Inazio Zuloagak, Mureziondo mendian ebakitzeko baimena emateko erregutu zuen, eta agindutako 2.000 dukat eta zor zituen beste zilarrezko 6.000 errealekin batera ordaintzeko epea luzatzea ere bai, dena Eguberrietan ordainduko zuela esanez. Zuloagaren eskaerari erantzuna emateko orduan, era guztietako iritziak agertu ziren udalbatzar nagusian. Azkenean bozketa eginik, aipaturiko mendia ebakitzeko baimena ematea eta ordainketa egiteko Eguberriak bitarteko luzapena ematea erabaki zuten; Juan Apaeztegik erabakiaren aurka egin zuen.
  • 1705-2-5. Enparan errotako maizterraren kexei erantzunez, gero konpontzeko teilatuaren egoera ikustea erabaki zuten.
  • 1705-1-16. Gragori Sarasuak zazpi urte aurretik Soreasu errota errentan eduki zuela esanez idatzi zuen. Eta hark utzitako tresna batzuk eta orduan jaso nahi zituenak han zeudela adierazi zuen. Udalak, Zuazola erregidoreak eskaerari erantzuna eman zezan agintzea erabaki zuen.
  • 1704-12-12. Lehen igandean parrokien bidez adierazi zuten saltzeko asmotan sagardoari uda nahastuta zeukaten guztiek ondorengo egunean udaletxera agertu beharko zutela arratsaldeko ordu bietan, eta han salketa egiteko txandak izendatuko zituztela zozketaren bidez.
  • 1704-11-30. Lorentzo Elizalderi Elizalde baserria zati handi batean erre egin zitzaiola-eta, berritze lanak egiteko egurra eskatu zuen. Udalak erdia ordaintzea erabaki zuen eta beste erdia ezerezean ematea.
  • 1704-11-7. Herriaren ardo hornikuntza egiten zuten nafar mandazainek euren ostatutzat herriko tabernak hartuz gero iskanbilak sor zitezkeela irudituta, tabernari guztiei euren etxeetan hornitzaileei ostatua eskaintzea debekatu zieten, eta eskribauari agindu zioten debeku horren berri idatziz ematea tabernariei, adieraziz ez betez gero gogor zigortuko zituztela.
  • 1704-10-12. Herriko errebaletan zirenei behiak edukitzen uztea erabaki zuten, baina herri barruan zirenei ez.
  • 1704-10-12. Suteetarako elkarteari buruz jarraitu beharreko arau batzuk onartu zituen herriak.
  • 1704-10-10. Manuel Altunak egurra eskatu zuen, erre zitzaion Akotegi etxea konpontzeko, eta Udalak erabaki zuen gaiaren berri Herri Batzarrean adieraztea.
  • 1704-9-26. Zazpi urte egin bitartean herriaren laguntzarekin Inesa Alberdik hazitako utzitako neskatxa ez zela lan bat aurkitzeko gauza izan ikusita, beste bi urtean ohiko laguntza ematea erabaki zuten.
  • 1704-8-22. San Agustin eguna nola ospatu eztabaidatu zuten herritarren artean, eta bozketa bidez erabaki zuten zer egin, oso iritzi ezberdinak agertu baitziren. Horrela, alkateak, fidelak eta erregidoreetako batek eskaintzen zituzten zezenkoez gain, beste bi zezenko ekartzea erabaki zuten, baita herrian zen korrejidorea gonbidatzea ere.
  • 1704-8-22. Urteetan hauteskundeetara herritar berezi gutxi agertu zen eta, inork ez aitzakiarik azaltzeko, herriak lortutako erreal probisioaren berri parrokien bidez jakinaraztea erabaki zuten.
  • 1704-8-10. San Agustin komentuko prioreak egindako eskaera kontuan hartu eta, eliza nagusia egiteko maisuarekin tratua egin zuenez, lau urtean herriak ehun dobloi ordainduko zizkiola erabaki zuten.
  • 1704-8-10. Eizmendi auzoko ermitako lanak herriak amaitzea erabaki zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan