Eguna: 10-7

  • 2018-10-7. Xanti Rodriguezen 'Lekaime' film laburra estreinatu zuten Sitgeseko Fantasiazko Nazioarteko Zinema Jaialdian.
  • 2018-10-7. Xiriako Gurrutxagari eskainitako eskultura jarri zuten Nuarbeko frontoian, Juan Mari Etxeberriak egina.
  • 2014-10-7. Jesus Guibert hil zen, Marcial Ucin enpresako kudeatzaile ohia.
  • 2009-10-7. Alcorkon futbol taldeak Lagun Onak Espainiako Kopatik kanporatu zuen, Garmendipen 1-2 irabazita. 33 urte eta gero Espainiako Kopan izan zen Lagun Onak.
  • 1979-10-7. 1979ko Kilometroak ospatu ziren herrian. Gipuzkoako ikastolen elkarteko festaren hirugarren edizioa izan zen.
  • 1969-10-7. Atzegi Elkartearen alde zekorketa jaialdia ospatu zuten herrian, eta hurrengoek hartu zuten parte: Alfredo Urbina 'El gran Babali', Miguel Angel Iriarte 'Miguelito Sarralle', Iñaki Iztueta 'Aia' eta Antonio 'El Campi—n'-ek.
  • 1956-10-7. Julen Urbieta eta J. Mari Iriondo neurtu ziren lasterkan zezen-plazan, 8.000 metrotan. Urbietak irabazi zuen, 30 minutu eta zortzi segundotan; bigarrenak 30 minutu hamazazpi segundo eta erdi behar izan zituen.
  • 1941-10-7. Alkateak jakinarazi zuen Buenos Aires hirian Felix Ortiz eta San Pelayo herritarrak hil zirela.
  • 1940-10-7. Herritarrei segurtasuna eskaini nahirik, gaueko zaindarientzat pistolak edo errebolberrak erostea erabaki zuten, aurretik agintari nagusiei horretarako baimena eskatuta.
  • 1940-10-7. Aho batez erabaki zuten Azoka plazan ziren komunak botatzea, eta jaso zitekeen materialarekin haurren eskolan komunak egitea.
  • 1872-10-7. Soraluzeko Euskalduna arma fabrikako zuzendariek, idatzi baten bidez, herriak erositako 54 Remington fusilak ordaintzeko eskatu zuten; guztira 16.200 erreal. Erantzun zieten une hartan ezinezkoa egiten zitzaiola Azpeitiko herriari ordaintzea, karlisten altxamendua izanik gastu handiak egin zituztelako.
  • 1861-10-7. Bilboko Telegrafo elektrikako zuzendariak idatzitako gutunaren berri eman zuen alkateak, eta galdetu zuen Espainiako Estatuaren eraikinik ba ote zen herrian, estazio bat jartzeko. Lokal bat egokitu zitekeela erantzun zioten, seguruenik Santo Domingo komentua izandako lekuan.
  • 1837-10-7. Inazio Alzola diputatuarekin eta Tertzioen ofizialekin bilduta, lurraldeko komandante Hermenegildo Alberdik eginiko eskaera aztertu zuten, hil haren 11rako 50 gizonezko prestatzeko. Zozketa egitea erabaki zuten, kapitainen artean lehenengoz zein konpainiak irtengo zuen erabakitzeko.
  • 1815-10-7. Herri Batzar nagusian Gaztelako Kontseilu Nagusiari herriaren lurrak saltzeko baimena eskatu edo ez eztabaidatu zuten, era horretan zorrak ordaintzeko. Herriko agintariei eman zieten gestioak egiteko ardura.
  • 1782-10-7. Bixente Bergaretxerekin eskritura sinatu zuten, Frantzisko Ibero maisuak emandako itxuran sakristiako kaxoiak egiteko.
  • 1765-10-7. Antonio Etxeberriarekin eskritura sinatzea erabaki zuten, Inazio Ibero maisuak prestatutako moduan Urrestillan iturri berria egiteko.
  • 1594-10-7. Urte hartan, momenturako eta udaberrira bitartean, Enparanen egurrezko zubia egitea erabaki zuten.
  • 1585-10-7. Beharrizanei erantzun ezinean zegoen herria, zorretan murgildurik, eta derrigorrezkoa egiten zen herritarren artean dirua biltzea. Hala ere, ikusirik irain bat zela guztientzat eta kontuan izanik erabiltzen ez ziren lurrak zituela herriak, haiek errentan ematea erabaki zuten.
  • 1585-10-7. Jabeturik baso zati handiak zituela herriak Izarraitz, Odria, Elosiaga, Allorbe eta Egiandia inguruetan, leku horietan zuhaitzak landatzea erabaki zuten.
  • 1568-10-7. Parrokiko elizak nolakoa izan behar zuen erabakitzeko, herritar guztiak hilaren 10ean kanpoko enparantzan biltzea onartu zuten.
  • 1566-10-7. Nikolas Saez de Elolak sortutako kaperarako organo-jole on bat aurkitzea erabaki zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan