Eguna: 6-5

  • 2021-6-5. Xabier Iturraldek Euskal Herriko Uztai Txapelketa irabazi zuen, Iosu Valencianorekin bikotea osatuta.
  • 2021-6-5. Promozio mailako Buruz Buruko Txapelketaren finala jokatu eta galdu zuen Julen Egiguren pilotariak. 22-7 irabazio zion Peio Etxeberriak azpeitiarrari Iruñeko Labriten.
  • 2016-6-5. Independentziari buruzko herri galdeketa egin zen herrian. 4.781 pertsonek eman zuten botoa, eta hauek izan ziren emaitzak: independentziaren alde„ %94,56 (4.524 herritar); kontra, %3,98 (188); baliogabeak izan ziren 52 boto, boz guztien %1,1a; eta zuriak izan ziren 17 boto, bozen %0,36a.
  • 2010-6-5. Lan Mobel Iraurgi taldea Zilarrezko LEB ligara igo zen.
  • 2010-6-5. Eñaut Aranbarri Lan Mobel ISBko jokalariak saskibaloia utzi zuen.
  • 2002-6-5. Tokiko Agenda 21eko graduondoko ikastaroa egin zuten Azpeitian. Ingurumen Etxeko Ingurumen Hezkuntza proiektuaren baitan, Tokiko Agenda 21aren 'Udal kudeatzailea' izeneko graduondoko titulazioa jarri zuten martxan. Titulazioa Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailak eta Azpeitiko Udalak sustatu zuten, Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia Aplikatua I-eko Departamentuarekin batera.
  • 2002-6-5. Litaphar farmazi etxeak Azpeitian laborategi berria ireki zuen; Landetako industrigunean, hain zuzen.
  • 1987-6-5. Umeen Museoa inauguratu zuten, Egibar baserrian.
  • 1960-6-5. German Alberdi sendagileari omenaldia eskaini zioten.
  • 1955-6-5. Mikel Aldaz eta Ramon Azpeitia zezen-plazan neurtu ziren 8.000 metrotan. Aldazek 300 metroko abantaila zuen. Aldazek irabazi zuen, Azpeitia erretiratu egin zen-eta.
  • 1934-6-5. Olaizola zinegotziak proposatu zuen Kontseju plaza edo plaza Txikiari 'Sabino Arana' eta 'Goiriren Plaza' deitzea. Aho batez onartu zuten proposamena.
  • 1916-6-5. Udalak ontzat hartu zituen Ramon Kortazar arkitektuak enparantza Nagusian kioskoa egiteko prestatu zituen planoa eta aurrekontua, enkanterako baldintzekin batera.
  • 1847-6-5. Urrestillaren independentziaz azkenengo bozketa egin zuten eta ondorengo emaitzak izan ziren: 214 botoetatik 127 baiezkoak ziren eta 87 ezezkoak. Urrestilla, Nuarbe eta Elosiaga auzoak banatzearen alde azaldu ziren, eta Aratz-erreka eta Matxinbenta kontra.
  • 1797-6-5. Herri Batzarrak honako hau aktan idatzita uztea erabaki zuen: bai Gipuzkoako Batzar Nagusietara eta bai freskagarriak eskaintzean, herriak agintaritza eskuratzeko, gai ziren herritar guztiak gonbidatu behar zirela.
  • 1735-6-5. Herritar bereziekin egin zuten batzarra. Uztailaren lehen egunerako aginduta zegoen soldaduen txandaketa zen gai nagusia. Azken zozketa egitean sortutako iskanbilak gogoan izanda, eta berriro antzeko zerbait gerta zitekeela irudituta, Gorputz egunean parrokietatik honako hau adieraztea erabaki zuten: herrian ziren gizaseme gazte guztiek bakoitzak ezkutu bat eman beharko zuela San Juan egunerako. Aurrez, Donostiako presondegian zeuden hemezortzi soldaduek euren postuetan jarraituko zuten ordainketa on bat eginez gero. Horrela ezin bazen, zozketa egitea erabaki zen dirurik eman nahi ez zutenen artean.
  • 1693-6-5. Kontuan izanda herrira kanpotar behartsu asko etortzen zela eta herrian dagoeneko nahikoa behartsu zegoela -asko herrikoak bertakoak-, egoera hori nolabait moztu nahi zuten. Beraz, era guztietako kanpotarrak herritik bidaltzea erabaki zuten. Lan horretaz hiru udaltzainek arduratu behar zuten, eta ahalik eta azkarren, gainera.
  • 1665-6-5. Herri Batzarrean mendi eta basoak ikatzerako saltzea erabaki zuten, herriak zituen zorrak ordaintzeko. 60 boto jaso zituen batzarrean.
  • 1647-6-5. San Agustin komentuaren eta herriaren arteko auzian herriak irabazi zuen. Hala idatzi zuen auziko lekuko zen Martin Elizaldek. Herritar bereziei deitzea erabaki zuten, berehala etor zitezen. Elizaren atarian sententzia irakurri zuten kanpaiak jo ostean. Herritar asko bildu zen une batetik bestera, eta prozesioa egin zuten herriko kale eta errebaletan. Elizara itzultzean meza santua ospatu zuten eta zezen batzuk ateratzea erabaki zen.
  • 1640-6-5. Ehun laguneko konpainia osatu zuten, probintziak erregeari eskainitako bi mila gipuzkoarrek osatutako hogei konpainia osatzeko. Bertan ofizialak zeuden.
  • 1594-6-5. Agintariek eta apaizak urrestildarren jokaera aztertu zuten, ez zirelako agertzen eliza nagusiko prozesioetara eta letaniak egiten zituztelako ermiteetara. Soluzio bat aurkitzea erabaki zuten, baina erretoreak jakinarazi zuen Eizmendi ermitako giltza berak eman ziela.
  • 1524-6-5. Juan de Paris eta Katalina Zurbanoren arteko auziaren erabakia eman zuten Valladoliden (Espainia). Parisek adierazi zuen Zurbano kaperako egin zuen erretaulak 160 dukat baino gehiago balio zuela, eta Zurbanok prezio horretan egin zutela tratua. Urrezko 40 dukat gehiago ordaintzea agindu zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan