Eguna: 12-11

  • 2020-12-11. Lagun Onak Mendi Bazkunak 75. urteurrena ospatzeko egitaraua aurkeztu zuen.
  • 2020-12-11. 'Gure mintzak' aurkeztu zuten Sanagustin kulturgunean. Azpeitiko eta inguruko herrietako kultur eta hizkuntza aniztasuna plazaratzea helburu zuen egitasmoak.
  • 2020-12-11. Langile bat hil zen Nuarbeko Errastiola zerrategian izandako lan istripuan.
  • 2015-12-11. 50. urteurreneko liburua aurkeztu zuten Karmelo Etxegarai eta Urola ikastolek.
  • 2010-12-11. Gallardok Azpeitiko bi lantegiak Brasilgo CSNri salduko zizkiola iragarri zuen.
  • 2009-12-11. Hodei Mendinuetak Bigarren Mailako estreineko partida jokatu zuen, Real Unionekin.
  • 1998-12-11. Xabier Euzkitze bertsolariak agur esan zion bertsolaritzari. Soraluzen egin zuen azkeneko saioa.
  • 1899-12-11. Herriaren argikuntza elektrikoa enkantean jartzeko baldintzak onartu zituzten. Baldintza horietan bost urterako kontratua izango zela eta urtean bi mila pezeta ordainduko zituela herriak jaso zuten. Bestalde, argikuntza zerbitzuak honakoa izan behar zuen: herri barruan eta inguruetan guztira 75 lanpara egon behar ziren pizturik, mugak ondokoak izanik: Harzubian, miserikordiako kaperauaren etxea, eta kartzelako eta epaitegiko eraikina. Arana-Errebalean, larruak lantzen zituenaren etxea; eta Madalenan, ermita bera. Kaleko argikuntzaz gain, udaletxeko ordularira eta bertako bulegoetara, helduen eskolara, marrazki eskolara, alondegira, posta bulegora, suhiltzaileen ur bonba zegoen lokalera, ganadu hiltegira, harategira eta herri epaitegira argia eman beharko zuen. Udalak lanparak alde batetik bestera aldatzeko ahalmena izango zuen aipatutako mugen barruan, instalazio berrietan eginiko gastuak bere gain hartuta.
  • 1899-12-11. Argikuntzaren ordutegiari zegokionez, urte osoan ilunabarra baino ordu erdi lehenago piztu behar ziren hurrengo goiza arte, gaueko hamaiketatik bostak arte argiaren indarra erdira jaitsita izanik. San Inazio festetan, aldiz, bezperan, egunez eta bigarrengoz, herriak argikuntza berezia nahi izanez gero, lanpara gehiago izateko aukera emanez, urteko beste bi egunetan bezala.
  • 1899-12-11. Urrestildarren txostena Diputazioko presidenteari bidali zioten, eta berak jarriko zuen Azpeitiko Udalaren eskuetan, gaiari buruz xehetasunak emateko eskatuz, erantzunez honek Urrestillako biztanleen artean iritziak jasotzeko, iruditurik gehiengoa ez zegoela txostena sinatzen zutenekin bat eginik. Ez zuten gogoko hartu azpeitiar agintarien proposamena, 1847ko ekainaren 5ean eginik azken bozketa: botoa eman zuten 214 pertsonen artean 127 Urrestilla herri apartekoa izatearen aldekoak agertu ziren eta 87 kontrakoak. Urrestilla, Nuarbe eta Elosiaga aldekoak, Aratz-erreka eta Matxinbenta kontrakoak.
  • 1895-12-11. Erdi kaleko 11. zenbakidun etxearen jabe Sebastian LarraƱagak karreran argi elektrikoa jartzea eskatu zuen. Berau jendearentzat Eliz kalerako pasabidea zela kontuan izanik, Udalak erabakia hartu aurretik gaia aztertzea erabaki zuen.
  • 1843-12-11. Urrestillako 11 biztanle aberatsenetakoek txostena bidali zuten Diputaziora. Txostenean, 1836ko urriaren 15ean emandako dekretuan oinarrituta, Urrestilla herri independentea izendatzeko eskatu zuten, lehenago zen bezala.
  • 1676-12-11. Tomas Eizagirre apaiza agertu zen batzarrean, erregeak emandako 11 pribilegio agintarien esku uzteko. Pribilegio horietatik batzuk parrokiko patronatuari buruzkoak ziren, besteak San Agustin monasterioa sortzean emandakoak, eta besteak parrokiarekin zerikusia zutenak ziren.
  • 1648-12-11. Fidelak adierazi zuen Malkorra errotarako bidea egoera larrian zegoela, gurdiak pasatu ezinda, eta hori zela-eta ezinbestekotzat jotzen zuela errotaren jabeek zubia konpontzea. Alkateak eta Larraar erregidoreak zubiaren egoera ikustea erabaki zuten, horren arabera errotaren jabeei zubi berria eginarazteko edo ez.
  • 1597-12-11. Domingo Iriartek San Agustin monastegirako eskatzen zizkioten bederatzi mila dukatei buruz herriarekin eskritura egin nahi zuela adierazi zuen. Baina herriak erabaki zuen guztia bertako fraideen jakinean jartzea.
  • 1597-12-11. Izurritearen beldur, herriko sarrera guztietan guardiak jartzea erabaki zuten.
  • 1596-12-11. Parrokiko planoak ikusi zituzten agintariek. Eta Pedro Martinez Urangari koruko itxura Joan Apoita maisuari eginarazteko agindu zioten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan