Eguna: 4-3

  • 2003-4-3. Habea ezkerreko eta abertzale herri plataforma udal hauteskundeetara aurkezteko sinadura bilketa hasi zuten. 500 sinadura lortu behar zituen (lortu zituen). Espainiako Justiziak gero baliogabetu egin zuen Habea.
  • 1993-4-3. IƱaki Perurenak bi errekor egin zituen: 316 kiloko errektangeluar harria 20 segundotan altxatu zuen, eta 264 zilindrikoa esku bakarrarekin, 18 segundotan.
  • 1993-4-3. Martin Fiz korrikalariak ezin izan zuen 10.000 metrotan eginiko marka hautsi zezen-plazan; 30.16.08 egin zuen. Eguraldi txarra egin zuen.
  • 1974-4-3. Tiroz hil zuten Gregorio Posadas Zurron guardia zibila.
  • 1947-4-3. Ostegun Santu egunez kaleratu zuten lehen aldiz San Inazio Loiola Musika Banda.
  • 1946-4-3. Osasun Probintzialeko buruaren gutuna eman zuten ezagutzera. Udalak Cruzada Nacionalen hildako soldaduen gorpuak hilerrian eginiko panteoira aldatzeko baimena zuela esaten zen eskutitzean.
  • 1928-4-3. Euskal Ikaskuntza Elkarteak antolaturik, Karmelo Etxegarairi omenaldia eskaini zioten herrian.
  • 1928-4-3. Urrestildar Inazio Iriarte Igartza eta Miguel Ibarbia Mendiola aizkolariak neurtu ziren; lau enbor 60 minututan ebaki behar zituzten eta azken aizkorakada biek batera eman zuten. 'Atxunberria' zen epaile, eta bigarrena izendatu zuen garaile.
  • 1907-4-3. Anastasio Belokik bere lantegian bi pabilioi egiteko baimena eskatu zuen, eta aurkeztu zituen planoak ontzat hartu zituzten.
  • 1907-4-3. Azokako postuetatik aparte fruta inportatuak saltzea debekatu zuten, baita birsaltzailei ere.
  • 1905-4-3. Herritar merkatarien eskaerari erantzunez, merkatari ibiltariei Enparantza nagusian postuak jartzea debekatu zieten. Santiago kaleko frontoitik lorategi sarrerara bitartean izan zuten tokia.
  • 1905-4-3. Herriko Osasun Juntak salatu zuen ganadu hiltegia anti-higienikoa zela, eta Udalak erabaki zuen Ogasun Batzordeak horren txosten bat egitea.
  • 1905-4-3. Urrestilla ur gutxirekin zegoela-eta, hara ura eramateko batzorde bati txostena egiteko agindu zioten.
  • 1891-4-3. Rikardo Beobide Zendoia jaio zen, salesiar erlijiosoa, musikaria eta idazlea. Eleberri laburrak idatzi zituen: 'Bautizado en su sangre', 'El cuadro misterioso', 'Redimidos'... Askotan pertsonaje euskaldunak erabili zituen.
  • 1823-4-3. Herrian zegoen troparen komandanteak eginiko eskaerari erantzutea erabaki zuten, esanez ezinezkoa egiten zitzaiola herriari ezer ematea, inolako ondasunik gabe baitzegoen, kontutan izanik eguneroko aurrerapenak egiteko ere zerga batzuk altxatu behar izan zituztela: pattarrari, olioari, baleari, xaboiari, gatzari eta abar.
  • 1815-4-3. Ikusirik herrian zegoen troparen buruek kalte handiak egiten zituztela nekazarien soro, baratza eta basoetan, iskanbilak sortuz askotan, herriak erabaki zuen 'Guadalajara' erregimenduko komandanteari eta gerra komisarioari idaztea gertatzen zena, jakinaraziz ahalik eta azkarren beharrezko neurriak hartzeko.
  • 1791-4-3. Herritarrak kexu ziren Urretxutik kartak ekartzen zituena erabat atzeratzen zelako, geldialdi handiak egiten baitzituen Azkoitian. Ondorioz, neurriak hartzea erabaki zuten.
  • 1767-4-3. Korrejidorearen aginduetara, Jaime Butler ofiziala eta 'Irlanda' erregimenduko 30 bat soldadu iritsi ziren Loiolara; herriko alkatea, eskribaua eta beste lekuko bakarren batzuk haiekin iritsi ziren. Berehala etxea inguratu zuten, eta erregeak emandako dekretua irakurri zuten: lehenik, erretoreari; eta, ondoren, bertan ziren jesuita guztiei.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan