Eguna: 3-30

  • 2003-3-30. Giza buruhezurra azaldu zen igandean ibaian. Urola ibaian arrantzan zebilen lagun batek topatu zuen, Zelai Luze parean. Ertzaintzak lekua itxi zuen eta hezur gehiago azaldu ziren sakabanatuta.
  • 2002-3-30. Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdia Diego Garcia zenaren oroimenez egin zuten lehenengoz. Probak haren oroimenez leloa izango zuen urte honetatik aurrera. Eguerdian Azkoitia eta Azpeitia bitartean, Loiolan, atleta haren irudia inauguratu zuten.
  • 1963-3-30. Eskuztako zelaian errekin geltokia jartzeko Olga Aldabek eginiko proposamena onartu zuten.
  • 1961-3-30. Julian Barrenetxea hil zen. Urteetan parrokiko organo jolea izan zen.
  • 1953-3-30. Herrian Nekazari eta Abeltzain Institutua zabaltzeko eskaera eginik zela esan zuen alkateak.
  • 1908-3-30. Diputazioak bere telefonoa instalatu zuenean, herrian zentral bat jartzeko eskaera egitea erabaki zuten.
  • 1834-3-30. Fernando Butronek Gipuzkoako Komandantzia Nagusiaren izenean herriko apaizei idatzitako gutuna irakurri zuten. Bertan adierazten zen herri hau izan zela, zoritxarrez, lehen unetik Gipuzkoako karlista altxamendu fokua eta sortzaileak apaizak izan zirela, beste partikular batzuekin bat eginik. Apaizak gogor saiatzen ziren euren lanean, kontuan hartu gabe Espainiako erreginak emandako aginduak, batez ere pulpitua eta aitorlekuak erabiliz horretarako. Azken batean, Udalari eskatu zioten langintza horretan ibili ziren apaiz eta erlijiosoen zerrenda egiteko berehala atxilotzeko. Kontuan izanik herrietako apaiz gehiengo batek diru laguntzak eman zituela altxamenduaren alde, jakinarazi zuten bikoizturik ordaindu beharko zituztela laguntza horiek, eta berdin agintariek, troparentzat ematen zen errazio bakoitzeko bi erreak emango zituztenez.
  • 1821-3-30. Urrestilla herriarengandik bereizteari buruz Diputazioak bidalitako gutunari erantzunez, protesta egitea onartu zuten, herriaren arrazoiak entzun nahi ez zituelako. Egin nahi zen injustiziarekin jabetuz, dena Kontseilu Nagusiaren jakinean jartzea erabaki zuten: Urrestilla betidanik egon zen bat eginik herriarekin; gainera, espedientea osatzeko erabili ziren datuak faltsuak ziren eta lau edo bost bakarrik ziren Urrestillaren izenean nahasketa sortu zutenak, nahi zuten eran euren lurraldea zabalduz.
  • 1783-3-30. Frantzisko Ibero maisuak Zestoarako bidean egiteko agindu zituen lan batzuk alferrikakoak zirela agertzean, horrela zen edo ez jakiteko Juan Inazio Zulaika lizentziatuak batzordea izendatzea erabaki zuten.
  • 1742-3-30. Loiolara egindako bide berrirako bere lurralde bat eskaini zuelako Granadako Dukeari eskerrak ematea erabaki zuten.
  • 1653-3-30. Enparantzan ziren etxeak bota zirelako Alcañicesko (Espainia) markes Matias Inazio Zuazolak herritar bati auzia jarri zion, eta herriak honen defentsa ordaintzea erabaki zuen.
  • 1645-3-30. Buztanzuriko Gurutzearen ondoan aurkitutako utzitako haurra hazten ari zen Katalina Lariz andrea, eta honi ordainketa egin zioten.
  • 1562-3-30. Urrestillako biztanle batzuek, San Martin ermitan bilduta, Iruñeko apezpikuari eliza bat egiteko baimena eskatzea erabaki zuten.
  • 1562-3-30. Urrestildarrek Urrestillan egiten ari ziren lehen elizarako aulkiak egokitzea erabaki zuten.
  • 1547-3-30. Kristobal Minguez Odriari, borrero bat aurkitu nahian Bilbora, Markina-Xemeinera, Agurainera eta Gasteizera egindako bidaiak eta herriko kartzelan zen lapurrari janaria ematen egindako gastuak ordaindu zizkion herriak.
  • 1547-3-30. Pedro Zornoza lapurrari emandako zigorra -jo eta belarriak moztu- ordaindu zioten borreroari.
  • 1547-3-30. Udaletxe berria korrejidoreak aginduta bezala -Juan Martinez Enparanek zuen etxearen itxuran- egiteko beharko zen egurraren enkantea egin zuten.
  • 1457-3-30. Oñaz eta Ganboatarren arteko borrokan ziren sendien dorretxe guztiak lehen solairura bitartean botatzea agindu zuen Enrike IV.a Espainiako erregeak.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan