Eguna: 9-1

  • 2010-9-1. Joxe Arregik fraidetza utziko zuela baieztatu zuen.
  • 2010-9-1. Eguzkiñe Peña futbol jokalaria fitxatu zuen Realak hiru urterako.
  • 2004-9-1. Miren Odriozola Euskal Herritarrok-eko zinegotzi ohia, Udalbiltza auzia dela-eta, deklaratzera deitu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalera, Madrilera. Deklaratu ondoren aske utzi zuten.
  • 2000-9-1. Jokin Urangak Zarauzko XXIV. Lizardi Bertsolari Saria irabazi zuen.
  • 1941-9-1. Alkateak Vista Alegre pilotalekuko jabeekin urtebeterako egindako kontratua ontzat hartu zuten. 1.500 pezeta ordaindu zuen.
  • 1918-9-1. Irigoien eta Arzamendi pilotariak neurtu ziren Berolegi, Salsamendi eta Begaren aurka, eta bikoteak 50-38 irabazi zuen. Arzamendi 1921ean Habanara joan zen, Fronton Nuevo inauguratzera, erremonte pilotarien buru.
  • 1870-9-1. Alkatetza lanak egiten ari zen Juan Mari Etxaniz eta zera adierazi zuen: hilaren 29an herrian izan zen altxamenduan parte hartu zutenek ez zituztela armak lortu parroki inguruko arma fabrikatik -hasiera batean hala pentsatu zuten-, baizik eta parrokitik bertatik atera eta zabaldu zirela armekin; korurako eskaileraren leihoetatik jaso zituzten armak, seguruenik koruaren atzeko gelan egon zirelako ezkutaturik. Ondorengoa ere adierazi zuen Etxanizek: hurrengo egunean ez zirela parrokira bertako apaizak agertu, baina bai Joxe Bixente Oñatea eta Tomas Agirrezabalaga, Tomas Uria, Frantzisko Goenaga eta Hermenegildo Amezua kapilaua, huts eginik erretoreorde Agustin Jauregi, Joxe Inazio Elorza, Joxe Inazio Galdos, Frantzisko Lapeira, Remigio Abarrategik eta Joxe Inazio Aldalur organojoleak. Beraz, zioen ez zela kantatutako mezarik eta organorik izan, koruko eskailerarako sarrera barrutik itxita baitzen. Etxanizek, abuztuaren 31n, Joxe Inazio Elorza eta Frantzisko Lapeira agertu zirela adierazi zuen, baina orduan ere zuten ospatu kantatutako mezarik, ezta organorik entzun ere ohi bezala. Azkenik hartu zituen neurrien berri eman zuen, eta ontzat iruditu zitzaizkien gainontzeko agintariei.
  • 1837-9-1. Diputazioak hilaren 23an sinatutako ofizioaren berri eman zuten, alkate berria izendatzeko aginduz; azkeneko Herri Batzarrean aukeratutako Bixente Gastañaga ez zuten ontzat hartzen. Diputazioari bidalitako idatzia irakurtzeko eskatu zuten eta, bertan agertzen zenez, Diputazioarekin leial jokatu zuten beti, ontzat harturik gainontzeko agintarien aldetik. Aipaturiko txostena irakurri zuten guztiek entzuteko eran, eta azkenik aukeraketa egin behar zuten hirurek Antonio Arregi izendatu zuten alkatetzarako.
  • 1781-9-1. Inolako lurrik ez zutenei txerriak hazteari utzi beharko ziotela adieraztea erabaki zuten, eta horretarako beraien zerrenda prestatu zuen Urdapilleta erregidoreak.
  • 1781-9-1. Herriak San Inazio bezperan eta egunean gauez argiak jartzeko eskatuz bidalitako gutunari erantzunez jaso zituzten San Agustin eta Santo Domingo komentuetako prioreen idatziak, agindua betetzeko prest zirela agertuz. Baina San Agustin komentukoak eskatu zuen urtero gogorazteko egunak iritsi aurretik, gutun baten bidez nahiz agintarietako bat komentura agertuz. Herriaren nahia zen, ordea, gau horietan egiten zuten komentuen argitzea ohitura izaten jarraitzea, eta berriro San Agustingo prioreari idaztea erabaki zuten.
  • 1781-9-1. Azkenaldian ospatutako Probintziako Batzar Nagusien aldetik herriari ehun pesoko laguntza ematen ziotela jakinarazi zuten, parrokian -batez ere, sakristian- egin nahi zituzten lanak ordaintzeko.
  • 1747-9-1. Herritar bereziekin egindako batzarrean, Udalari ahalmena eman zioten nahi zuen prezioan eta baldintzetan herriko teilariarekin eskritura berria egiteko.
  • 1715-9-1. Udalak parrokiko erretoreari ondorengo oharra zabaltzea eskatu zion: herriari buruzko agiriak zituztenek zortzi egunen buruan itzuli beharko zituztela, herria prest baitzen eskomiku bat ekartzeko.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan