Eguna: 11-25

  • 2020-11-25. 2.118 lagunek eman zuten izena Azpeitian Euskaraldiaren bigarren ediziorako.
  • 2017-11-25. Jose Ignazio Orbegozo 'Arria II'.ari omenaldia egin zioten Izarraitz frontoian, aizkoran egindako ibilbideagatik.
  • 2015-11-25. Gorakadaren 'Moby Dick' lanak irabazi zuen Euskal Antzerki Topaketetako Ikusleen Saria.
  • 2014-11-25. Nafarroako Gobernuaren Sorkuntza Literarioko Saria irabazi zuen Koldo Azkune Etxebarrik, 'Garatea' nobelarekin.
  • 2008-11-25. Fernado Morillo idazle azpeitiarrak 'Zure animaren truke' liburua aurkeztu zuen, Txalaparta argitaletxearekin.
  • 2003-11-25. Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna azaroaren 25ean izaten dela-eta, Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuak Batzordeak tratu txarren gaia landu eta kaleratu zuen. 2002an, adibidez, herrian tratu txarren 26 kasu salatu zirela esan zuen.
  • 2001-11-25. Ikasberri Azpeitiko Ikastolak antolaturik, Euskal Ezkontza antzeztu zuten herriko kaleetan.
  • 2001-11-25. Udal Musika Bandak Felix Gurrutxaga kidea omendu zuen.
  • 2000-11-25. Granadan (Espainia), Espainiako kirol eskalada Kopan, Leire Agirrek lehen postua lortu zuen bigarren proban.
  • 1982-11-25. Aitonena jubilatuen egoitzako arautegia onartu zuten.
  • 1936-11-25. Komandante militarrak adierazi zuen Alemaniak eta Italiak Franco jeneralaren gobernua aitortu zutela. Ondoren, Udalak haien kontsulatuetara zorionak emanez idaztea erabaki zuen, baita Portugalgoari ere.
  • 1907-11-25. Diputazioak esan zuen ontzat hartzen zuela herriak proposatutako zerga igoera, eta Udalak erabaki zuen herrian egindako sagardoari litro bakoitzeko bi zentimoko zerga ezartzea.
  • 1901-11-25. Udalak, Azoka plaza berriaren obren zuzendariak egindako proposamena irakurri ondoren, maiatzaren 1a jarri zuen obra amaitzeko epe bezala.
  • 1895-11-25. Alkatearen mozioa onartuz eta ibaiak zaindu beharra derrigorrezkoa ikusirik, Manuel Olaizola izendatu zuten ibaiak zaintzeko otsailaren 15a bitartean. Egunean pezeta erdia ordaindu zioten.
  • 1823-11-25. Herritar bereziekin bildurik eta, probintziak aginduta bezala, herritarren zerrenda osatu zuten: batetik, agintea eskura zezaketenak zeuden eta, bestetik, Frantziako indarrekin bat eginik ibili zirenak.
  • 1811-11-25. Herria larrialdi handian zegoen, hurrengo egunean herrian zen tropari hornikuntza egiteko inolako alerik gabe. Horrela, Udalak apaizei erregu egitea erabaki zuen eta herritar bereziei gutuna idatzi zien, larrialdiari aurre egiteko anega batzuk bada ere eman zitzatela eskatuz.
  • 1729-11-25. Sagardoa salgai jartzeko zozketa egin zuten, eta txandak izendatu zituzten.
  • 1729-11-25. Antonio Kortak, Legorretako etxean konponketa lanak egiteko, egurra ebakitzeko baimena eskatu zuen, eta baiezkoa eman zioten.
  • 1700-11-25. Herrian sagardo txarra saltzen zelako kexa zegoen, batez ere Gabriel Aizpuruk eskaintzen zuenari buruz. Hala, Udalak haren bodega itxi eta salmenta debekatzea erabaki zuen.
  • 1692-11-25. Ardoaren hornikuntza egiten zutenei ehun errealeko isuna ezartzea erabaki zuten, herriko tabernetan hutsune asko izan zirelako.
  • 1653-11-25. Alkateak San Agustingo sarrerako atearen gainean egon ohi zen herriaren armarria zergatik kendu zuten jakin izan nahi zuen, eta herriak zeuzkan eskubideak kontuan izanik berriro jartzea derrigorrezkotzat zuela adierazi zuen. Alkatea eta fidelari agindu zieten komentuko priorearekin harremanetan jarri eta armarri berria egiteko, lehengoa zegoen tokian jartzeko.
  • 1640-11-25. Herri Batzar nagusian alkateak Gipuzkoako azken batzar nagusiak hartutako erabakiaren berri eman zuen: herriko konpainiak Lezora irtetea urtarrilaren 15ean, han geldituz hilaren bukaera arte. Horretaz gain, alkateak zioen kontuan eduki behar zirela gastuak eta aurkitu egin beharko zirela armak; izan ere, herrian arma gutxi zeuden, aurretik joandako soldaduek ez zituztelako guztiak itzuli. Aho batez erabaki zuten kapitain ohi Domingo Lopez Arandiari kontuak eskatzea, baita harekin agintean egon zirenei ere; ondorengoei ere gauza bera egin zieten, herriak zituen armekin zer gertatu zen jakiteko.
  • 1640-11-25. Herritik irtengo zuen konpainia 80 lagunez osatutakoa izatea erabaki zuten, eta zilarrezko erreal bat eman zioten kide bakoitzari.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan