Eguna: 11-17

  • 2017-11-17. Jose Ignazio Orbegozo 'Arria II'.aren biografia aurkeztu zuten udaletxean, Joseba Urretabizkaiak idatzia.
  • 2015-11-17. Hausnartu Euskal Soziolinguistika sarietako bat irabazi zuen Haritz Etxeberriak, 'EAEko gehiengo euskalduna duten udalerriak epaitegi erdaldunetan' lanarekin.
  • 2012-11-17. Enrike Zurutuzaren biografia txikia aurkeztu zuen Uztarria Komunikazio Taldeak. Ihintza Agirretxe azpeitiar kazetariak idatzi zuen.
  • 2001-11-17. Sendoa argitaletxearen bidez, Joxe Lizaso bertsolariaren biografia aurkeztu zuen Joxe Mari Iriondok, udaletxean.
  • 1996-11-17. Ikasberri Azpeitiko Ikastolak bere eraikin berria inauguratu zuen.
  • 1975-11-17. Diputazioak Basazabal etxeari buruz emandako dekretuaren berri jakinarazi zuten: eraikina zaindu eta konponketa lanak egitera behartu zuten jabea, Ondare Zuzendaritza Nagusiak zioenez.
  • 1941-11-17. Gestora Batzordeak ontzat hartu zuen Nikolas Zubeldiaren dimisioa, gobernadore zibilak hilaren 13an sinatutako gutunaren berri eman zuenez. Beste gutun baten bidez adierazi zuen Miguel Artetxe eta Joxe Azpiazuren dimisioak ere ontzat hartu zituela.
  • 1941-11-17. Udalbatzarrei hasiera 'Ave Mar’ia Puri’sima, sin pecado concebida' esanez ematea erabaki zuten.
  • 1924-11-17. Nikolas Bizkarrondo ingeniariak Urola trenaren geltokira egiten zen bideari buruz zenbait xehetasun eman zituen txostenean, eta herriari eskatu zion Diputazioari esateko amaitutzat eman zezala bere lana. Horrela egitea erabaki zuten.
  • 1902-11-17. Azoka plazaren iparraldea ixteko obrak enkantean jartzeko baldintzak onartu zituzten.
  • 1870-11-17. Espainiako erregetzarako Aostako Dukea izendatu zutela esanez gobernadore militarrak eta zibilak hilaren 16an eta 17an bidalitako telegramak irakurri zituzten. Erabakia Gorteak hartu zuen, 191 botorekin. Udalak pozik hartu zuen albistea. Hala, Espainiako bandera udaletxeko balkoian jartzea erabaki zuten, eta kanpaiak jotzea goizez eta arratsaldez parrokian eta Loiolan. Errukietxean ziren behartsuen artean janari berezia banatu zuten: nahiko ogi eta ardo. Egun osoan zehar, herriko kaleetan txistulariak ibiltzea erabaki zuten.
  • 1856-11-17. Erregearen Gobernuaren aginduz Loiolako Ikastetxean zeuden misiolari jesuitak. Herriak San Inazioren zilarrezko irudia Loiolara eraman ohi zuen antzeko kasuetan, bertako eliza nagusian jarririk zaindu zezaten eta, hori kontuan hartuta, horrela egitea erabaki zuten orduan ere, aurrez parrokiko apaizak gonbidatuz. Hilaren 23a, igandea, aukeratu zuten horretarako. Herriarena zen irudia prozesioan eraman zuten, Udala korporazioan zela, bertan gelditzeko jesuitak Loiolan ziren bitartean. Akta jaso zuten orduan. Oraindik ospe handiagoa eman nahirik, Diputazioari hogei bat mikeletek osatutako taldeak prozesioan parte har zezan eskatzea erabaki zuten, eta Loiolara iristean tiroak bota zitzan.
  • 1852-11-17. Eguerdi aldera sute handi bat izan zen Bustinzuri errebaleko 15. zenbakiko etxean, eta arriskuan jarri zituen gainontzeko etxeak.
  • 1784-11-17. Korrejidoreak herriari kaleetan 24 farol jartzeko baimenari eman zion. Neguan gauez pizteko ziren, herritarren mesederako, kontuan hartu baitzuten euritsua dela herria eta oztopoak sortzen zirela. Guztiaa, Frantzisko Ibero maisuak osatutako aurrekontuaren barne, 3.888 erreal ziren. Beste 2.132 erreal urtean, kontuan izanik olioa, garbiketa eta zaintzea.
  • 1782-11-17. Ahuntzek zuhaizti eta landutako soroetan nolako kalteak egiten zituzten ikusi ondoren, ahuntz bakoitzeko probintziak ezarritako lau errealeko zerga zortzira altxatzea erabaki zuten batzarrean, behar ez zen tokian harrapatzen zen bakoitzean ordaindu beharrekoa, Gaztelako Kontseiluari aurrez baimena eskatuz erabakia aurrera eramateko.
  • 1700-11-17. Carlos II.a erregearen hileta elizkizunak Azpeitian ospatzea erabaki zuen probintziak.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan