Eguna: 11-5

  • 2014-11-5. Antxieta Arkeologia Elkartekoek Ezkuztako kobazuloan aurkitutako Madeleine aldiko bi haga aurkeztu zituzten.
  • 2010-11-5. Berria egunkariarekin elkarlanean, proiektu berria abiatu zuen Hitzak.
  • 1999-11-5. Uztarria Azpeitiko herri aldizkariaren 1. zenbakia kaleratu zuen Uztarria Kultur Koordinakundeak.
  • 1993-11-5. Xabier Alday idazleak 'Bala zeru urdina' bere lehen olerki liburua aurkeztu zuen.
  • 1981-11-5. Garmendia eta Sanjuandegi auzoen arteko lurrazpiko pasabidea egitearen ardura eman zioten Imanol Lazkanoren enpresari. Proiektua, Estanislao Narbaizak eginikoa zen.
  • 1981-11-5. Urte hartako otsailaren 12an eginiko batzarrean Udalak Izarraitz Kooperatibari ikastola egiteko lurraldea eskaintzea erabaki zuela jakinarazi zuten -80 urteko eperako-, baina egokia iruditu zen ordaindu beharko zuena izendatzea, eta kooperatibari 50.000 pezeta eskatzea erabaki zuten.
  • 1945-11-5. Alkatearen proposamena onartuz, alkate izandako Joxe Alzuru zenaren erretratu bat alkatetzako bulegoan jartzea erabaki zuen Udalak, 'Aita gurea' errezatu zuten ondoren.
  • 1933-11-5. Joxe Antonio Oiarzabal alkateak, Hego Euskal Herriko Estatutuari buruz egun horretan bertan egindako plebizitoari buruz esan zuen Azpeitian %98 Estatutuaren alde agertu zirela eta bakar bat ere ez aurka. Telefonoz jakin zuenez, beharreko %66 gainditu zuten Araban eta Bizkaian ere. Emaitza horiek ospatzeko, Musika Banda kaleratzea erabaki zuten eta udaletxeko balkoian, Espainiako bandera ez ezik, ikurrina zintzilikatzea ere bai.
  • 1884-11-5. Felix Barrenak zezen-plazarako egindako hesi eta lan berriei buruz zeukan iritzia jakinarazi zuten.
  • 1814-11-5. San Agustin komentuan zeuden lau konpainia bertatik atera nahirik, herriaren harategi etxea, udaletxea eta Etxaniz etxea eskaintzea erabaki zuten, eta Bixente Errazti maisuari agindu zioten komentua ikustea, hondamenean zen edo ez jakiteko.
  • 1775-11-5. Alkateak esan zuen egun hartako goizean haur utzi bat aurkitu zutela beheko errebaleko etxeetako leiho batean, eta bataiatu egin zutela berehala; 'Maria Inazia Azpeitia' deitura jarri zioten. Zailtasunak ikusi zituzten herriaren kontura hazteko, eta iñude baten bidez Iruñeko Ospitale Nagusira eramatea erabaki zuten; ohiko limosna eman zioten bertako administrariari.
  • 1712-11-5. Herriak Martin San Martin teilariarekin egin zuen eskritura, 1713ko San Miguel egunera bitartean 50.000 teila eta 25.000 adreilu egiteko. Mila teila zilarrezko 45 erreal ordaindu zizkioten eta mila adreilu bakoitzeko zilarrezko 37 erreal.
  • 1700-11-5. Probintziak bidaltzen dituen albisteak aztertu zituzten Herri Batzarrean eta, esaten zenez, Frantziako erregea jendetza handia biltzen ari zen probintziaren muga inguruan. Derrigorrezkoa ikusten zuten herritar armatuak irten beharko zirela behar zen tokira lehen deialdia jasotzean, eta aho batez erabaki zuten Manuel Altunari ahalmena ematea herriaren izenean lau mila zilarrezko dukat lortzeko, ondoren Hondarribira irten beharko zuten laurehun herritar soldaduen gastuei aurre egiteko.
  • 1680-11-5. Bizkaiko Batzar Nagusiek, Gernika-Lumon egindako bilkuran, Loiolako Inazio deuna izendatu zuten herrialdeko patroitzat.
  • 1630-11-5. Italian izurritea zabaltzen ari zen eta, alde honetara arerioak ekar zitzakeela kontuan hartuta, herrian guardiak egitea erabaki zuten Bustinzuriko gurutzean, Madalena ermitan eta Enparan errotaren inguruan, postu bakoitzean bi guardia jarririk egunean, txandaka, agintariek prestaturik zuten zerrenda jarraituz. Egunez eta gauez atzerritarrei eta ingurukoei herrian sartzen ez uztea agindu zieten, baldin eta oso ezagunak ez baziren, eta horrela izanik ere alkatearen baimena beharko zuten.
  • 1573-11-5. Elolak sortutako Gramatika katedra irakaslerik gabe zela deklaratzea erabaki zuten, Joan Ormaetxea orduko maisua "eroturik" zegoela-eta.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan