Eguna: 6-16

  • 2018-6-16. Aitor Mimenzak eta Alazne Iruretak irabazi zuten Urrestillako San Juan Herri Krosa.
  • 2007-6-16. Iñaki Errazkin EAE-ANVko zerrendaburua hautatu zuten alkate kargu-hartze ekitaldian. EAE-ANVk gehiengo osoa lortu zuen, EA eta EB-Aralar koalizioarekin gobernu akordiora iritsita. 1979tik EAJko alkatea egon zen herrian.
  • 1996-6-16. Herriarteko Pilota Txapelketa finala jokatu zuten Donostian, Atano III.a frontoian, Azkoitia eta Azpeitiaren artean. Azkoitiak irabazi zuen: 2-1.
  • 1902-6-16. Bizkortze Batzordeari Azoka plazako arautegia prestatzea eskatu zioten.
  • 1902-6-16. Jorratu ondoren, erabaki zuten hamabost mila pezeta ematea Zumarragatik Zumaiara bitarteko tranbia elektrikaren proiekturako.
  • 1897-6-16. San Agustin elizan zegoen udal patronatua agertzen zuen harria eskuineko horman jartzea proposatu zuen alkateak. Ez zen ontzat hartu beste agintarien artean.
  • 1895-6-16. Juan Abarrategi Errasti jaio zen. Iruñeko Euskal Jai frontoian agertu zen 1912an erremonteko pilotari bezala. Haren erretiroa eskumuturreko lesio batek aurreratu zuen.
  • 1841-6-16. Esparterori, herriarentzat San Agustin komentua eskatzea erabaki zuten.
  • 1822-6-16. Zulaika apaiza buru zela, 60 gazte herritar mendiratu ziren gauez, Beizamako apaiza Frantzisko Joxe Ezeizaren eta bertako zirujau Frantzisko Inazio Gorotidiren aginduen zain egon gabe.
  • 1819-6-16. Oñazko San Juan eliza altxatzeko Inazio Bixente Errazti perituaren plangintza ikusi eta gero, errematean jartzea erabaki zuten uztailaren 25ean.
  • 1813-6-16. Zazpi auzotan eta herri barruan kontribuzioa banatzea erabaki zuten, Antzuolako alkatearen eskaerak erantzuteko: 85 sukalde zituen Elosiaga auzoak, 204 zatiko; 46 Loiolakoak, 111 zatiko; 71 Izarraizpekoek, 171 zatiko; 72 Oñazkoek, 168 zatiko; 44 Arazkoek, 104 zatiko; 64 Eizagirrekoek, 192 zatiko; eta 38 Odriakoek, 90 zatiko.
  • 1741-6-16. Herritarren eskaerari erantzunez, parrokiko apaizei Sokorruko Andre Mariaren irudia ikusgai jartzeko eskatzea erabaki zuten. Horrela, errogatibak egin ahalko ziren euria eskatzeko, beharrezkoa baitzen.
  • 1675-6-16. Antonio Erkiziari ahalmena eman zioten zilarrezko 300 dukat zentsuan hartzeko. Diru horrekin, erregeak probintziari eskatutako 200 soldaduz osatutako taldea joango zen bederatzi herritarrei ordainduko zieten.
  • 1656-6-16. Ibarluze etxearen lurraldean baserri bat egiteko egurra eskatu zuen Inazio Atxaranek, eta baimena eman zioten.
  • 1637-6-16. Getaria eta Zumaiatik iritsitako albisteek ziotenez, Frantziako itsasontzi eta txalupa asko inguratu ziren portura. Herrira sartu nahi zutela ikusita eta, beraiek biztanle gutxi izanik, laguntza eskatu zuten etsaiei aurre egiteko. Bi herriek, zuten arriskuarekin jabetuta, kanpaiak joz eta pregoiaren bidez zabaldu zuten deia, herritarrak euren armekin arratsaldeko ordubietarako lurraldearen defentsan bidean jar zitetzen.
  • 1592-6-16. Elola katedrala irakaslerik gabe zen, probintzian eta probintzitik kanpo deialdiak zabaldu ondoren. Irtenbidea topatzeko, Salamancan (Espainia) bizi zen Juan Martinez Arzuagari idaztea erabaki zuten, irakasle bat aurkitu zezan.
  • 1560-6-16. Elolaren estudioa egiteko tokia erosi ondoren, almodenan jarri zen bera egiten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan