Eguna: 1-10

  • 2013-1-10. Helduen danborradan 'Goizeko izarra' abestia jotzea onartu zuten danbor taldeek.
  • 2012-1-10. Xanti Rodriguez argazkilariak 'Fotografia y cine de animacion' liburua aurkeztu zuen.
  • 2011-1-10. Juan Orbegozo Alkorta 'Alegiko Juan' (1928) panderojolea hil zen. Azpeitiko Endaizpe baserrian jaio, handik urte batzutara joan zen Alegira bizitzera.
  • 2009-1-10. EAJk eta EAk Iñaki Errazkin alkatearen aurka sartu zuten zentsura mozioaren salatzeko manifestazioa egin zuten. Ehunka eta ehunka lagun elkartu ziren.
  • 1985-1-10. Jose Mari Bastidak hartu zuen ofizialki herriko alkatetza, Imanol Elias Odriozolak dimisioa eman ondoren.
  • 1979-1-10. Udalbatzarra bertan behera utzi zuten, behar hainbat zinegotzi ez zirelako agertu.
  • 1965-1-10. Inazio Ibarguren eta Agustin Lazkano neurtu ziren 112'5 kiloko harri zilindrikoarekin. Ibargurenek 158 bider altxatu zuen eta Lazkanok 148.
  • 1961-1-10. Errege magoen kabalgata eta danborradak kaleratu ondoren, Udalak Oargi taldeari 2.500 pezeta ematea erabaki zuen.
  • 1892-1-10. Martin Oiarzabal jaio zen. Urduñako Jesuiten Ikastetxean batxilergoa ikasi eta Comillasen (Espainia) egin zituen ondoren apaiz ikasketak. 'Zerurako bidea', 'Jesukristo gure Jaun eta Jainkoaren Bizitza eta Berri Ona', 'Santuen bizitza laburrak', 'El lenguaje vasco y Lati izkuntzaren joskera' dira haren lan batzuk. Orixerekin batera laguntzailea izan zen 'E. Gogoa' aldizkarian.
  • 1883-1-10. Ontzat hartu zuten Madalena auzunerako behar zen harria atera, landu eta garraiatzearen kontua.
  • 1883-1-10. Kexak azaldu zituzten bidaiariak eta merkantziak garraiatzen zituztenek, Artetxe ostatuaren inguruan eta herriaren barreneko sarreran bidea egoera txarrean zegoelako.
  • 1763-1-10. Herriak 66 baratza zituela jakinarazi zuten. Guztiak alokatu zituen, zerbait ordainduz.
  • 1739-1-10. Larunbatetan Tolosatik kartak ekartzen zituen Domingo Arzamendi azkoitiarrari 153 erreal ordaindu zizkioten, eta beste hainbeste ordaindu beharko zion Azkoitiko Udalak.
  • 1711-1-10. San Agustin komentuko obrak jarraitzeko, herriaren aldetik laguntza bereziagoa eskatu zuen Pedro Frantzisko Garaitondo fraideak.
  • 1711-1-10. Martin Zaldua maisuak, parrokian egin zuen bataio kaperako lana kobratu nahian, bigarren eskaera egin zuen, baina aurrez Udalak maisuen aldetik bera aztertzeko gogoa agertu zuen.
  • 1654-1-10. Maisu harginekin harremanak izan ondoren, parrokian egin behar ziren obra handiak enkantean jartzea erabaki zuten. Hamabost egunean behin egingo zuten enkantea Bazko eguna bitartean, esanez langintza hartzen zuenak sei urteren barruan amaitu beharko zuela: lehen unean mila dukat emango zizkioten eta beste 500 urtean. Herriko parrokian ez ezik, Urrestillakoan ere langintza honen berri adieraztea erabaki zuten, eta Gipuzkoako beste zenbait herrietara albisteak bidali zituzten, maisuek jakin zezaten.
  • 1642-1-10. Korrejidorearen idatzi baten aurrean, herritar eta biztanle guztiei zituzten armen berri herriko eskribauaren aurrean aitor zezaten dei egitea erabaki zuten, agindua betetzen ez zutenak bizia galtzeko arriskuarekin. Ohikoa zen bezala, agindua elizaren bidez -bai herriko parrokian eta bai Urrestillakoan- jakinaraztea erabaki zuten.
  • 1637-1-10. Bixente Lertxundi kapitainak idatzitako gutun baten berri eman zuten: orduan Frantziarekin zen gerrarako Probintziak eskainitako 600 soldaduetako bati -Pedro Astiazarani-, Azpeitiko herriak ez ziola agindutako soldatarik ematen adieraziz, ihes egin eta herriratu zela esanez. Gaiari buruz hitz egin ondoren, kapitainari erantzutea erabaki zuten, esanez erregeak ematen zuen soldata eta Probintziak soldadu bakoitzari emandako zilarrezko bi erreal eta libra eta erdi bizkotxo nahiko soldata zela, herriak ezer gehiago eman gabe. Esan zitzaion, era berean, Astiazaran soldadua orduan gaixo eta nahiko gaizki zegoela. Herriak beteta zuen, beste herriek bezala, bere eginkizuna.
  • 1589-1-10. Miguel Bikuña, San Agustingo priore berria, herriari eskaini zen, udalbatzarrean lehen aldiz agertuz.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan