Eguna: 8-21

  • 2019-8-21. Kohlberg Kravis Roberts (KKR) Ipar Amerikako inbertsio funtsak Gallardo Balboa Taldea erosi zuen, eta funts horrek eskuratu zituen Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasao.
  • 1956-8-21. Arana auzoan 48 etxebizitza egiteko lurraldea prestatzeko baimena eskatu zuen Karlos Muñoz Guinea kontratistak, eta baiezkoa eman zioten.
  • 1934-8-21. Eperzelaite eta Iturriaga lasterka neurtu ziren zezen-plazan. Lehenena erretiratu egin zen.
  • 1916-8-21. La Vascongada autoen enpresak herriak udaltzain bulegoaren ondoan utzitako lokaletan obra batzuk egiteko baimena eta luzapena eskatu zuen. Baiezkoa ematea erabaki zuten.
  • 1899-8-21. Alkatearen mozioa onartu zuten eta Juan Bikendiri bera bizi zen etxeko balkoietan burdinsarea jartzeko eta etxeko gelara sartutako pilotak jokoan zirenei berehala itzultzeko agintzea erabaki zuten -frontoiaren kontra bizi zen-.
  • 1893-8-21. Batzordea izendatu zuten irailaren 10, 11 eta 12an Abbadie jaunak babestuta herrian ospatuko zituzten Euskal Jolasak ekintzaz erantzuteko. Batzordea parrokiko erretoreak, Joxe Mari Muguruzak, Angel Arresek eta Juan Clementek osatu zuten.
  • 1893-8-21. Probintziako Batzordeak lurraldeko epaitegia berriro martxan jartzeko gestioak egiteko prest zela adierazi zuen gutun baten bidez.
  • 1893-8-21. Eliz kalean bizi ziren Eugenio Amenabar eta beste batzuek, gauzainek beste kaleetan egin ohi zuten bezala Eliz kalean ere orduak kantatzeko agintzea eskatu zuten. Udalak horixe egitea erabaki zuen.
  • 1790-8-21. San Inazio bezperan eta egunean eraikinak argitzeaz Santo Domingo eta San Agustin komentuekin herriak gutun bidez izandako harremanak ikusita eta elkarrekin hartutako erabakiak gogoan izanda, bi komentuei urte horretan hartutako erabakiak bete ez zituztelako herriaren sentimendua azaltzeko gutuna idaztea erabaki zuten.
  • 1788-8-21. Frantzisko Xabier Mariategi lizentziatuak, herriak eskatuta, Bustinzuri etxeko dolareez emandako iritziaren berri jakinarazi zuten. San Agustin komentuak Joakin Antonio Mendizabal lizentziatuari salduak zizkion dolareak.
  • 1763-8-21. Herriko basoen zaintzaileak adierazi zuen Atxumarriaga baserriko Domingo Goenagak txondor bat erretzean haizeak emandako txinpart baten bidez Kutxaingo zuhaiztiak su hartu zuela. Gutxienez, 50 haritz galdu zirela era jakinarazi zuen. Goenagak toki berean 50 haritz landatu beharko zituen eta, bi orri izandakoan, herriaren eskuetan utzi.
  • 1763-8-21. Eskribauak adierazi zuen parrokiko ordulari berria egiteko baimena iritsi zela. Ordularia Guillermo de la Prada maisuak egingo zuen 3.300 errealean eta ordulari zaharraren truke. Parrokiko etxezainari horixe egiteko baimena ematea erabaki zuten.
  • 1743-8-21. Inazio Ibero maisuak Loiolako San Inazioren erretaula parrokian egiteko baldintzak aurkeztu zituen.
  • 1742-8-21. Parrokiko erretaula nagusia margotzeko Inazio Segurolak jarritako andamioak kendu egin zituzten.
  • 1742-8-21. Parrokiko erretaula nagusia amaitzean festa antolatzea erabaki zuten, eskerrak eman eta ospatzeko. Lurraldeko zezenkoak jolastu eta bezpera gauean herria argitu zuten.
  • 1671-8-21. Herritik Lasao auzora bitarteko bidean konponketa lanak egitea erabaki zuten.
  • 1670-8-21. Manuel Eleizalde erregidoreak, Frantzisko Korta apaizaren ordezkari bezala, parrokiko lehen pilarean eta Ebanjelio aldera San Joseren aldarea jartzeko baimena eskatu zuen. Herriak baiezkoa eman zuen.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan