Eguna: 2-19

  • 2021-2-19. Ekiola sozietateak sustatutako energia autokontsumorako lehen kooperatiba Azpeitian eratuko zela eta 400 bat familiarentzat autokontsumorako energia ekoizteko plaka fotovoltaikoak jarriko zituztela iragarri zuten EEEk, Kreanek eta Azpeitiko Udalak.
  • 2017-2-19. Jabier Bergara omendu zuten Udal Musika Bandaren karnabaletako kontzertuan, Bandan betetako 65 urteko ibilbideagatik.
  • 2014-2-19. Lapatx 2015eko apirilean itxiko zutela iragarri zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak.
  • 2010-2-19. Azpetiko Altzaga baserria Euskal Autonomi Erkidegoko Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartu zuten.
  • 2003-2-19. Martxelo Otamendi 'Euskaldunon Egunkaria'-ko zuzendaria, Baite Azpeitiko Euskara Elkarteak antolatutako hitzaldia ematen izan zen herrian, Aitonenan. Euskarazko prentsaren inguruan aritu zen. Hurrengo egunean Espainiako Justiziak 'Euskaldunon Egunkaria' itxi egin zuen eta Guardia Zibilak Martxelo Otamendi atxilotu egin zuen, Tolosan, bere herrian; beste bederatzi euskaltzale ere atxilotu zituzten.
  • 1967-2-19. Mikel Berakoetxea eta Joxe Inazio Orbegozo 'Arriya' neurtu ziren 20 enbor 54'' lanarekin. Berakoetxeak irabazi zuen 78' 14'' denborarekin, Arriya 17. enborrean erretiratu zen.
  • 1940-2-19. Agintariek, aho batez, militarrek hiltzera kondenatua zuten Joxe Odriozola Alberdirentzat indultua eskatzea erabaki zuten.
  • 1906-2-19. Jesusen Bihotzaren plaka bat jartzea erabaki zuten udaletxeko sarreran, eta aurrez ekintzari behar bezalako ospea emateko elizgizonekin harremanetan jarri ziren.
  • 1900-2-19. Musika Bandaren zerbitzua eskaini zuen Joxe Mari Iturbidek inauterietarako. Herriak ehun pezeta ordaindu zizkion, baina hark 50 pezeta bakarrik ematea erabaki zuen.
  • 1894-2-19. Sebastian donearen egunean eta inauterietako igande, astelehen eta asteartean aterako zituzten zezenak ordaindu zizkioten Bartolome Uzini.
  • 1890-2-19. Maltzagatik Zarautzera edo Donostiara egin nahi zuten bide estuko trenbidea egiteko Frantzisko Igartuak aurkeztu zituen oinarriak onartu zituzten. Batzorde bat ere izendatu zuten beste herrietakoekin batera gestioak egiteko.
  • 1890-2-19. Musika Bandako kideen eskaerari erantzunez, haiei ematen zizkieten bazkari eta askariak alde batera utziz, bakoitzari bazkariaren ordez bi pezeta eta askariaren ordez 50 xentimo ematea erabaki zuen herriak.
  • 1866-2-19. Arautegi bat osatuz, gauzain zerbitzua sortzea erabaki zuen Udalak.
  • 1855-2-19. Eliz kaleko 3. eta 7. zenbakia zuten etxeetan tabernak zabaltzeko baimena eman zieten Joxe Mari Arregi eta Tomasa Goenagari.
  • 1797-2-19. Diru beharrean zela, parrokiko atariko lanak geldituta zeudela adierazi zuen batzordeak. Baina gero herritar batzuk agertu ziren 22.000 erreal aurreratzeko prest eta urte baten barruan bueltan jasotzekotan. Eskaintza onartzea erabaki zuten.
  • 1763-2-19. Landetara eginiko bide berrian, Arretxe eta Ondarre baserrien inguruan egokitu beharreko pendizak altxatzeko lanen baldintzak prestatzea erabaki zuten.
  • 1734-2-19. Frantzisko Joseph Enparanen gutun bat jaso zuten agintariek, eta gutunak erregeak bere armadako teniente jeneral izendatu zuen berri eman zuen.
  • 1716-2-19. Ohiko erronda egiten ari zela, alkateak utzitako haur bat aurkitu zuen Enparan zubian, eta Juan Pomianoren etxean utzi zuen, hazi zezaten.
  • 1683-2-19. Diego Blanesek Sevillatik (Espainia) Elolaren ondasunak sortutako interesak bidali zituen, eta bere kaperauen artean banatu zituen herriak.
  • 1682-2-19. Erregearen izenean, Loiolaren jabetza Gipuzkoako korrejidoreak hartu zuen. Armarri errealak jarri zituen ate gainean.
  • 1596-2-19. Urte honetan, behintzat, emakumeei alkatearen baimenik gabe ogia saldu eta tabernari bezala lanean aritzea debekatu zieten.
  • 1579-2-19. Esaten zenez, azken bi urteetan ez zen organojolerik ez parrokian, ez Elola kaperan.
  • 1579-2-19. Bolibar maisuarekin eginiko eskritura kontuan izanik, parrokian egindako obrak aztertzea erabaki zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan