Eguna: 2-14

  • 2005-2-14. Garikoitz Etxeberria 'Kafe' Haika-Segi auzian inputatuak deklaratu eta erakunde horietako kide izatea ukatu zuen epailearen aurrean, Madrilen. Epaiketa otsailaren 7an hasi zuten.
  • 1988-2-14. Urola trenaren aldeko manifestazioa egin zuten herrian.
  • 1986-2-14. Azpiazu anaiek parrokiko organoan konponketa lanak egin ondoren, Joxe Manuel Azkuek kontzertua eskaini zuen. Hurrengo egunean, Esteban Elizondok beste bat eman zuen.
  • 1984-2-14. Epaitegi berria egin zezan, Espainiako Epai Ministerioari lurralde bat eskaintzeko espedientea martxan jartzea erabaki zuen herriak.
  • 1984-2-14. Herriko Udaltzaingoaren arautegia onartu zuten.
  • 1938-2-14. Udalak, aho batez, hilerrian panteoi bat altxatzea erabaki zuen, Jainkoa eta Espainiaren aldeko gurutzadan euren bizia Jainkoaren eta Espainiaren alde eman zuten 'San Inazio tertzioko' soldaduek hilobitzat izan zezaten. Era berean, Perez Arregi enparantzatxoan monumentu bat altxatzea ere erabaki zuten, Espainiako azken gerratean bizia eskaini zuten Azpeitiko semeak gogoratuz.
  • 1923-2-14. Alkateak San Millango markesari herriak bere lurraldeak erosteko 50.000 pezeta ordaindu zizkiola jakinarazi zuen. Gero, bere etxea bota zen, Urola trenaren geltokira bide egoki bat egiteko.
  • 1898-2-14. Fruktuoso Oiarzabalek eta beste herritar batzuek frontoia egitearen aurkako kexa egin zuten, baina lehenik behintzat, Udalak ez zuen aintzakotzat hartu.
  • 1859-2-14. Juan Amezua organo egilearen idatzi baten berri eman zuten, eta Joxe Juan Santestebanek parrokiko organoaren azterketan aurkitutako akatsei buruz zenbait xehetasun ematen zituen. Herriak erabaki zuen, berak zioen bezala, hilabeteren barruan Santestebanek aurkitutako akatsak behar bezala konpondu beharko zirela eta, batez ere, teklatuaren gogortasuna.
  • 1850-2-14. Buletin ofizialean hil honen 13an argitaratutako auziaren berri akta liburuan idaztea erabaki zuten. Herriak Juan Bautista Altuberekin zuen auziaren berri, hain zuzen ere. 1821etik 1823ra bitartean lurren erosleak txartel arriskutsu eta faltsuak aurkeztu zituen, onak eta baliagarriak izango balira bezala, eta oraindik aurkezteko zituenak lehenbailehen ager zitzan eskatu zioten, edo, bestela, haiek ordaintzeko eskatu zuten.
  • 1768-2-14. Hamalau urtetik beherako mutikoak aizkora batekin basora joatea erabaki zuten. Eta aizkora galduz gero, gurasoak zigortuak izango zirela ere adierazi zuten.
  • 1767-2-14. Konturatuz baimenik gabe ogia egiten zuten emakume batzuk saltzaile lanetan ari zirela, hamabi bakarrik izendatu zituzten herrirako eta beste bi Urrestillarako.
  • 1732-2-14. Udalak agindutako Amuko bidearen zati bat ordaindu zuten.
  • 1707-2-14. Arizubiagako burdinola alokatuta zuen Miguel Zuazolari baimena eman zioten konponketak egiteko herriko basoetan egurra ebakitzeko.
  • 1683-2-14. Erretoreari, Madalena ermitan egiten ari ziren konponketa lana gelditzeko agindua ematea erabaki zuten, herriak han zer egin behar zen ikusi artean.
  • 1683-2-14. Bixente Korta zurginak herriko dorrean egin zituen lanak. Juan Zelaiaran eta Frantzisko Odriozolak begiratu ondoren, 190 erreal ordaintzea erabaki zuten hari.
  • 1653-2-14. Hilaren 17an Bidaniko San Bartolome elizan egingo zuten batzar berezian erregeak eginiko soldaduen eskaerari erantzuteko, herriak nolako erabakia agertu behar zuen erabakitzen ahalegindu ziren agintariak, baina nahiko iskanbila sortu zen eta azkenean bozketa bidez hartu zuten erabakia.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan