Eguna: 3-16

  • 2020-3-16. Bertan behera utzi zituzten apirilaren 5era deituta zeuden Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak.
  • 2018-3-16. Haritz Mujika asteasuarrak irabazi zuen IX. Erniarraitz Bertso Txapelketa, Gaztetxean jokatutako finalean.
  • 2018-3-16. Iker Bueno Gipuzkoako Saskibaloi Federazioko kirol arduradun izendatu zuten.
  • 2011-3-16. Emakume baten gorpua aurkitu zuten arratsaldean Nuarbeko Ibai Eder urtegian. Hildakoa Amaia Azkue zen, Meagan (Getarian) bizi zen 39 urteko oriotarra. Herrizaingo Sailak hilketa izan zela baieztatu zuen biharamunean.
  • 2011-3-16. Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak Iñaki Etxarte atxilotzeko agindua eman zuen.
  • 2003-3-16. Goenatxo II.a eta Izeta II.a neurtu ziren 152 kilotako harri kubikoarekin, hamar minutuko hiru saiotan. Izetak irabazi zuen 89 altxaldirekin. Goenatxo erretiratu egin zen, bi lehen saiotan 62 altxaldi eman ondoren Izetak bezala.
  • 1931-3-16. Kristina plazatxoan zen iturria ixtea erabaki zuen Udalak, eta Iturritxikiko 1. zenbakiko etxearen azpian sortzen zen iturburuan herriak zituen eskubideak alde batera uztea, azken udan tifoidea sukarrak izurritea sortu zuen oinarria izan zelako.
  • 1925-3-16. Martzelo Guibert arkitektuak Lazaretoa eraikitzearen likidazioa aurkeztu zuen; hain zuzen ere, 20.009'16 pezetakoa guztira. Udalak ontzat hartu zuen aurkeztutakoa.
  • 1925-3-16. Madalena kalean altzari tailerra eta biltegi bat egiteko baimena eman zieten Segurola eta Errazti jaunei.
  • 1914-3-16. Udal zinegotzi eta idazkari lanetan ari zirenen alde herriko Musika Banda hiletara joatea erabaki zuten.
  • 1914-3-16. Eskerrak eman eta alkateari askatasun osoa ematea erabaki zuten ganaduen hiltegia egiteko eta Ziriako Azkarate parrokiko erretorearen oinordekoek inolako ordainketarik gabe eskaini zuten lurraldearen eskritura sinatzeko.
  • 1903-3-16. Elosiaga auzoko alkateari 225 zatiko ematea erabaki zuten, Nuarbe auzora bitartean bidea zabaltzeko.
  • 1903-3-16. Joxe Luis Beristaini bi lur zati erostea erabaki zuten, bi horiek zezen-plaza egiteko behar zen zatiarekin trukatzeko.
  • 1881-3-16. Ogasun ministroari Santo Domingoko kuartela eskatzea erabaki zuten, bertan kartzela berria egiteko.
  • 1876-3-16. Gobernadoreak eginiko eskaerari erantzunez, bakearen aldeko jaiak ospatzea erabaki zuten hil honen 20, 21 eta 22an.
  • 1857-3-16. Txagurekoa deituriko orubean etxea eraikitzeko Joxe Alberdik aurkeztu zituen planoak onartu zituzten.
  • 1808-3-16. Joxe Inazio Altuna alkateak jakinarazi zuen gestioak egiten ari zela Nikolas Inazio Odriozola erretoreak ez zitzan berriro hitz iraingarriak esan herriko agintarien aurka.
  • 1777-3-16. Peritu bat izendatzea erabaki zuten Arantzeta baserria ikusteko, haren jabe Miguel Alzagak esaten zuelako erabat erre zela, gela bat izan ezik.
  • 1777-3-16. Suteetako Elkartean sartzeko eskaera egin zuen Miguel Alzagak, derrama osoan Etxarreta eta Egibar baserriak, eta erdian, berriz, Aritzederra eta Igeraberri errota.
  • 1777-3-16. Pedro Eizagirrek egin zuen eskaera, Urrestillako Eizagirre-garaikoa derrama erdian sartzeko; eta Frantzisko Iburustetak, berriz, Nuarbeko Mirabe erdian sartzeko.
  • 1739-3-16. Orendaindietxea egiteko egurra ematea erabaki zen herriaren basoetatik, halakoetan ohikoa zen moduan. Zerbitzu horregatik ordaintzea erabaki zuten.
  • 1714-3-16. Maria Luisa Gabriela de Saboya erregina hiltzean, eta elizkizunerako, tumulu bat egitea erabaki zuten, albistea emanez herriari udalbatzar nagusian -hilaren 23an ospatuko zela-.
  • 1573-3-16. Parroki atzeko iturria egitea ordaindu zioten Martin Armentia maisuari, baita Urrestillan egin beharko zuena ere.
  • 1517-3-16. Behobiako gotorlekurako 12.604 marai eman zituen herriak.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan