Eguna: 11-9

  • 2013-11-9. 'Azpeitian bizi eta lan, duintasuna herritarrontzat' lelopean manifestazio jendetsua egin zen, Elkar-ekinek sustatuta eta herriko hainbat eragileren babesarekin, krisiari aurre egiteko bide berriak aldarrikatuz.
  • 2013-11-9. Euskal Herriko Argazki Elkarteen Topaketak egin ziren Azpeitian, Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatuta.
  • 2013-11-9. Fagor Etxetresnak kooperatibak Grumalentzat aurkeztutako hartzekodunen konkurtsoa onartu zuen Donostiako Auzitegiak.
  • 2012-11-9. Miel Anjel Elustondok 'Zozoen elean' liburua kaleratu zuen.
  • 2007-11-9. Izarra Hotela egin zuten. Ondoan Loiola Hotela egina zegoen ordurako. 1928an eraikitakoa zen Izarra.
  • 2002-11-9. Kontxu Odriozola aktoreari omenaldia egin zioten XX. Euskal Antzerki Topaketetan. Ekitaldiaan Pako Aristik Kontxu Odriozolari buruz idatzitako liburu biografikoa aurkeztu zuten, besteak beste.
  • 1996-11-9. Aspaceren aldeko I. Aerobic Maratoia egin zuten, kiroldegian.
  • 1952-11-9. Luis Lopetegi 'Agerre I.a' eta Joxe Odriozola 'Garatxabal' 152 kiloko harri kubikoarekin neurtu ziren. Lehenenak 30 minututan 78 aldiz altxatu zuen harria, eta bigarrenak 66 aldiz denbora berean.
  • 1942-11-9. Perdillegi eta Aldakaitzeko ermitak ijitoak bertan gelditzeko baino ez zirela kontuan hartuta, haiek lurrera botatzea erabaki zuten.
  • 1931-11-9. Nuarbetar batzuk eginiko eskaeraren berri emanez, bertako kale bakarrari 'Ebangelina Aitzondoa' deitura jartzea egokia zela esan zuten, auzoak Frantzisko Arozena eta haren emazte Ebangelinagandik mesede handiak jaso zituela-eta. Horrela egitea erabaki zuten.
  • 1925-11-9. Alkateak esan zuen herri osoaren izenean telefonema bidali ziola Karmelo Etxegarairen alargunari, eta ondoren historialaren eta idazlearen lan handia aipatu zuen. Alkateak eginiko proposamena onartuz, hauxe erabaki zuen Udalak: 1. Azpeitiar ospetsua hil izanak agintarien artean sortutako nahigabearen berri aktan jasotzea. 2. Karmelo Etxegarairen oroimenez herriko enparantza batean irudia jartzeko azterketa guztiak egitea. 3. Horren guztiaren berri ematea haren alargunari eta semeei.
  • 1908-11-9. Lurraldeko diputatu Manuel Senantek gutun baten bidez adierazi zuen hil hartako 5ean aurkeztuko zuela gortean Santo Domingo komentua izandako eraikinaren jabetza herriaren eskuetara pasatzeko proiektua. Tranbiaren proiektuak aurrera egiteko itxura handirik ez zuela ere bazioen, ahalegin guztiak egin zituen arren.
  • 1857-11-9. Diputazioak egindako proposamenaren berri eman zuten: herriko errukietxean Laguntza etxea sortzea.
  • 1811-11-9. Alkateak esan zuen aurreko egunean herriaren aldetik freskagarria eskaini behar izan ziotela Errezilen ibili zen tropa mugikorrari, honek eguraldi txarragatik bertan hartzeko une egokirik ez zuela-eta. Errezilgo herriari eginiko gastua ordaintzea eskatzea erabaki zuten, nahiz dirutan, nahiz garitan.
  • 1696-11-9. Fidelak Ostegun Santu egunez San Agustin komentuko sagrarioko giltza jasotzean, herria zenez bertako patroia, ezinezkoa egin zitzaien euren ordez hori egiteko beste norbait gonbidatzea. Agindua betetzen ez zuenarentzat ehun dukateko isuna jarri zuten.
  • 1685-11-9. Tomas Leiarizti maisuarekin Izarraizko izoztegirako karobia erretzeko tratua egin zuen herriak. Hamalau marai ordaindu zizkioten kare anega bakoitzeko, herriak berak jarririk behar zuen egurra eta behar zuen tokian.
  • 1677-11-9. Pedro Beltran Oiarzabalek bere alaba Maria Inaziaren izenean Landarbaso lurraldean egurra ebakitzeko baimena eskatu zuen, Arana etxean zuen sutegia egokitzeko, ustekabean hondaturik gelditu zela-eta. Herritar bereziei deitu eta euren iritziak jaso ondoren, Udalak egurra ezer ordaindu gabe ematea erabaki zuen, horrelako kasuetan egin izan zen bezala.
  • 1642-11-9. Alkateak Herri Batzarrean jakinarazi zuen herriak Arlizetako basoak saldu zituela, ikatz zama bakoitza erreal eta erdian -bertan egongo ziren alde handirik gabe 4.300 zama-. Haritzak, pagoak eta lizarrak zutik eta herriarentzat utzi zituzten.
  • 1589-11-9. Parroki sarreran eskale asko izaten zela kontuan hartuta, erabaki zuten eskean, behartsuentzat, elizarentzat eta Vera Cruz eta Sakramentu Santuaren kofradientzat baino ez egotea eskean.
  • 1560-11-9. Nikolas Saez Elolaren hezurrak hilobi berrira aldatzea erabaki zuten, ohore handiz, eta haren aita Joan Saez Elolaren hileta elizkizuna ospatzea ere bai.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan