Eguna: 8-28

  • 2020-8-28. Oier Ibargurenek lehen postua erdietsi zuen Paueko Txirrindularien Sari Nagusian.
  • 1940-8-28. Eukaristia asanbladari hasiera eman zioten. Irailaren lehen egunera arte jarraitu zuen.
  • 1906-8-28. Parrokiaren atzean -Usabiagaren alargunak zuen lurraldean-, ganadu hiltegia egiteko asmoa agertu zuten.
  • 1893-8-28. Joxe Leon Urkiolak epaitegiaren alde egindako gestioak ez zituela kobratuko esanez idatzitako gutuna irakurri zuten, eta hari eskerrik sutsuenak ematea erabaki zuten.
  • 1871-8-28. Diputazioak bidali zuen ofizio baten berri adierazi zuten. Bertan, Loiola auzoko biztanle batzuek Mutrikun ospatutako Batzar Nagusiei egindako eskaera ontzat hartu zuten. Beraz, Loiolako Santutegian igande eta jaiegunetan mezak emango zituzten. Udalak eliza ireki eta ixteko ordutegia izendatu beharko zuen hala.
  • 1871-8-28. Azkenaldian zurrumurruak zeuden matxinada karlista izan zitekeela-eta. Azken urtean gertatutako ekintza tristeak berritu ez zitezen, herria defenditzeko armak hartu edo ez erabakitzeko herritar "zintzo" eta ordena publikoaren zaleekin harremanetan jartzea erabaki zuten.
  • 1870-8-28. Agustin Jauregi erretoreordeak sekulako sermoia egin zuen; herriko gazte karlistak suspertu zituen.
  • 1865-8-28. Isabel II.a Espainiako erregina herrira iritsi zen, Francisco de Asis, Cristina de Borbon, Alfonso, Asturiasko printzea eta Isabel infantarekin batera. Agintariek erreginak herria utzi ondoren bisitaldiaren kronika luzea osatu zuten, guztiaren berri emanez.
  • 1865-8-28. Amezuak egindako organoa aztertzea egokia zen hari askatasun osoa eman baino lehen, eta horrela adieraztea erabaki zuten.
  • 1837-8-28. Ehun dukateko isunaren mehatxua jaso ondoren, GastaƱaga aukeratu zuten alkatetzarako. Baina errege komisarioak, Diputazioak jasota zituen informeak kontuan izanda -isilean gorde nahi ziren informeok-, aukeraketa ez zuela ontzat hartzen eta lau egunen barruan beste bat izendatzeko agindua eman zuen. Azkenean, Antonio Arregi izendatu zuten alkate.
  • 1820-8-28. Udalak politiko nagusiari erantzun zion berak ordainduta herrian bi eskola baino ez zirela: mutikoena eta neskena. Herriak Latinaren katedra izateko erreal baimena bazuen ere, unean irakaslerik gabe zen.
  • 1774-8-28. Herrian sortu nahi zuten Gramatikako katedrarako irakaslea aukeratzeko izendatu zituzten epaileen iritzia eta aurkeztutako lau irakasleei eman beharreko oinarriak irakurri zituzten batzar nagusian.
  • 1700-8-28. Alkateak jakinarazi zuen, parrokiko apaizen ordezkariekin bat eginda, markesari -parrokiko patroiari-, ordu artean bezala bertako apaiz herritarrak izendatzeko eskatu ziotela. Herriaren onerako izango zelakoan, baiezkoa eman zuen markesak.
  • 1699-8-28. San Krispin eta San Xipriano kofradiako zapatariek herriari lurreratuta zen horma zaharra berriro altxatzeko baimena eskatu zuten, larruak lantzeko tokia bere lurretan baitzuten. Baiezkoa jaso zuten.
  • 1654-8-28. Herriak Andre Mariaren Natibitate eguneko sermoia San Agustin komentuko prioreak parrokian egitea erabakia zuen. Erabakia jakinarazteko udaltzaina bidali zuten. Alkateak udaltzainaren bidez jakin zuen Zelaiaran erretoreak erabakia ez zuela entzun ere nahi izan, bazkaltzen ari zela erantzunez. Pedro Beltran Oiarzabal eta Joseph Roteta erregidoreak bidaltzea erabaki zuten, eta gainontzeko agintariak udaletxean gelditu ziren. Horiek ere itzultzean adierazi zuten erretoreak, beste nonbaiten zela esanez, ez zuela ezer entzun nahi izan. Berriro joan ziren bi lagunak; oraingoan atea jo gabe erretorearen etxe barnera sartzeko baimena zuten gainontzeko agintariengandik, eta itzulitakoan erretoreak beste herritar batzuekin karta jokoan zela eta bizkarra emanez entzun zituela jakinarazi zuten. Gertatuaren berri herritar bereziei ematea erabaki zuten, batzarrean.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan