Eguna: 11-16

  • 2014-11-16. Inazio Agirre 'Ederti' hil zen. Umeen danborradako aurreneko karrozaren egilea (1958), 2005a bitartean 37 karroza egin zituen.
  • 2013-11-16. Libre Eguna egin zen herrian, 'herriko tabernen' auzian eta Segiren kontrakoan auzipetutako Orkatz Elkarteari eta Olatz Izagirreri babesa emateko.
  • 1958-11-16. Zeledonio Alzibar eta Felipe Uranga zezen-plazan neurtu ziren 8.000 metrotan. Lehenak irabazi zuen, 36.06.3/5ean. Bigarrenak 36.18.4/5 behar izan zuen.
  • 1931-11-16. Gestora Batzordeak, langabeziaren zerga berezia eta deitura bereko egun bat sortzeko proiektuaren berri eman zuen, langabezian ziren langileentzat dirua biltzeko. Zinegotzien aldetik azterketa egitekotan gelditu ziren, unean beste erabakirik hartu gabe.
  • 1914-11-16. Udaletxearen kanpoko obrak egiteko baldintzak onartu zituzten.
  • 1880-11-16. Serafin Tapia kexu zen, egunaren edozein ordutan eta kalean txerriak hil eta erretzen zituztela esanez. Udalak bandoa ematea erabaki zuen, horrelako ekintzak debekatuz.
  • 1874-11-16. Herriko tertzio taldeen kapitain Ramon Azpiroz, Lukas Etxeberria eta Anselmo Kanposek euren taldeak nolabait uniformatzeko laguntza eskatu zuten, gastu handirik egin gabe; beste herrietako taldeek, herriak ordaindurik, blusa batzuk zituztela jakin zuten. Udalak blusa horietakoak erosteko batzordea izendatzea erabaki zuen.
  • 1874-11-16. Azpeitian zen artileriako komandanteak herriari San Agustin komentuko giltza eman zion, eta Udalak erretorearen eskuetara pasatzea erabaki zuen, ahal zen azkarren beharreko lanak egin eta komentuko elizan elizkizunak izan zitezen.
  • 1868-11-16. Joan Amezuak parrokirako egin zuen organoa ikusteko aukeratzeko, eta Nikolas Ledesma eta Joan Covadongak bidali zituzten gutunak irakurri ondoren, lehenak haren ordez Aldalur organo-jolea izendatu zuen eta bigarrenak Kandido Aguado. Aldalur guztiaren jakinean uztea erabaki zuten, iritzia ager zezan.
  • 1814-11-16. Herria une larrian zegoen; besteak beste, bertan zegoen tropari hornikuntza egiteko diru sarrerarik gabe. Hori kontuan hartuta, probintziari guztiaren berri jakinaraztea erabaki zuten.
  • 1811-11-16. Alkateak Tolosako lurraldeko komandante Lefebrek idatzitako gutuna aurkeztu zuen, eta jakinarazi herrian zen indarra gehitzeko beste 150 soldaduz osatutako konpainia herriratuko zela egun hartan bertan; 300 laguneko taldea osatuko zuten horrela. Probintziko Kontseiluari guztiaren berri jakinaraztea erabaki zuten, herriari hornikuntza egitea ezinezkoa egiten zitzaiola agertuz, orduan alerik ez zuelako, ez haragirik eta ez gainontzeko janaririk; neurriak har zitzan eskatu zion. Alkateak, herriak hurrengo eguneko iluntzerako laguntzarik ez bazuen jasotzen, troparekin batera alde egingo zuela jakinaraztea erabaki zuten, ezinezkoa egiten zitzaiolako ikustea herrian zer gerta zitekeen. Lefebrek exekuzio militar bat egiteko agindua zuela esatea ere agertu zioten.
  • 1754-11-16. Korrejidoreak gutun baten bidez adierazi zuen usoek soroetan nolako kalteak egiten zituzten, eta azkenaldian areagotu egin zirela. Usoak tiroz akabatzeko baimena eman zuen, urria eta azaroan zehar, baina inolako tresna debekaturik erabili gabe, sareak edo antzekorik.
  • 1644-11-16. Herriak landarategiei buruz erabaki interesgarriak hartu zituen.
  • 1640-11-16. Hurrengo urteko urtarrilaren erdi aldera Pasaiara bidean jarri beharko zuen herritar soldadu taldeari buruz hitz egiteko, hurrengo igandean elizen bidez San Andres egunean eta bezpera elizkizunaren ondoren udaletxean bilera egingo zela jakinaraztea erabaki zuten. Bertara joaten ez zenari bi mila maraiko isuna ezarriko zioten.
  • 1566-11-16. Joan Otxoa Uranga eta Frantzisko IbaƱez Garagarzari Sevillara (Espainia) idaztea erabaki zuten, Elolaren kaperako organoa noizko izango zen prestaturik esateko herriari Eguberrietarako albistea bidaltzeko esanez, eta zenbat ordaindu beharko zen ere bai.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan