Eguna: 7-7

  • 2004-7-7. Turismo informazio puntua martxan jarri zuten Loiolan.
  • 2003-7-7. Aitor Zubillaga Munduko Plater Tiroko irabazlea hartu zuen Udalak, zoriontzeko, udaletxeko areto nagusian.
  • 2001-7-7. Joxin Iturriozek idatzitako 'Urolaldeko bertsolariak' liburua aurkeztu zuten.
  • 1994-7-7. Martzial Uzin enpresarentzat lurraldeak lortzeko gestioak egin zituen Udalak, baina lantegi berria herritik kanpo egingo zela ikusita, bat-batean bertan behera uztea erabaki zuten.
  • 1946-7-7. Jexux Alkorta eta 'Aiako Txikia' neurtu ziren zezen-plazan 10.000 metrotan. Lehenenak irabazi zuen 37.22 denborarekin, eta bigarrenak 37.304/5 denbora behar izan zuen.
  • 1931-7-7. Bertako ura kutsatuta zelako Iturritxikiko iturria estaltzea erabaki zuten.
  • 1930-7-7. Santos Anadon, Geografiko eta Katastral Institutuko lan berezietako buruak idatzi zuen hil honen 23an, goizeko zortzietan, Azkoitiaren eta Azpeitiaren arteko lurren mugarriak ikusiko zirela. Auzitegi Nagusiak emandako agindua betetzeko asmoz bi herrietako ordezkariei deitu zieten. Horretarako, Kruz Mari Etxeberria alkatea, Andres Lapazaran, Galo Barrena eta Roke Astigarraga zinegotziak, Fruntuoso Elorza idazkaria eta Nikolas Bizkarrondo peritua izendatu zituen herriak.
  • 1920-7-7. Kros lasterketa bat antolatzeko 350 pezeta eskatu zituen Danak-Bat elkarteko presidente Joakin Oiarzabalek, eta Udalak baiezkoa eman zion.
  • 1920-7-7. Alkateak Inazio Perez Arregi diputatuak Madrildik bidalitako telefonemaren berri jakinarazi zuen. Bertan Espainiako Gobernuko Bizkortze Ministroak Urola trenaren aurrekontua ontzat hartu zuela esan eta bigarren aldiz enkantean jartzea erabaki zuela esaten zuen. Udalak Manuel Alonso Zabala eta Alberto Matxinbarrena ingeniariei gestioak egiten eman zuten laguntzagatik aho batez eskerrak ematea erabaki zuen.
  • 1919-7-7. Ehun pezetako diru laguntza ematea erabaki zuten Danak-Bat elkarteari, eginiko eskaerari erantzunez.
  • 1913-7-7. Harzubiko errebalean edo beste puntu batean postontzia jartzeko eskaera egin zuten zenbait herritarrek. Udalak postontzia San Agustin arkuen ertz batean kokatzeko asmoa zuela erantzun zien.
  • 1890-7-7. Herriko garbitokiko sarreretan burdin ateak jartzeko baldintzak onartu zituzten. Burdin ateak egin eta bere tokian jartzea errematera atera zuten.
  • 1782-7-7. Xabier Inazio Zuazolarekin eta Atxarankorta baserriaren jabearekin harremanetan jarri ondoren, alkatea eta fidelari baimena eman zieten Ugarte baserriaren lurretan zehar eta zuzen Atxarankortako harkaitzera bitartean bide berri bat egiteko, orain arteko bidea alboan utziko zuena.
  • 1683-7-7. Herri Batzar nagusian, agintariei ahalmena eman zieten Apezpikutzako Bisitariarengandik baimena lortu eta parrokiko erretaula nagusia egiteko Juan Apaeztegia eta Martin Olazola maisu arkitektuekin eskritura sinatzeko.
  • 1668-7-7. San Inazio eguneko zezenketarako, korrejidorea eta bere emaztea gonbidatzea onartu zuten. Emakumearentzat aparteko etxe bat ere hartu zuten. Bestalde, askari bat prestatzea erabaki zen.
  • 1631-7-7. Probintziak 400 soldadu boluntario prestatuko zituen eta, hori herriak ordaindu behar zuenez, guztiaz jakinarazteko hilaren 12an meza nagusiaren ondoren herritar guztiak biltzea erabaki zuten. Dirutza handia zen herriarentzat, bi zatitan banatuta ordaindu behar bazen ere.
  • 1594-7-7. Marina Arregi hiltzean, Juan Arriagak Santo Domingo monastegiko patronatua bereganatu nahi zuen eta azpilanean herriko agintariak gonbidatu zituen. Baina jabetza ekimenari aurka egitea erabaki zuen herriak, herriaren aurkako asmoa baitzen.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan