Eguna: 4-8

  • 1994-4-8. Euskal Herriko Txirrindulari Itzuliaren azken etapa jokatu zuten Azpeitian.
  • 1992-4-8. Jendaurrean aurkeztu zen UEME elkartea (Urola Bailarako Merkatarien Elkartea). Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako 67 dendek osatu zuten.
  • 1885-4-8. Udaletxean ordulari bat jartzeko Benito Ieregik egindako proposamena ikusirik, hari idaztea erabaki zuten, herriratzeko eskatuz, eta gaiari buruz hitz egiteko.
  • 1861-4-8. Egiten ari ziren herriko harategi eta arrandegi berrien obrak zaintzeko, batzorde bat izendatzea erabaki zuten.
  • 1820-4-8. Korrejidorearengandik baimena jaso zuen Urrestillak, Udala osatzeko.
  • 1815-4-8. Hurrengo udalbatzar nagusian herriaren egoera larria aztertzea erabaki zuten. Herritarrek atzerritar eta nazional tropari aurreratutako genero guztiak ezin ziren ordaindu. Beraz, gauzak horrela, udal langileei soldata gutxitu behar ote zieten aztertuko zuten eta, bitartean, soldatarik ez banatzea erabaki zuten.
  • 1812-4-8. Kontribuzioak zor zituzten guztiei ordainketa eginaraztea erabaki zuten eskribauaren bidez, eta horrela egiten ez zutenak berehala kartzelaratzea. Kartzelatzat udaletxeko aretoa erabiltzen zen, alkateak zaindari bat jartzen zuen eta honek ez zion inori bertatik ateratzen uzten ordainketa egin bitartean.
  • 1810-4-8. Zor zituen kontribuzioei (61.753 erreal) aurre egiteko, udaletxea, beste etxe bat eta torilak izandakoa bere lurrekin salgai jartzea erabaki zuen herriak. Horiek ziren bereak zituen ondasun bakarrak. Tasatutako prezioaren hiruko bat merketu zuen, aurrez agindu bezala.
  • 1806-4-8. Gaspar Amenabarri idaztea erabaki zuten, Cadizen (Espainia) bizi zen Xabier Inazio bere anaiak testamenduaren bidez parrokirako 65.000 erreal eskaini baitzituen.
  • 1793-4-8. Une batetik bestera Diputazioak jakinaraziko zuen zenbat soldadu ezkongabe aukeratu behar zituen herriak. Auzoetan zerrendak osatzen ibili zirenei deialdia egin eta zozketan lekuko izateko sei pertsona aukeratzeko agindu zieten.
  • 1767-4-8. Frantzisko Javier Folch de Cardona korrejidorea aurrean zela, jesuiten aurka erregeak emandako agindua agintari guztiek betetzeko prest zeudela adierazi zuten; baina, sentimendu handiz. Ondoren haren berri herriari ematea erabaki zuten pregonariaren bidez eta obeditzeko eskatuz.
  • 1740-4-8. Parrokiko organoa konpontzeko, Teodoro Kardaberazekin kontratua egiteko parrokiko etxezainari albistea ematea erabaki zuten.
  • 1660-4-8. Julian Rotetak eginiko eskaerari erantzunez, LogroƱoko (Espainia) inkisidoreak Aita Joxe Antxietaren margo bat jartzeko baimena eman zuen. Urrestillako elizan eta epistola aldean jarriko zuten.
  • 1579-4-8. San Agustin komentuak eta herriak Santo Domingo komentuarekin zeukaten auzia Valladolideko (Espainia) Auzitegira eramatea erabaki zuten.
  • 1564-4-8. Maria Arroskain sorginaren epaiketan eginiko gastuak herriak ordaindu zituen.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan