Efemerideak

  • 2021-1-23. COVID-19aren eragina arintzeko eta tokiko ekonomia nahiz industria bultzatzeko sustapen plana adostu zuten EH Bilduk eta EAJk elkarlanean. 1,7 milioi euro bideratu zituzten sustapen planera.
  • 2020-12-26. Promozio mailako Lau eta Erdiko Txapelketaren finala jokatu zuen Julen Egiguren pilotariak. 22-5 galdu zuen, Elordiren kontra, Tolosako (Gipuzkoa) Beotibar pilotalekuan.
  • 2020-12-26. 'Zerotik hasi' diskoa plazaratu zuen Espartzu taldeak.
  • 2020-12-21. Azpeitiko Argazki Elkarteak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak Juan Joxe Agirreren oroimenez antolatutako Zuhaitza argazki lehiaketaren sariak banatu eta erakusketa ireki zuten Betharrameko aretoan. Jose Antonio Fernandez bilbotarrak irabazi zuen lehen saria, 'Fuego' argazkiarekin.
  • 2020-12-21. Festarik ez zen ospatu Santo Tomas egunez, COVID-19aren pandemiarengatik hartutako neurri murriztaileak tarteko.
  • 2020-12-20. Oihana Orbegozok irabazi zuen, Amaia Aldairekin bikotea osatuta, Binakako Emakume Master Cup Laboral Kutxa esku pilota txapelketa, Naroa Agirre eta Patri Espinar 22-15 mendean hartuta. Arrigorriagan (Bizkaia) jokatu zuten finala.
  • 2020-12-20. 'Schubert nunca trabajó en Justicia' liburua kaleratu zuen Miren Alcedok.
  • 2020-12-17. Herriko gizarte zerbitzuak zein baliabideak hobetzeko hitzarmena sinatu zuten Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.
  • 2020-12-15. Euskararen Urrezko Bikain ziurtagiria jaso zuen Artxara kooperatibak.
  • 2020-12-13. Promozio mailako Lau eta Erdiko Txapelketaren final laurdenetan neurtu zituzten indarrak Julen Egiguren eta Jon Alberdi pilotari azpeitiarrek. Egigurenek irabazi zuen, 22-14, Eibarko (Gipuzkoa) Astelena pilotalekuan.
  • 2020-12-12. Iokin Agirrek Euskadiko Rallysprint Txapelketa irabazi zuen.
  • 2020-12-12. 2020ko Kirol Saririk ez banatzea erabaki zuten udalak eta Kirol Mahaiak, COVID-19aren pandemiaren lehen urtean.
  • 2020-12-11. Lagun Onak Mendi Bazkunak 75. urteurrena ospatzeko egitaraua aurkeztu zuen.
  • 2020-12-11. 'Gure mintzak' aurkeztu zuten Sanagustin kulturgunean. Azpeitiko eta inguruko herrietako kultur eta hizkuntza aniztasuna plazaratzea helburu zuen egitasmoak.
  • 2020-12-11. Langile bat hil zen Nuarbeko Errastiola zerrategian izandako lan istripuan.
  • 2020-12-6. Hutsik zegoen etxe baten etxaurrea erori zen 1766ko Matxinada kalean.
  • 2020-12-4. Munategiko bidegurutzean biribilgunea eraikitzeko lanak bukatu zituzten.
  • 2020-12-3. 'Sed quia sua' saiakera liburua aurkeztu zuen Iñaki Segurolak.
  • 2020-11-28. Zortzi hilabeteko atzerapenarekin ospatu zuten Soreasu antzokian martxon bertan behera utzitako XXX. San Jose trikiti jaialdia. Joxe Mari Iriondo, Mari Karmen Odriozola, Joxe Alkain, Azpeitiko Udala eta Joxe Mari Otermin omendu zituzten.
  • 2020-11-28. Bigarren Euskaraldiko bertso paper lehiaketaren sariak banatu zituzten udaletxean. Oier Labiano eta Oier Etxeberria izan ziren sarituak.
  • 2020-11-25. 2.118 lagunek eman zuten izena Azpeitian Euskaraldiaren bigarren ediziorako.
  • 2020-11-24. Joxe Aranburu aktorea hil zen.
  • 2020-11-23. Korta Saria jaso zuen Jose Luis Larrañaga enpresariak, Sarralle Taldearen sortzaileetakoak.
  • 2020-11-20. Horman Poster kolektiboaren 'Antigone edo ezetzaren beharra' antzezlanak jaso zuen 38. Euskal Antzerki Topaketen Ikusleen Saria.
  • 2020-11-17. 'Panpina' liburua aurkeztu zuen Erika Olaizolak, berak sortutako izen bereko antzezlanaren inguruan
  • 2020-11-17. Gipuzkoako Foru Aldundian karguz aldatu zuten Jabier Larrañaga: bost urtez Ogasun eta Finantza diputatu izan ondoren, Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko diputatu izendatu zuten azpeitiarra.
  • 2020-11-17. Ignazio Arregi oñatiarra hil zen, Loiolan. Jesuita eta kazetaria, Loiolako Herri Irratiaren eta Eusko Irratiaren sortzaileetakoa eta zuzendaria izan zen, baita Vatikano Irratiko albistegietako zuzendaria ere.
  • 2020-11-11. Elmubas enpresak 145 lanpostu sortzea aurreikusten zuela iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak Azpeitiko lantegira bisita egin zuen egunean.
  • 2020-11-9. Aitor Zubizarretak Lagun Onak futbol klubaren gizonen talde nagusiaren entrenatzaile izateari utzi zion.
  • 2020-11-5. Larringo eremuan industrialdea garatzeko hitzarmena sinatu zuten udalak eta Sprilur Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoak, proiektua elkarrekin gauzatzeko.
  • 2020-11-2. Xanti Rodriguezek 'Ospel', bere bigarren film laburra, aurkeztu zuen Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 31. Astearen barruan.
  • 2020-10-29. Done Jakue kaleko udal sustapeneko etxebizitzak eraikitzen hasi ziren.
  • 2020-10-28. Mecanizados Gurrutxaga eta Alberdi Mekanizatuak enpresek bat egin zuten.
  • 2020-10-23. Auzo-taxi zerbitzua martxan jarri zuen udalak.
  • 2020-10-23. Malen Amenabarren ilustrazioekin osatutako 'Bi txantxangorri haritz adarrean' liburua aurkeztu zuten Markina-Xemeinen (Bizkaia).
  • 2020-10-20. Espainiako Vueltaren lehen etapa Azpeititik igaro zen.
  • 2020-10-19. Azpeitiko baheketa masiboak 32 positibo azaleratu zituela jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak.
  • 2020-10-18. Iñaki Irigoien gidari iruindarra hil egin zen Urrakiko XXXVIII. Igoerako entrenamendu saioan.
  • 2020-10-18. Alaia Juaristi patinatzaileak Rollerskien Espainiako Txapelketa irabazi zuen, 18 urtez azpiko patinatzaileen moldalitatean.
  • 2020-10-15. PCR proben baheketa masiboa egin zuen Osakidetzak Izarraitz pilotalekuan.
  • 2020-10-14. Urriaren erdian, Ibai-Eder urtegia inoiz baino beteago zegoela azaldu zuen Gipuzkoako Urakek; urtegiaren edukieraren %67,32 zegoen beteta.
  • 2020-10-13. Alemanian homizidio bat gauzatzea egotzitako gizonezko bat atxilotu zuten herriko hotel batean.
  • 2020-10-4. Ibai Etxeberriak Tontorramendiko igoera bertikala irabazi zuen Ondarroan (Bizkaia).
  • 2020-10-2. Uztarriaren Udako I. Argazki Lehiaketa irabazi zuen Maite Orbeak, 'Urbasan' argazkiari esker.
  • 2020-9-29. Dinamoko Ikusle Taldearen lehen saioa egin zuten.
  • 2020-9-26. Juaristi ISB taldeak LEB mailako Euskal Kopa irabazi zuen kiroldegian Zornotzaren aurka jokatutako partidan.
  • 2020-9-26. Xabier Zalduak hirugarrenez irabazi zuen Azpeitiko zezen plazan jokatutako III. Euskal Pentatloi Txapelketa.
  • 2020-9-25. Beizamako krimenetan oinarritutako 'Korosagasti' filma aurkeztu zuten Soreasu antzokian.
  • 2020-9-24. Miren Gorrotxategiren '33 ezkil' liburuan oinarritutako 'Hil kanpaiak' filma estreinatu zuten Donostiako 68. Zinemaldian.
  • 2020-9-15. Baiko Pilota enpresari jarrera aldaketa eskatu zioten hainbat pilotarik; tartean, Jon Alberdi azpeitiarrak.
  • 2020-9-8. Deñe Garcia-Bravo abeslaria 'Egin leku!' musikari berrientzako deialdiko irabazleetako bat izan zen.
  • 2020-9-7. Anbulatorio ondo zubiaren irisgarritasuna hoetzeko lanekin hasi zen Azpeitiko Udala.
  • 2020-9-7. Azpeitiko lau ikastetxeetako ikasleek ikasturte berriari ekin zioten sei hilabete eta gero, osasun neurriak hartuta.
  • 2020-9-5. Espainiako armadako militarrak Xoxoten ibili ziren.
  • 2020-9-4. Udalak omenaldia egin zion Kandido Arrueri bere 100. urtebetzean.
  • 2020-8-28. Oier Ibargurenek lehen postua erdietsi zuen Paueko Txirrindularien Sari Nagusian.
  • 2020-8-25. Moto baten eta auto baten arteko istripua izan zen Landetan, eta motozalea eta auto gidaria hil egin ziren.
  • 2020-8-24. Juan Joxe Agirre argazkilaria hil zen, 75 urterekin.
  • 2020-8-18. Alde Zaharreko ostalaritza establezimendu guztiak desinfektatu zituzten koronabirusaren fokua zela eta.
  • 2020-8-17. Koronabirusaren Azpeitiko fokuari lotuta, baheketa masiboan positibo emandako 100 kasuren berri eman zuen Osakidetzak.
  • 2020-8-14. Koronabirusaren agerraldia zela eta, abuztuaren 7tik 9ra Alde Zaharrean ibili ziren herritarrei PCR proba egiteko eskatu zien Osakidetzak.
  • 2020-8-13. Irene Altuna lore dendak aitortza jaso zuen bere 25. urtemugan.
  • 2020-8-5. Sanjuan denda omendu zuten Azpeitiko Udalak eta Bertan merkatari elkarteak, haren 50. urteurrenean.
  • 2020-7-19. Kepa Peñagarikano nagusitu zen Josean Olaskoaga 'Aizperro'-ren aurkako apustuan, Azpeitiko zezen plazan.
  • 2020-7-12. EH Bilduk irabazi zituen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak Azpeitian. Koalizioak 3.150 boto eskuratu zituen, eta EAJk 134 boz gutxiago.
  • 2020-7-9. Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiko epaile batek baliogabetzat jo zuen Urola Erdiko Mankomunitateak, Lapatx Zabortegiak eta Azpeitiko Udalak 2015eko abenduan sinatutako hitzarmen bat. Horrenbestez, Azpeitiko Udalak 3.850.000 euro itzuli behar zizkion Lapatx Zabortegiari.
  • 2020-7-4. Xaguxatar ibilbidea aurkeztu zuen Azpeitiko Udalak.
  • 2020-7-3. Jose Maria Gibertek Deustuko Unibertsitateko errektore kargua berritu zuen beste hiru urterako.
  • 2020-7-1. Esklabetan alokairu sozialeko etxebizitzak egiteko ia 6,5 milioi euroko inbertsioa onartu zuen Jaurlaritzak.
  • 2020-7-1. Etumeta baserriko artegiko suteak eragindako kalteak arintzeko elkartasun kanpaina jarri zuten martxan.
  • 2020-6-29. Urola ibaiaren ur-masak egoera ekologiko eta kimiko "ona" zuela jakinarazi zuen Ura agentziak.
  • 2020-6-18. Esklabak-Iturtzulo eremuko bigarren faseko etxebizitzak zozkatu zituzten.
  • 2020-6-13. Lurrikara txiki bat izan zen Azpeitia eta Errezil artean.
  • 2020-6-1. Julen Belamunok 'Hotz industriala' liburua aurkeztu zuen.
  • 2020-5-26. Bizikletak garbitzeko gunea jarri zuten erabilgarri Garmendikampen.
  • 2020-5-22. Autobus batean Patxi Ruiz presoaren aldeko pintaketak egin zituzten ezezagunek.
  • 2020-5-13. COVID-19aren pandemia tarteko, Azpeitiko Udala maskara berrerabilgarriak banatzen hasi zen.
  • 2020-5-7. Deñe Garcia-Bravo Gaztea irratiaren Maketa Lehiaketaren finalera sailkatu zen.
  • 2020-4-26. 14 urtetik beherako umeei eta gaztetxoei ordubetez kalera ateratzeko aukera eman zieten.
  • 2020-4-21. San Martin egoitzako langileei PCR probak egiten hasi ziren.
  • 2020-4-16. Azpeitiko anbulatorioan COVID-19a detektatzeko PCR testak egiten hasi ziren.
  • 2020-4-3. COVID-19 gaitzak eraginda, ekonomikoki egoera zailean dauden herritarrak babesteko 362.000 euroko dirulaguntza lerroa zabaldu zuen udalak.
  • 2020-3-30. Funtsezkoak ez diren jarduera guztiak bertan behera utzi zituzten.
  • 2020-3-27. "Osasuna, lan baldintzak eta enplegua defendatzeko", Haserre Eguna antolatu zuten ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta HIRU sindikatuek.
  • 2020-3-16. Bertan behera utzi zituzten apirilaren 5era deituta zeuden Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak.
  • 2020-3-15. Espainiako Gobernuak konfinamendua ezarriko zuen herritar guztientzako.
  • 2020-3-14. Koronabirusaren aurrean, herritar ahulenak babesteko boluntario sarea jarri zuen martxan Azpeitiko Udalak.
  • 2020-3-13. Koronabirusa zela eta, osasun larrialdi egoera deklaratu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta eskolak itxi zituen. San Martin egoitzako bisitak eten zituzten, kultur ekitaldiak eta kirol jarduerak bertan behera utzi zituzten...
  • 2020-3-13. 'Ataraxia' disko berria plazaratu zuen Trini Fox musika taldeak.
  • 2020-3-10. Pako Aristiren 'Euskal kantagintza berria' liburua berrargitaratu zuten.
  • 2020-3-10. Joxe Anjel Aristi udaltzainburuak erretiroa hartu zuen, eta aitortza egin zion udalak.
  • 2020-3-8. Beasaingo Herri Lasterketa irabazi zuen Aitor Mimenzak.
  • 2020-3-7. Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa irabazi zuen Mikel Larrañagak, Izarraitz pilotalekuan.
  • 2020-2-25. Maider Etxezabalek urrezko bi eta zilarrezko domina bat irabazi zituen Munduko Sokatira Txapelketan
  • 2020-2-24. Sutea izan zen Txokoa erretegian.
  • 2020-2-23. Unai Alberdi pilotariak Soroaren Oroimenezko Txapelketaren VIII. edizioa irabazi zuen.
  • 2020-2-22. Aitor Zubillaga atletak urrea lortu zuen pista estaliko Euskadiko Txapelketan.
  • 2020-2-22. Gimnastika Erritmikoko Euskadiko Bakarkako Txapelketa jokatu zuten Azpeitian.
  • 2020-2-20. Elmubas enpresa handitzeko obrak hasi zituzten.
  • 2020-2-15. 2019ko Euskal Automobilismo Txapelketako sariak banatu zituen Euskadiko Automobilismo Federazioak Lazkaon (Gipuzkoa), eta Iñaki Aiertza, Joseba Bikendi, Jokin Aiertza eta Aratz Aizpuru saritu zituzten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan