Eguna: 11-23

  • 2016-11-23. Igor Froilanek irabazi zuen 2016ko Mendiko eta Udazkeneko Argazki Rallya.
  • 2013-11-23. Jorge del Cidek eta Nerea Odriozolak automobilismoko Lurreko I. Open Txapelketa irabazi zuten, Errioxan.
  • 2001-11-23. 'Euskara, gu geu gara bidea' kanpaina aurkeztu zuen Udalak.
  • 1996-11-23. Ikasle Eguna egin zuten, 'Autoritarismoari tururu' lelopean, Ikasle Abertzaleek antolatuta.
  • 1931-11-23. Urrestilla eta Nuarbe auzoko biztanle batzuek eskatu zuten herriak egunean hiru bidaia autoan eskaintzen zituen Pablo Azkueri urtean bostehun pezetako laguntza ematen jarraitzea. Horrela erabaki zuten, baina alkateari behar zen tokian gestioak egitea eskatu zioten, zerbitzu hori egiteko Azkuek zeukan esklusibitatea ezerezean uzteko.
  • 1931-11-23. Lopetegi zinegotziak eskatu zuen sagardoaren zergarik ez ziela kobratu behar etxeko sagarrarekin eta etxerako egiten zuten baserritarrei. Agintarien artean era guztietako iritziak agertu ziren. Alkatea eta Alejandro Orbegozo haserretu egin ziren azkenean eta, erabakia hartzeko betarik gabe, ezerezean gelditu zen batzarra.
  • 1892-11-23. Iturriagatxo harkaitzetik Errekaldera bitarteko bidea egiteko enkantea abenduaren 6an egitea erabaki zuten; goizeko hamaiketan egingo zuten.
  • 1874-11-23. Joxe Inazio Galdos parrokiko erretoreak Udalari gutun baten bidez esan zion eskuetan zuela alkateak bidali zion San Agustin elizako giltza, baina jakinaraziz nolako egoeran zegoen eliza, baita sakristia ere. Hala, esan zion beharrezkoa zela obra batzuk egitea zerbait egokitzeko, elizkizunak bertan antolatzen hasi aurrez. Herriak berak zeukan komentuaren jabetza. Azkenean Udalak eskatu zuen egokitze lanak aurrera eramateko, edo herritarrek horretarako egin zitzaketen eskaintzak onartzen zirela, batez ere dirua aurreratuz inolako interesik kobratu gabe. Udalak hilaren 29rako Herri Batzar nagusia egiteko deialdia egitea erabaki zuen, arratsaldeko hiru eta erdirako.
  • 1868-11-23. Manuel Mari Caballerok, Juan Amezuak parrokirako egindako organoari buruz iritzia eman behar zuen eta, hala, hark idatzitako bi gutun irakurri zituzten: lehenena Covadongan (Espainia) idatzia hilaren 14an eta bigarrena 21ean, herriratu zela esanez eta prest zegoela organoa aztertzeko. Aldalur organo-joleari albiste hori pasatu zioten, jakiteko prestaturik zuen edo ez, eta ez balu, jakinarazi zioten egokia zela Caballerorekin batera organoa ikustea hurrengo eguneko arratsaldeko lauretan parrokian.
  • 1856-11-23. Prozesioan Loiolara joanez utzi zuten San Inazioren zilarrezko irudia jesuiten eskuetan, gorde zezaten.
  • 1811-11-23. Herrian zen komandanteak bere ospitalerako berehala hamasei ohe eramateko eskatu zuen, eta erretoreari, Urrestillako bikarioari eta Elosiaga eta O├▒azko apaizei idaztea erabaki zuten, hauxe eskatuz: meza garaian bertara joandakoei eskatzeko oheak edo eurek behar zituzten jantziak.
  • 1680-11-23. Kontuan izanik ordutik Garizumaren hasiera bitartean kalte handiak egin ohi zirela ibaietan -amuarrain asko harrapatzen zutelako-, bi parrokien bidez adierazi zuten debekatutako sareak eta tresnak erabiliz ezin zela arrantza egin ibai eta erreka guztietan, bi milako maraiko isuna eta hamabost eguneko kartzela zigorraren azpian. Jakinik kalterik handiena Barrenola inguruko errekan egin zitekeela, hori ongi zaintzeko agindu zieten Inazio Etxaniz eta Antonio Erkizia erregidoreei. Janariak kanpora saltzea ere debekatuta zegoela esan zuten parrokien bidez, hori ere bi milako maraiko isuna eta hamabost eguneko kartzela zigorraren azpian.
  • 1680-11-23. Janariak kanpora saltzea ere debekatuta zegoela esan zuten parrokien bidez, bi milako maraiko isuna eta hamabost eguneko kartzela zigorraren azpian.
  • 1653-11-23. Herritarren gogoa parrokia egokitzea eta amaitzea zen, eta Joakin Mendizabal fidelari eta Saloguen lizentziatuari agindu zieten inguruko maisuei deitzeko, horien iritziak jasotzeko.
  • 1595-11-23. Herriak Agustin Amezketa zirujauarekin eskritura sinatu zuen, hamabi dukat ordainduz urtean. Izan ere, Bixente Egibarri ezinezkoa egiten zitzaion herriari behar bezalako zerbitzua ematea.
  • 1592-11-23. Ikusirik Bixente Egibar zirujaua elbarri zegoela, bere posturako beste norbait aurkitzea erabaki zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan