Eguna: 10-1

  • 2013-10-1. Joxean Agirrek 'Adiskide bat nuen' eleberria aurkeztu zuen, Donostian.
  • 2013-10-1. Azpeitia 2025 Plan Estrategikoa onartu zuen Udalak.
  • 2000-10-1. Kilometroak'2000 ospatu zuten herrian, Ikasberri Azpeitiko Ikastolak antolatuta.
  • 1992-10-1. Everest gailurra lortu zuen Josu Bereziartuak. Munduko mendirik garaiena da (8.848 metro). Joxe Urbieta 'Takolo' beheko kanpamenduan zegoen, haren igoera jarraitzen.
  • 1981-10-1. Alkateak jakinarazi zuen Azkoititik Loiolara bitarteko espaloia egitea Azkoitiko eta Azpeitiko udalek bultzatu zutela, eta nahiz eta gero lurraldeen desjabetzea Eusko Jaurlaritzak egin, zerikusia zutelako behar bezalako ordainketa egiteko unean. Bozketa baten bidez erabaki zuten herrien aldetik ordainketa egokia egitea.
  • 1976-10-1. Azpeitiko Zine Klubak lehen zinema emanaldia eskaini zuen, 'Ya no basta con rezar' filma aurkeztuta.
  • 1941-10-1. Felix Ortiz eta San Pelayo hil zen, Buenos Aires hirian (Argentina).
  • 1901-10-1. Euskal Festak amaitu ziren herrian.
  • 1892-10-1. Alkateak jakinarazi zuen ondorengo egunetako batean aukeratuko zutela Loiolan Jesusen Lagundiko jeneral berria, eta egokia zela Azpeitiko herriak esker ona agertzea jesuitei. Bestalde, esan zuen herriko apaizek iganderako prozesioa antolatu zutela Loiolara, eta aho batez erabaki zuten bertan parte hartzea.
  • 1866-10-1. Erretorearekin harremanetan jarri ondoren, gobernadore zibilari idaztea erabaki zuten, herrian erretore etxea egitea beharrezkoa zela esanez.
  • 1815-10-1. Herri Batzar nagusian herriaren egoera larria azpimarratu zuten, beharrezko hornikuntzak egin ezinik zegoelako eta bertan zen tropari laguntza eman ezinean zelako, inolako dirurik gabe. Diputazioari guztiaren berri adieraztea erabaki zuten.
  • 1796-10-1. Frantziskanetako lekaimeak herrira itzuli ziren, komentuan konponketak egin ondoren.
  • 1694-10-1. Lurraldean eskean zeuden ezezagun eta herritarrak ez ziren guztiak bertatik kanporatzea erabaki zuten, batia aurkitu zitezkeen "alferrak" ere, eta horrela adierazi zuten parrokietan.
  • 1683-10-1. Meaz kargatutako gurdiak herriko kaleetan pasatzea debekatu zuten, erreal bateko isunpean.
  • 1682-10-1. Egibar baserriaren zati handi bat erre egin zen.
  • 1677-10-1. Herriko harakinari denda goizeko seietan irekitzeko agindu zioten, eta arratsaldean hirurak aldera. Saltzeko unean, lehentasuna eman behar zien apaizen neskameei edo komunitateko arduradunei.
  • 1666-10-1. Herriko kale eta kantoietan bando bat ematea erabaki zuten, aginduz inork ez zezala saldu ardorik etxe partikularretan, baizik eta herrian ziren lau tabernetan bakarrik. 50 dukateko isuna ezarriko zioten agindua betetzen ez zuenari.
  • 1638-10-1. Jabetuz sagar gutxi izan zela urte hartan, eta derrigorrezkoa izanik sagardoa izatea herritarrentzat, ura nahastutako sagardoa egitekoa baimena eman zuten.
  • 1638-10-1. Herritar batzuek urarekin nahastu gabeko sagardoa zutenez, hamabi maraiko prezioa altxatzen ez bazen ez zutela salgai jarriko esan zutenez, zozketa egin zuten sagardoa zutenen artean hamalau maraiko prezioan salgai jartzeko, derrigorrezkoa zelako sagardoa, Nafarroako ardorik ez zelako heltzen.
  • 1631-10-1. Kontuan izanik herritik kanpora saltzen zutela garia eta ogia okinek eta, era horretan produktu horiek garestitzeko arriskua sortzen zenez, bata eta bestea kanpora saltzea debekatu zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan