Eguna: 5-2

  • 2021-5-2. Sinhue Fernandezek (Lizarte) irabazi zuen txirrindularien Urrakiko Igoeraren 50. edizioa.
  • 2012-5-2. Legen Beltza musika taldeak jarduna etetea erabaki zuela jakinarazi zuen, hamahiru urte eta bost diskoren ondoren.
  • 2002-5-2. Batasunaren kontrako operazio polizial eta juridikoaren barruan, Orkatz Kultur Elkarteko diru kontuak blokatu egin zituzten, Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz.
  • 2002-5-2. Udalbatzarrean EHNA (Euskal Herriko Naziotasun Aitormen Agiria) Udalak tramitatzea eta horretarako berak baliabideak jartzea onartu zuten. Bai Euskal Herriaren mozioa Batasunaren bidez aurkeztu zuten, eta Batasuneko zinegotzien aldeko botoak eta EAJ eta EAko zinegotzien abstentzioa jaso zuen. Ondoren, EAJ eta EAko zinegotziek beste mozio bat aurkeztu zuten, eta bertan Udalbiltzari (EAJ eta EAko zinegotziek osatzen dutenari) ENAren gaiari buruzko azterketa sakona egitea eskatuko ziola esan zuten. Mozio horrek bi alderdion aldeko botoa eta Batasunaren abstentzioa jaso zuen. Beraz, bi mozioak onartu egin ziren.
  • 1924-5-2. Gurutz Ansola jaio zen. Lege eta Ekonomia Zientzietan lizentziatu zen. Ekonomiako gaiez euskaraz idazten aitzindarietakoa izan da; bi liburu ditu idatziak. Politikan ere aritu izan da. Esaterako, 1980-1987an Eusko Legebiltzarreko parlamentari izan zen, EAJtik. EA sortzean, horra pasatu zen eta EAko kide gisa Gipuzkoako Batzar Nagusietan presidente izan zen 1987-1991n. Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinakundeak 2005ean ohorezko bazkide izendatu zuen.
  • 1864-5-2. Santo Domingo komentuaren eraikinean egin behar ziren obren enkantea onartu zuten, ibai ondotik hasi eta enparantzan baratzara bitartean etxebizitzen aurreko aldeak berdinduz.
  • 1850-5-2. Fernando Etxeberria arkitektuak San Agustin komentuan egin nahi zituen obrei buruzko txostenaren eta aurrekontuaren berri eman zuten.
  • 1839-5-2. Herriko pentsionisten zerrenda egin zuten. 53 biztanlek osatzen zuten zerrenda.
  • 1788-5-2. Labeen etxe bat egitea derrigorrezkoa zela jabeturik, eta Juan Arzadunek prestaturik zeukan itxura gogoan izanik, harekin harremanetan jartzea erabaki zuten. Lurralde bat erosteko ideia aurrera eramateko behar ziren gestioak egitea erabaki zuten.
  • 1739-5-2. Erdi kaleko bi etxe guztiz erre ziren, sute handi baten ondorioz.
  • 1730-5-2. Gauean iritsitako Bergarako herriak idatzitako gutunari erantzutea erabaki zuten. Gaueko hamaikak igaro ondoren osatu zen zerrendan agertzen ziren 14 bat mandazain Mallorkako Bataloiari laguntzera joango zirela erantzun zuten. Baina mandazainek kexa agertu zuten azkenaldian herritik tropa bat pasatu zenean ordainketa kaskarra egin zietela-eta; beraz, hiru egun aurrez ordaintzea eskatu zuten. Herriak erabaki zuen Frantzisko Etxeberria bertara bidaltzea, gutun batekin, hiru eguneko soldata aurreraturik ordaintzea eskatuz, eta komisarioari ganaduak ondo zaindu eta tratatzeko eginkizuna zuela jakinaraziz.
  • 1701-5-2. Frantzisko Inazio Sorarrain eta Frantzisko Joxe Bikuñari ahalmena eman zieten Martin Zaldua maisuarekin bataioko kaperari buruz hitz egiteko.
  • 1694-5-2. Kanpotar behartsu guztiak herritik bidaltzeko egindua eman zuen probintziak bere garaian. Herriak agindu hori bete zuen, baina garbi ikusten zen batzuk behintzat itzuli egin zirela. Herrian zeuden behartsu guztiei, herritarrei salbu, ahalik eta azkarren bertatik irteteko agindua elizak emango zuela erabaki zuten.
  • 1671-5-2. Elizetan jakinaraztea erabaki zuten hurrengo egunean bertan, Izpiritu Santuaren Bazko bigarrenean, alardea egingo zela. 18 urte zituztenetik 60 urte bitarteko herritar eta biztanle guztiei arratsaldeko ordu baterako dei egin zieten enparantza nagusira. Agertzen ez zen herritarrarentzat bi mila maraiko isuna ezarri zuten eta biztanleentzat milakoa.
  • 1641-5-2. Juan Garai jenerala hurrengo egunean herriratuko zen albistea jaso zuten. Beste herrietan ongi-etorri berezia egin ziotela adierazi zuten. Beraz, Gipuzkoako herri berezienetakoa izanik, besteen mailan edo gaindituz ongi-etorria egitea erabaki zuten. Bidera irten eta Lorentzo Agirre idazkariak parrokiaren ondoan utzitako etxe nagusira iritsitakoan ongi-etorria egin zieten hari eta laguntzaileei. Herriaren kontura bazkaria ere eskaini zieten.
  • 1638-5-2. Inazio Mendizabali 210 zama ikatz saldu zizkioten, Lasao inguruko basoetan.
  • 1590-5-2. Udaletxeko areto nagusian liburuak eta herriaren pribilegioak jasotzeko erabiltzen zen kaxari lehenaz gain beste bi zerraila jartzea erabaki zuten. Aurretik zerraila bat zuen.
  • 1589-5-2. Antzinatik Santa Kruz ermitara, bere egunean, maiatzean eta irailean egiten ziren prozesioa eta letaniak aipatu zituzten, azken urteetan Vera Cruz Kofradiak parte harturik egin zirenak. Betidanik ezagututako ohitura zen hori, zerbait aldatuz. Antzinako erara prozesioa egun horretan egiteko Iruñeko apezpikuaren baimena zuen herriak; beraz, beraiek antolatzen zutena egiteko beste egun bat aukeratzeko esatea erabaki zuten kofradiako buruari.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan