Eguna: 9-24

  • 2020-9-24. Miren Gorrotxategiren '33 ezkil' liburuan oinarritutako 'Hil kanpaiak' filma estreinatu zuten Donostiako 68. Zinemaldian.
  • 2017-9-24. Saskibaloiko Euskal Kopa irabazi zuen Sammic ISBk, Araberri 76-62 mendean hartuta, herriko kiroldegian.
  • 2014-9-24. Azpeitiko baratze parkea inauguratu zuten, Otzaka aldeko eta Olatz ondoko sailek osatutakoa.
  • 2010-9-24. Frantziak 18 urteko zigorra ezarri zion Joseba Segurola 'Xegu'-ri.
  • 1944-9-24. Lagun Onak Futbol Taldeak bere lehen partida ofiziala jokatu zuen Azkoitian, Alzibar zelaian, Soraluze taldearen aurka. 2-0 irabazi zuen. Joxe Manuel LarraƱagak sartu zituen golak.
  • 1866-9-24. Lehen instantziako Epaitegiaren kartzela berrien planoa aurkeztu zuten, aurrez Fernando Etxeberria arkitektuak prestatua, eta Udalak erabaki zuen ahal zen azkarren San Fernando Arte Ederren Akademiako eskuetara pasatzea, ontzat har zezan. Derrigorrezkoa iruditu zitzaien horrela egitea, eta bitartean guztia prestatu zuten haiek egiteko.
  • 1855-9-24. Herriko enparantza zabaldu nahi zuten -batez ere, azokak egiteko-, Santo Domingo komentuko eraikinaren aurreko aldea atzeratuz horretarako. Hala, Altuna alkateari ahalmen osoa ematea erabaki zuten, herriaren izenean gobernuaren aurrean behar ziren gestioak egiteko.
  • 1831-9-24. Herriko etxeen arteko karkabak garbitzea derrigorrezkoa ikusi zuten, kutsadura eta gaixotasunak sor ez zitezen, batez ere orduan lehor zelako. Europan izurrite gogorra zen, eta alderdi honetarako bidea harturik, gainera. Herriak ordainduta, garbiketa egitea erabaki zuten, denborarik galdu gabe, ondoren herritarren artean banatuz gastuak.
  • 1823-9-24. Diputazioak erantzun egin zion herriak eginiko kontsultari -Inazio Ibero lizentziatua, Inazio Mari Zabala 'Antxieta' eta Joxe Inazio Zuazola izan zitezkeen edo ez agintaritzan galdetu zuten, haiek Espainiako Konstituzio erregimenarekin bat eginik izan zirelako-. Diputazioaren arabera, herriko alkateak jaso behar zituen haien deklarazioak, emandako aginduak gogoan izanik. Azkenik, Gorostidi koronelari gutuna idaztea erabaki zuten gertatzen zenaren berri emanez, berak adieraz zezan, inolako oztoporik ez bazuen behintzat, haiei buruz nolako iritzia zeukan, eta zenbaterainoko zerikusia izan zuten Espainiako Konstituzio erregimenarekin. Udalari iruditzen zitzaion horrekin bat eginik izan zirela.
  • 1666-9-24. Ustekabean elurrik gabe gelditu zela adierazi zuen Inazio Odriozola hornitzaileak, nahikoa jaso zuela uste bazuen ere. Herriari esan zion beste herri batzuetako hornitzaileekin gestioak egiten ari zela behar zena inguratzeko, hutsegitea barkatzeko eskatuz. Emandako hitza bete beharko zuela esatea erabaki zuten, nahi zuen tokitik elurra ekarrita, baita zerbait gehiago ordaindu behar bazen ere.
  • 1569-9-24. Gorputz egunean, ondorengoan eta San Sebastian egunean ezpata dantza egin zutenei ordaindu egin zien herriak.
  • 1568-9-24. Barrenolan bizi zen Martin Perez Barrenola eskribauari agindu zioten herrian bizi behar zuela, bere ofizioan lana egin nahi bazuen behintzat.
  • 1534-9-24. Enparango zubiaren konponketak ordaindu zituen herriak. Izan ere, zimenduak jaten zituen urak bere pilareetan.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan