Eguna: 10-20

  • 2016-10-20. Udalak eskatuta Soziolinguistika Klusterrak Azpeitian egindako hizkuntzen kaleko erabileraren neurketaren emaitzak aurkeztu zituzten. Apirilean egindako neurketaren arabera, azpeitiarren %81,9k hitz egiten zuen euskaraz kalean.
  • 2013-10-20. Aitor Zabaleta auto-gidariak irabazi zuen Urrakiko XXXI. Igoera.
  • 2012-10-20. Santos Iriarte 'Errekartetxo', Jesus Maria Oiartzabal 'Arantzeta', Jose Antonio Lopetegi 'Agerre II' eta Aimar Irigoien harri-jasotzaileak omendu zituzten Donostian, 'Harria 100' ekitaldiaren baitan.
  • 2010-10-20. Espainiako Doktoreen Erret Akademiak Doktoretza tesi onenaren saria eman zion Kizkitza Gurrutxagari.
  • 2004-10-20. Xabier Etxeberria 'Txapi' presoa Fresnesko kartzelatik Muretekora eraman zuten, Frantzian.
  • 2003-10-20. Eneko Etxeberria Egunkaria SAko lege ordezkaria Espainiako Auzitegi Nazionaleko gelan bertan atxilotu zuten, Juan del Olmo epailearen aginduz, 'Egunkaria'-ren aurkako sarekadan. Libre utzi zuen.
  • 1941-10-20. Gobernadore zibilak idatzitako gutun baten berri eman zuten. Dantza publikoei zegokionez, aurreko alkatearen politika bidea jarraitzea eskatu zuen, eta "ezmoraltasun" guztiak moztea.
  • 1912-10-20. Akilino Amezua organo-egilea hil zen, Donostian.
  • 1811-10-20. Alkateak jakinarazi zuen azken urtebete pasatxoan Joan Inazio Iparragirre udaltzainak desobedentzia jarrera zeramala eta, emandako arrazoiak gaizki harturik, herriaren alde ez zuela ezer egiten. Beste udaltzain bat izendatzea erabaki zuten, eta eskaerak egin zituzten Joxe Gonzalok eta Joxe Agirrek; Gonzalo aukeratu zuten.
  • 1811-10-20. Barrenola baserriaren inguruan utzitako neskato bat aurkitu zuten, gauean.
  • 1747-10-20. Agustindar fraideen probintzialak eta herriko prioreak erregutu zuten laguntza emateko herriaren aldetik erretaula nagusia egiteko, eta Udalak erabaki zuen eskaeraren berri Herri Batzar nagusian agertzea.
  • 1719-10-20. Frantziarren aurkako azken gerratean Donostiari laguntzera bidalitako herritar soldaduen kontuak ikusi ondoren, hilaren 22ko Herri Batzar nagusian horren berri ematea erabaki zuten.
  • 1709-10-20. Berriro adieraztea erabaki zuten, parrokien bidez, debekaturik zela garia edo artoa herritik kanpo saltzea, zortzi mila maraiko isunaren mehatxupean.
  • 1673-10-20. Pedro Arkaia kristaleroak esan zuen amaiturik zituela parrokiko leihoetako kristalak. Haiek ikustea erabaki zuten, eskriturak agertu bezala egin zituen jakiteko.
  • 1673-10-20. Sagardoa urarekin nahastuta egitea erabaki zuten, sagar gutxi izan zelako urte hartan. Herriko fidelak prezioa eman zuen, dastatu ondoren.
  • 1668-10-20. Alkateak adierazi zuen hurrengo egunean, igandean, parrokian agertzeko asmoa zuela Ana Lasaldek -Matias Inazio Zuazolaren emazteak-, eta, kontuan izanik aldaketaren bat egiteko asmoarekin izan zitekeela, neurriak hartzea egokia izan zitekeela pentsatu zuten. Arratsaldean herritar bereziekin bilera egitea erabaki zuten, eta bertan erabaki zen alkateari aldaketa egiten ez uzteko ahalmen osoa ematea.
  • 1666-10-20. Hilario Zabalak ordainketa eskritura sinatu zuen, Urrestillako parrokiko Errosario Kofradiaren alboko aldarea egin zuelako.
  • 1583-10-20. San Nikolas monastegiari saldutako ospitaleko eraikina kobratzea erabaki zuten.
  • 1583-10-20. Domingo Lopez Arandia herritik kanpoko Errazti etxera joan zenez bizitzera, bere fidel ofizioa uzteko eskatu zioten, eta horrela egin zuen.
  • 1570-10-20. Herriko alondegia handitzea erabaki zuten, Jeronimo Olazabali bere etxearen erdia erosita.
  • 1570-10-20. Parrokiko elizak argizulo bat edo hiru behar zituen eztabaidatu zuten. Azken batean, Pedro eta Martin Armentia maisuen eskuetan utzi zuten erabakia eta, haien iritzia hirukoa egitea zenez, herriaren aldetik ontzat hartu zuten.
  • 1562-10-20. Aurreko igandean meza berria eman zuen Juan Altunak, eta Urrestillan bigarren meza emateko baimena eskatu zuen. Ezezkoa adieraztea erabaki zuten, ordenantzak gogoan izanik.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan