Eguna: 4-16

  • 2017-4-16. Espainiako Urrezko LEB Mailara igo zen Sammic ISB saskibaloi taldea, ligako azken aurreko neurketan Carrefour El Bulebar de Avila etxetik kanpo 45 eta 60 mendean hartu ondoren.
  • 2016-4-16. Emmanuel Bett-ek eta Zulema Fuentes Pilak irabazi zuten XXIII. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia.
  • 2016-4-16. Donostiako Administraziorako Auzien 2. epaitegiak atzera bota zuen presoen familiei laguntzak emateagatik Espainiako Estatuko Abokatuak Udalari jarritako helegitea.
  • 2007-4-16. Udalak Frantziskanetako gunearen bi heren pasatxo eskuratu zituen, etxebizitzak eraikitzeko.
  • 1941-4-16. Pedro Diaz Hernandezek idatzitako gutuna irakurri zuten. Bertan, Espainiako Liburutegi Nazionalean Azpeitiko herriari 1785. urtean Carlos III.a Espainiako armen erregeak emandako armarriaren zertifikatuaren kopia bat aurkitu zuela esaten zuen. Armarriak herriaren sorrerako historia jasotzen zuen. Pedro Diaz kopia egoki bat ateratzeko eta udaletxera bidaltzeko eskaini zen, ehun pezeta ordainduz. Eskaintza onartu egin zuten eta kopia bat bidal zezan jakinaraztea erabaki zen.
  • 1941-4-16. Unean herrian zeuden 466 baserri 126 jaberen eskuetan zeuden. Nekazariak edo beraien lurrak lantzen zituztenak soilik 24 baserriren jabeak ziren.
  • 1931-4-16. Aho batez, honoko erabakia hartu zuen Udalak: "Estatu Espainolaren egituraketa berriaren aurrean, Azpeitiko Udalak bere postuak utzi aurretik irten behar zuen. Euskal Herriak nazio bezala zituen eskubideak (jatorrizkoak zein historikoak) baieztatu ondoren, honen autodeterminazioa eskatu zuen lehendabizi, eta Euskal Errepublika, Iberiako Errepublika guztiekin konfederaturik, euskal lurraldeari bultzada ematen ari ziren guztiei laguntza eskaini zien, Donostiako paktu solemnean eginiko ordena betez".
  • 1860-4-16. Erdi kale osoan erdi-erdian hodia jartzeko, Mariano Joxe Laskurainek prestatu zituen baldintzak irakurri zituzten, eta enkantera ateratzea erabaki zuten.
  • 1860-4-16. Juan Amezua organo egileak parrokiarako egiten ari zen organoari tekla batzuk gutxitzea egokia zela adierazi zuen, alferrikakoak iruditzen zitzaizkiolako, eta Udalak erabaki zuen haren lana zaintzen zuen komisarioari pasatzea eginiko eskaera.
  • 1849-4-16. Erraztiola eta Beasainen arteko errepideari buruz hitz egiteko, kontribuziorik handiena ordaintzen zuten herritarrekin egin zuten batzarra. Herriak ordaindu beharrekoa nondik nora lor zezakeen aztertu zuten. Herritarrei eskaera gehiegirik egin gabe eta beste zerga bat erantsi gabe, ardoa, pattarra eta sagardoari zerga bat ezartzea erabaki zuten; hau da, pitxar bakoitzeko lau marai eta, txakolinari zortzi maraikoa. Datorren urtearen lehen egunetik horretan hasteko baimena eskatzea onartu zuten.
  • 1796-4-16. Parroki atariko obrekin jarraitzea erabaki zuten, elizaren errentak erabiliz horretarako.
  • 1747-4-16. Frantzisko Mendizabali Soreasu errotarako harria prestatu eta garraiatzea ordaindu zioten.
  • 1713-4-16. Zestoako alkateak mandazainek bide errealean egiten zuten kaltea adierazi zuen, batez ere ibaiak ur asko zuen garaian. Herriak hari erantzutea erabaki zuen: ibaiak ur asko zuenean gurdiak bide errealean erabiltzeko ez zitzaion derrigorrezkoa iruditzen alkateari baimena eskatu beharra izatea, beraien segurtasunak zuelako lehentasuna.
  • 1689-4-16. Maiatzaren 23an Espainiako erreginaren hileta elizkizuna ospatzea erabaki zuten, bezperan kanpaiak joz.
  • 1504-4-16. Ollolarre baserriaren jabe Loiola jaunak eraikina zazpi urterako alokatu zuen.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan