Eguna: 8-25

  • 2020-8-25. Moto baten eta auto baten arteko istripua izan zen Landetan, eta motozalea eta auto gidaria hil egin ziren.
  • 2017-8-25. 50 urteko langile bat hil zen Glual Energy enpresan, lan istripuan.
  • 2013-8-25. Jexux Epelde hainbat urtean Lagun Onak Futbol Taldean lanean aritutakoa zendu zen. Uztailean, Lagun Onak Egunean, omenaldia jaso zuen Epeldek.
  • 1981-8-25. Bergarako alkateak idatzi zuen, Espainiako Estatuko iparraldeko trenbideaz hitz egiteko hilaren 27an goizeko hamaiketan ospatuko zuten bilerara herriak ordezkaria bidaltzeko eskatuz. Bileran iparraldeko trena Urola eta Deba aldera ahalik eta gehien hurbiltzeko hitz egingo zuten.
  • 1981-8-25. Osasun Publikoaren zuzendariak eta Eusko Jaurlaritzak, abuztuaren amaierarako herrian Osasun Zentroa ezartzeko, mila-bi mila metro koadroko lurraldea eskatuz egindako ofizioak irakurri zituzten. 2.703,39 metro kuadroko lurraldea eskaintzea erabaki zuten.
  • 1924-8-25. Martzelo Gibert arkitektuari zezen-plaza handitzeko proiektua eskatzea erabaki zuten.
  • 1913-8-25. Anai Maristen Probintzialak idatzi zuen, ikastetxean jarraitzeko herriak egindako eskaintza ontzat hartu zuela esanez.
  • 1913-8-25. Txarabarrena baserrian izandako sutea itzaltzen lagundu zutenei ogia eta ardoa ematen egindako gastua ordaintzea erabaki zuten.
  • 1830-8-25. Errukietxeko juntak eraikinaren egoerari buruz txostena aurkeztu zuen, eta zenbait obra egitea beharrezkoa zela adierazi zuen. Idatzia prestatzea erabaki zuten proiektua aurrera eramateko.
  • 1793-8-25. Udalak Diputaziora bidaltzeko txostena prestatu zuen. Bertan, bataloi bat Loiolako Ikastetxera sartzeak ekar zitzakeen kalteak azaldu zituen.
  • 1758-8-25. Iruñeko apezpikuaren baimenarekin Miguel Alzagari parrokiko erretaula nagusiaren alde batean zen Vera Cruz erretaula zaharra saldu zioten.
  • 1742-8-25. Parrokiko erretaula nagusia urreztatu zuten maisuei 15.466 erreal ordaintzea erabaki zuten.
  • 1731-8-25. Herriko fielak jakinarazi zuen Joseph Inazio Arzadunk Madrildik idatzi zuela, erregeak Filipinetako irletako Audientziako entzule kargurako bera izendatu zuela esateko. Bestalde, gutunean bere aita Inazio Arzadun kapitainari San Inazioren erretaula egiteko 25 dobloi emateko agindu ziola azaltzen zuela ere jakitera eman zuen fielak. Eskerrak ematea erabaki zuten.
  • 1730-8-25. Larralde erregidorea alkatearen aurrean kexatu zen eta zigorra ere eskatu zuen, Baltasar Etxeberriak enparantza nagusian herriko agintariei buruz izugarriak esan zituela-eta. Alkatea horixe egitekotan geratu zen.
  • 1656-8-25. Enparan zubia egiten ari zen Joan Ansola hargin maisua eta bere lanerako egurra eskatu zuen. Herriak behar zuena ematea erabaki zuen.
  • 1640-8-25. Zozketa egin ondoren, 23 lagun izendatu zituzten garraioa egiteko. Goizeko seietan agertu behar ziren, baina sei lagunek besterik ez zuten erantzun emandako agindua eta, beraz, tropak herrian geratu behar izan zuten, herriari ez ezik, biztanleei ere kalte handiak sortuz. Kapitainarekin harremanetan jarri ondoren, garraioa egiteko zilarrezko ehun erreal ordaindu zizkioten. Dirutza hori agertu ez zirenei kentzea erabaki zuten, gainontzeko gastuekin batera.
  • 1634-8-25. Parrokien bidez, lehen igandean edo jaiegunean herriko lurretan ziren zubietan gurdiak pasatzea debekatuta zela adieraztea erabaki zuten, gurdiek izugarrizko kalteak egiten baitzituzten.
  • 1510-8-25. Maria Lasao, Domingo Usarragaren alargunak, Frantziskanetako lekaimeek erosi zioten lurraldearen eskritura sinatu zuen.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan