Hamarkada: 1810

  • 1819-10-31. Herri Batzar nagusian irakurri zuten Frantziskanen komentuko buruak eginiko ondoko eskaintza eta eskaera: euren komentua eta Urola ibaiaren arteko zelaiari buruz 1753an eginiko eskritura aurkitu zuela eta herriak ematen zion lurraldearekin trukaketa egiteko prest zegoela. Herriko agintariei eman zieten eskritura sinatzeko ahalmena.
  • 1819-6-28. Egindako eskaerari erantzunez, Urrestillak Udala edukitzea lortu zuen, baina inolako lurralde mugaketa egitera iritsi gabe eta, gainera, herri bezala ezagutzeko mila biztanle osatu ezinean gelditu zen. Beraz, probintziari idatzi baten bidez Urrestillako Udalak eskuratutako zergak herriaren kaltetzat ez izatea adieraztea erabaki zuten.
  • 1819-6-16. Oñazko San Juan eliza altxatzeko Inazio Bixente Errazti perituaren plangintza ikusi eta gero, errematean jartzea erabaki zuten uztailaren 25ean.
  • 1819-5-25. Olazko ermitan eta Elosiagako elizan eginiko konponketa lanak ordaindu zituzten.
  • 1819-5-5. San Pedro eta San Miguel ermitak ikusteko batzordea izendatu zuten, ondoren bertan konponketa lanak egiteko.
  • 1819-4-21. Faustino Arevalo Loiolako Ikastetxe Errealeko erretoreak egindako eskaeraren berri eman zuten. Unean bertan ziren 23 lagunentzako 100 zama egur erregutu zituen, eta herriak erabaki zuen Arevalok mendi eta basoen ikusleak aukera zitzala.
  • 1819-4-12. Fiskal eklesiastikoak parrokiko apaizak izendatzeko oposaketa egitea eskatu zuela jakinik eta, nolabait, herriaren eskubideak eta herritarren bideak mozturik uzten zituela ikusirik, herriak auzitegi eklesiastikoko ordezkari bat izendatzea erabaki zuen behar ziren gestioak egiteko; hau da, eginiko eskaera ezerezean uzteko.
  • 1819-3-28. Fernando VII.a Espainiako erregeak emandako zedula baten berri eman zuten, herriek arerioen menpean izandako denboraldian eginiko lurralde salmentak inolako baliorik gabe uzten zituen, baldin eta herrien zorrak ordaintzeko beharrezkoak izan ez baziren. Udalbatzarretan jasotako aktetan adierazi beharko zen. Ezer gabean utzi zituen aurrez tasatu gabe egin ziren salmentak ere. Egindakoa ontzat hartuta, herriak ez zuen erabakirik hartzen, baina korrejidoreak eginiko beste agindu bati erantzun beharko zion hamabost egunen barruan, 1808tik aurrera herriak saldu zituen lurren zerrenda aurkeztu beharko zuen, prezioa izendatuz.
  • 1816-4-1. Gaztelako erregeak Jesusen Lagundiaren berrezarkuntza sinatu zuen Loiolako Ikastegian.
  • 1815-12-17. Herriak nolako zergak jasotzen zituen eta bertan ziren tropei egiten zieten hornikuntzari buruzko xehetasunak emanez idatzia Diputazioari zuzentzea erabaki zuten Herri Batzar Nagusian. Bertakoek jakin zezaten ezinezkoa zitzaiola Azpeitiko herriari tropen hornikuntza egitea zor handitan sartu gabe.
  • 1815-12-13. Frantziako eta Espainiako tropei egindako hornikuntzak medio, Azpeitiko herriak lau milioi errealeko gastua egin zuen. Hori zela-eta, Frantzisko Joxe Enparani erregearen kontseiluan gestioak egiteko eskatu zioten, herriarentzat laguntza lortzeko.
  • 1815-10-29. Fidelak Herri Batzar nagusian Trinidad Porcelek idatzitako gutuna aurkeztu zuen, Bikuña etxea kuarteltzat harturik zelako kexa aurkeztuz. Hari erantzutea erabaki zuten, Espainiako tropak bertan ziren bitarteko denboraldia ordainduko ziotela adieraziz, baina etxean izan zitzakeen gainontzeko kalteak ordaintzeko eskatu gabe; bestela, beste herritar askok ere gauza bera egingo zutela eta ezinezkoa zela guztiei erantzun egokia ematea.
  • 1815-10-8. Diputazioak bidalitako ofizio baten berri eman zuten: Cadizko (Espainia) itsasontzi batean sartu zutela San Inazioren zilarrezko irudia, Donostiara bidean zela, eta Cadizen zeuden euskal herritarrek eginiko gastuak 4.800 errealekoak zirela -Donostian jarri beharko zuen diru kopurua Azpeitiko Udalak, baita jesuitentzat eginiko diru bilketatik hartu behar bazuen ere-. Hari erantzutea erabaki zuten, agintari nagusiek emandako aginduari erantzunez, esanez herriak bidali zuela dirua, eta irudia herriratzean egingo zituztela beharrezko elizkizunak.
  • 1815-10-7. Herri Batzar nagusian Gaztelako Kontseilu Nagusiari herriaren lurrak saltzeko baimena eskatu edo ez eztabaidatu zuten, era horretan zorrak ordaintzeko. Herriko agintariei eman zieten gestioak egiteko ardura.
  • 1815-10-1. Herri Batzar nagusian herriaren egoera larria azpimarratu zuten, beharrezko hornikuntzak egin ezinik zegoelako eta bertan zen tropari laguntza eman ezinean zelako, inolako dirurik gabe. Diputazioari guztiaren berri adieraztea erabaki zuten.
  • 1815-9-5. Alkateak jakinarazi zuen nola jaso zuen albistea kuartel nagusitik, lehen dibisioko tropek zein herritan gelditu behar zuten esaten zuena. Haren arabera, herri horietako bat Azpeitia zen, ospitale militarra bertan ezarriko zen, eta herriko etxeetan banatuko zituzten zenbait erizain eta militar ofizial. Diputazioari esatea erabaki zen nolatan hartu zen horrelako erabaki bat aurrez herriarekin harremanik izan gabe eta ostatua eskaintzeko tokirik izan gabe; jakinarazi zioten Azkoitian erosotasun handiagoa izan zitekeela.
  • 1815-9-2. Abuztuaren 28an hartutako erabaki bat beterik, herriko erretoreak, agintariak eta herritar berezi batzuk bildu ziren eta batzordea osatu zuten. Korrejidorearen idatzia eta orden erreala irakurri zituzten, eta zera agindu: herria Frantziako troparen mendean izan zenean, izandako jokaera biltzeko (herritarren sentimenduak, ekintza heroikoak eta abar), ondorengoentzat jasorik geldi zitezen, historiaren zati bat osatuz horrela. Erantzun beharreko agindua zela jabetuz, batzordea izendatu zuten, guztiaren berri jakiteko eta txostena idazteko.
  • 1815-9-2. Herriko lurraldean ziren sendien kopurua eman zuten, baita biztanle kopurua ere: herri barruan 320 sendi, 1.287 arima; Urrestillan 72 sendi, 265 arima; Izarraitz auzoan 74 sendi, 331 arima; Elosiaga auzoan 79 sendi, 378 arima; Oñatz auzoan 79 sendi, 433 arima; Loiola auzoan 52 sendi, 244 arima; Odria auzoan 41 sendi, 242 arima; Aratz auzoan 54 sendi, 355 arima; Eizagirre auzoan 60 sendi, 352 arima. Guztira, 831 sendi, 3.857 arima.
  • 1815-8-13. Diputazioak agintari nagusiek jesuitak penintsulara itzultzeko laguntza aurkitzeko egin nahi zuten postulazioaz idatzi zuen. Herriak erantzun zuen hilaren 10ean 2.648 erreal bildu zirela eta oraindik Urrestillakoa egiteko zela.
  • 1815-8-4. Diputazioaren ofizioa eta Espainiako Gobernuko Epai Ministerioak emandako agindu erreala irakurri zituzten. Aurrez zeuzkaten ikastetxeetara berriro jesuitak itzultzeko eskaera egitera bultzatu zuten herria. Herriko erretoreari ez ezik, Urrestillakoari eta Matxinbentakoari diru laguntza eskatzeko gogo bera euren elizetan eliztarren artean susper zezaten eskatzea erabaki zuten.
  • 1815-7-23. Probintziaren eskaerari erantzunez Gaztelako Kontseilu Nagusiak emandako erreal probisioaren berri adierazi zuen Diputazioak. Elizetako pulpituetatik aginduak zabaltzeko antzinako ohitura berriro berritzeko zioen probisioak, eta erretoreari jakinaraztea erabaki zuten.
  • 1815-5-29. Jesusen Langundia berrezartzeko agindu erreala sinatu zuten.
  • 1815-5-13. Madalenako ermitaren egoera ikustea erabaki zuten, hondamen itxura handia agertzen zuelako.
  • 1815-5-11. Diputazioari herriaren egoera larriaren berri ematea erabaki zuten. Udal langileen soldatak ezin zituztela ordaindu eta azken urteetan ezer kobratu gabe zeudela esan zioten, eta aurrerantzean zerbait jasotzeko itxaropen txikiarekin zeudela. Erregutzea onartu zen, herrian saltzeko zegoen pitxar ardo bakoitzari lau laurdeneko zerga ezartzeko baimena eskatzeko. Lortutako dirua, sendagile, zirujaua, gramatika maisua, mutiko eta neskatxen irakasleek, eskribaua, postaria, udaltzain eta abarri soldatak ordaintzeko izango zen.
  • 1815-5-11. Aguraingo eskribauaren gutuna irakurri zuten. Bertan Frantzisko Inazio Ganboa maisuari buruz zenbait xehetasun ematen ziren. Jenio lasai eta trankila zuela eta eztabaiden etsaia zela zioten; bi hitzetan, pertsona ongilea. Haren ikasleen artean sekulako aurrerapenak nabaritu zirela ere esan zuten.
  • 1815-5-1. Odria, Elosiaga eta Etxaizmendiko baserritarrak kexatu egin ziren, herrian zegoen tropari belarra ematean ez zutelako proportzioan egin. Jakinekoa zen hurbil bizi zirenei ganaduentzat behar zutena kendu egiten zietela, erraztasun osoz. Beraz, banaketa ez zela proportzioz egiten uste zuten. Gertatzen zenaren berri kapitain jeneralari jakinaraztea erabaki zuten, neurriak har zitzan.
  • 1815-4-8. Hurrengo udalbatzar nagusian herriaren egoera larria aztertzea erabaki zuten. Herritarrek atzerritar eta nazional tropari aurreratutako genero guztiak ezin ziren ordaindu. Beraz, gauzak horrela, udal langileei soldata gutxitu behar ote zieten aztertuko zuten eta, bitartean, soldatarik ez banatzea erabaki zuten.
  • 1815-4-6. Herrian egon zen 'Guadalajara' erregimenduak alde egiteko asmoa zuela ikusirik, egokia iruditu zen hari emandako olio, egur eta lastoaren agiriak jasotzea eta Gerrarako komisario Lorentzo Tagleri erakustea, horren guztiaren berri jakitean hark errezibu bat sina zezan.
  • 1815-4-3. Ikusirik herrian zegoen troparen buruek kalte handiak egiten zituztela nekazarien soro, baratza eta basoetan, iskanbilak sortuz askotan, herriak erabaki zuen 'Guadalajara' erregimenduko komandanteari eta gerra komisarioari idaztea gertatzen zena, jakinaraziz ahalik eta azkarren beharrezko neurriak hartzeko.
  • 1815-3-17. Herrian zen Gaudalajara erregimenduko komandanteak zera adierazi zion Udalari: tropa zegoen tokia beharrezkoa zela garbitzea eta txukuntzea. Herriak hari adierazi zion ezinezkoa egiten zitzaiola beste toki bat hobea aurkitzea, eta herriko etxeetan eta konpainia batzuk inguruko herrietara zabaltzea egokia izango zela egun batzutan behintzat, orduan zuten tokia egokitzeko.
  • 1815-2-1. Probintzian ziren tropak zituzten beharrei erantzuteko, hilean 80.000 erreal behar zirela jakinarazi zuen Diputazioak. Dirutza hori herrien artean banatuz eskura zitekeen. Egoki hartu zuen herriak, bertan zen tropari erantzuteko bi hilabetean beharko zuen olioa, egurra eta lastoa biltzeko gestioak egiten ari baitzen inguruko herriekin bat eginda.
  • 1814-12-20. Probintziari jakinarazi zioten herrian utzitako bi haur zirela eta, horiek hazteko emakumerik aurkitu ez zenez, neurriak hartzeko ere eskatu zioten.
  • 1814-11-24. Alkateak gogorazi zuen nolatan aurkitu zuten utzitako haur bat hilaren 20an Aginanagaetxe baserriaren inguruan, Urrestillarako bidean. Bataiatu egin zutela zioen, 'Maria Azpeitia' deitura jarrita. Horren berri Diputazioari ematea erabaki zuten, haren gurasoak aurkitzea ezinezkoa izan zela esanez, gestioak egin baziren ere. Beste zerbait agintzen zuen bitartean, errukietxera pasatu zuten.
  • 1814-11-20. Bezperan Diputazioak idatzitako gutunaren berri eman zuten: herrian zen tropari hornikuntza egiteko Bidania, Goiaz, Albiztur, Antzuola eta Ezkioga herriek lagunduko zuten. Berehala idatziak bidaltzea onartu zuten, eta Azpeitian egingo zen bilerarako ordezkari bat izendatzea eskatu zuten. Hor erabakiko zen bakoitzak egin beharko zuena.
  • 1814-11-20. Utzitako haur bat aurkitu zuten gauez, Urrestillarako bidean, Aginagaetxe inguruan.
  • 1814-11-16. Herria une larrian zegoen; besteak beste, bertan zegoen tropari hornikuntza egiteko diru sarrerarik gabe. Hori kontuan hartuta, probintziari guztiaren berri jakinaraztea erabaki zuten.
  • 1814-11-13. Antonio Xabier Etxanizek herriari txosten bat eskatu zion, herria atzerritarren menpean izatean berak izandako jokaeraren berri emanez, ezbehar guztietan laguntza eskaini baitzuen eta bi bider herria erretzeko asmoak baretu baitzituen. Jeneral batek haren heriotza eskatu zuen, ondorioz. Udalak erabaki zuen ezinezkoa zitzaiola herriari bere aldeko ezer esatea, behintzat egia esatekotan; gogoan baitzuen 1811ko azaroaren 20an komandante frantziarrari gazte bat ez fusilatzea erregutzeko eskatu ziotenean, bera beste hogei fusilatzeko berrehun sinadura biltzeko prest agertu izana.
  • 1814-11-5. San Agustin komentuan zeuden lau konpainia bertatik atera nahirik, herriaren harategi etxea, udaletxea eta Etxaniz etxea eskaintzea erabaki zuten, eta Bixente Errazti maisuari agindu zioten komentua ikustea, hondamenean zen edo ez jakiteko.
  • 1814-10-27. Ezpeleta komandanteak idatzitako gutunaren berri eman zuten. Tiro batzuk botatzeagatik Guadalajara erregimenduko sarjentuek nekazari bat atxilotu zutela adierazi zuten. Horrez gain, nekazarien aldetik ez ezik, beraiek zaindu behar zituztenen aldetik ere astakeriak egiten zirela adierazi zuen gutunak. Gertatu zenaren berri probintziaren jakinean jartzea erabaki zuen Udalak, modu horretan herria igarotzen ari zen une gogorra adieraziz.
  • 1814-10-26. Karaurgi, Mañeru, Mendigorria eta Garesko alkateei idaztea erabaki zuten, ardo zahar eta berrien prezioez galdetuz, herria hornitzen zutenekin neurriak hartu asmoz.
  • 1814-10-4. Herri Batzar nagusian eztabaidatu zuten zer eratan egin behar zioten eskaera Espainiako erregeari jesuitak berriro Loiolako santutegira buelta zitezen. Iritziak jaso ondoren, parrokiko apaizekin harremanetan jartzea erabaki zuten, eta haiekin bat eginik idatzia prestatzea.
  • 1814-8-18. Espainiako erregeak abuztuaren 1ean emandako zedula errealaren arabera, udal berria osatu zuten. Ohitura jarraituz, herriko dorreko kanpaiak deituta bildu ziren batzarrean. Erregearen zedulak, unean ziren udalak ezerezean uzten zituela adierazi zuen, eta 1808an zeukaten egiturakoak jarri behar zirela berriro. Garai hartan egindako hauteskundeak aztertzean jakin zuten Joxe Inazio Altuna zela alkatea eta Joxe Inazio Zuazola, Agustin Martin Altuna, Joxe Mari Azurmendi (+), Joxe Antonio Altube, Joxe Mari Zabala Antxieta, Joxe Inazio Arrieta (+), Inazio Mari Zabala eta Andres Landa batzarkideak. Hutsuneak betetzeko aukeraketa egin behar zuten, baina uste baino hutsune gehiago suertatu ziren, batzuk hilik eta beste batzuk unean jarritako gobernuaren aurka ibili baitziren; Joxe Inazio Altuna alkatea bera eta Joxe Mari Azurmendi, adibidez.
  • 1814-8-14. Herri Batzarrean adierazi zuten Espainiako erregeak foruak berretsi zituela.
  • 1814-8-13. Probintziak hilaren 12an idatzitako gutun batean adierazi zuten erregeak hiru probintzietako (Araba, Bizkai eta Gipuzkoako) foruak, ohiturak eta askatasuna onartu zituela. Herriak pozik jaso zuen berria.
  • 1814-8-5. Manuel Olaizola udaltzainak herriko agintarien aurka hitz egin zuen azken egunetan. Udalak neurriak hartzea erabaki eta idazkariaren bidez batzarrera deitzea erabaki zuen. Batzarrean jokaeraren berri agertu zioten, besterik gabe, baina bide berean jarraituko balu legez zigortu eta bere agintaritza postua galduko lukeela azaltzen zioten. Olaizolak guztien aurrean esan zuen ez zuela berriro horrelakorik egingo.
  • 1814-8-2. Aurreko gauean komandante nagusiaren etxeko sarrera zaintzen zegoen guardiak baionetaz zauritutako zezenkoa hil zen. Gertakizunari buruz hitz egin zuten, herriari kalteak sortu baitzekizkiokeen haragia saldu ezean. Ikusita haragia ongi zela, zezenkoaren jabeari eta herriko harakinari deitzea erabaki zuten, egokia iruditu bezala ordaindu eta salketa egiteko. Azkenik, harakinak 26'50 erraldeko hogei erreal ordaintzea erabaki zuten, eta bakoitzeko beste lau erreal eman beharko zituen herriak jasotako kaltearen ordaintzat, baita beste bederatzi duro ere, aurreko egunean jolastu zena zezenkoa zelako.
  • 1814-8-1. Arratsaldez plazan jolastu zen zezen bat baionetarekin zauritu zuen guardian zegoen soldadu batek.
  • 1814-7-8. Herritar batzuek egin zuten kexa aztertu zuten. Herritar horiek hilaren 6an eta 7an ardiak zaintzen ziren ume batzuk soldaduek beldurtu zituztela eta umeak ihes egitean soldaduek lau arkume bereganatu zituztela adierazi zuten. Herrian ziren soldaduen buru zen jeneralari idatzi baten bidez gertatutakoaren berri agertu zioten, neurriak hartzeko eskatzeko.
  • 1814-7-6. Inazio Mari Zabala Antxieta Urrestillako alkateak herriaren baimenik gabe Urrestillan ziren soldaduei emateko basoetan egurra ebaki zuen, eta herria bertan ziren soldaduei eskaintzeko egurrik gabe gelditu zen. Horregatik, Eizagirremendiko biztanleenekin bakarrik konformatu beharko zuela esan zioten, eta herriaren basoetan norbait bazen lapurtzat hartuko eta behar bezala zigortuko zutela jakinarazi zuten.
  • 1814-7-6. Urrestillako alkateak lapurtzat hartu zutelako kexatuz erantzun egin zuen, eta Udalak halako irainik egiterik ez zuela sekula pentsatu, baina baimenik gabe ezin zezakeela herriaren basoetan egurrik ebaki azaldu zuen.
  • 1814-5-4. Fernando VII.ak Espainiako Konstituzioa deklaratu zuen, eta aurrez emandako dekretuak eta ekintzak ezerezean gelditu ziren.
  • 1814-4-19. Bere garaian eskatutako 24 gurdi eta mandazain herriak ez zituelako prestatu, herria militarrez bete zuten erantzun ezinezko zorrak sortuz. 120 soldadutik gora joan ziren bertara, herritar bakoitzari 100 erreal eta 96 oinetako pare eskatu zieten ordaintzat, politiko nagusiaren baimenarekin. Hainbeste sakrifikatu zen herriak ez zuen horrelako zigorrik merezi. Beraz, idatzi gogor baten bidez, hari adieraztea erabaki zuten ez ziola behintzat gehiegi laguntzen herriari burua altxatzen eta Udala osatzen zuten guztiek bat-batean euren postuak utziko zituztela; hau da, une horretatik aurrera herria agintaririk gabe gelditzen zela.
  • 1814-3-29. Erretoreordearen aginduaren berri emanez eta gutunari erantzunez Politiko Nagusiak idatzi zuen: Fernando VII.a erregearen etorrera ospatzeko jaialdiak egitea eskatu zuen, gutxienez hiru gauetan argikuntzak eta 'Te Deum' kantatzea parrokian. Agindua osorik betetzea erabaki zuten.
  • 1814-3-6. Probintziko herri batzuek erretoreordeari zuzendu nahi zioten idatzia irakurri ondoren -gogoraziz nolako hondamena sortu zuten gerrateek, gurasoen ondotik ateraz zenbait gazte eta ondasun gabe geldituz herriak-, Azpeitiko agintariek ere sinatzea erabaki zuten.
  • 1814-2-20. Loiolako ospitalean soldadu zauritu eta gaixo asko zeudelako, hango zuzendariak herriaren laguntza eskatu zuen. Baina herriak ezin zuela lagundu azaldu zion; izan ere, herrian geldituta zen tropari lagundu beharra zuen.
  • 1814-2-18. Gipuzkoako Politiko Buruak jakinarazi zuen Azkoitiko alkateari albistea eman ziotela herriaren ordezkari Joxe Bixente Errazti aukeratu zutela, Urrestillak eta Azpeitiak zituzten mugak seinalatzeko. Eta emandako agindua betetzea erabaki zuen herriak.
  • 1814-2-18. IV. Dibisioko komandante jeneralak herriari azaltzen zion bere langintzaren zentro bezala Azpeitia aukeratu zuela eta behar zuen guztia eman beharko ziotela. Udalak erantzutea erabaki zuen, ez zela bere ardura eskaerari erantzutea eta, gainera, ezin zuela.
  • 1814-2-8. Atzeratu zirenei eskaera luzatzeko abenduko azken kontribuzioa ordaindu behar zuten guztien zerrenda osatzea erabaki zuten.
  • 1814-2-6. Herriari dirua aurreratu zioten zenbaiten beharra ikusita, batzorde bat sortzea erabaki zuten herriaren lurrak neurtu eta salneurria jartzeko, ahalik eta azkarren lurrak saldu eta herriak zorrak ordain zitzan.
  • 1814-2-4. Karlos San Juanen gutuna irakurri zuten; Elgoibarko ospitaleari herriak zor zizkion 7.000 erreal berehala ordaintzeko agintzen zuen. Gipuzkoako Politiko Buruaren egunean 312 erreal ordaintzeko aginduz eta atzera utzitakoak, Frantziaren aurka ahalegindu ziren soldaduen beharrei erantzuteko beharrezkoak nolanahi ere. Ospitalearekin harremanetan jartzea erabaki zuten eta herriak zor zuena ahalik eta azkarren ordaintzea.
  • 1814-2-4. Herrian egon ziren tropen beharrei erantzuteko Enparan jaunak eginiko diru ordainketak ikusi ondoren, harekin likidazioa egitea erabaki zuten.
  • 1814-1-29. Utzitako haurrak hazten zituzten inudeen egoera larria salatu eta Diputazioari jakinaraztea erabaki zuten, herriari ezinezkoa egiten baitzitzaion haien lana behar bezala ordaintzea.
  • 1814-1-7. Politiko Nagusiaren aginduz Antonio Sorondo agertu zen udaletxean, eta Bixente Etxeberria izendatu zuen herriaren ordezkari. Urrestillak aukeratu zuenarekin batera bien arteko mugak seinala zitzaten.
  • 1814-1-7. Espainiako Armadako IV. Dibisioko buruari neurriak hartzea eskatu zioten, herrian ziren bere soldaduek baserritarren artean izugarrizko indarkeriak egiten zituztelako.
  • 1814-1-4. Azpeitiar agintariek Diputazioari beraien ezustea aurkeztea erabaki zuten: Urrestillako hiriskak izendatu zuenarekin batera, herriaren ordezkari maisu bat izendatu zutela -inolako kontsultarik egin gabe- elkarren arteko mugak seinalatzeko.
  • 1814-1-2. Herriko diruzain Frantzisko Jauregik dimisioa eman zuen.
  • 1813-12-18. Agintariek deituta, Enparan aita-semeak, Alzaga, Iturriaga, Maiora, Altube, Errazti eta Zuazola bildu ziren agintariekin, horien oniritzia jaso nahi baitzuten gai batzuez. Herrian zen Ezpeleta jeneralak egindako idatzia irakurri ondoren, soldaduentzat egin beharreko hornikuntza aztertu zuten, eta guztien artean erabaki zuten herritarrei kontribuzioa ezartzea larrialdi horretan laguntza lortzeko. Sukalde bakoitzeko hamabi erreal ordaindu beharko ziren hilean, baina adierazi zuten ordainketa horren ordez gurdi bat egur eman zitekeela hilean. Hala, pertsona bat izendatzea onartu zuten lehen hilabetean eta egun bakoitzean beharko zen egurra inguratzeko, Konstituzio eta Guadalajarako erregimenduei eskaintzeko. Joxe Agirre aukeratu zuten lan horretarako, eta honek herriak aipatutako zerga ahalik eta azkarren kobratzeko eskatu zuen.
  • 1813-12-18. Une hartan herriak zuen egoera larriaren berri emateko politiko nagusiari idaztea erabaki zuten. Izan ere, Azpeitiko herria bi erregimenduren hornikuntza egiten ari zen, inolako laguntzarik jaso gabe. Gainera, egunean 312 erreal ordaintzen zizkion Elgoibarko ospitaleari. Egoeraren larriaren berri emateaz gain, baimena eskatu zioten politiko nagusiari lurjabeei %4ko zerga ezartzeko.
  • 1813-12-17. Aurreko egunean Urrestillak herri moduan sortzeko lortu zuen baimenaren berri ematera etorri zen Azpeitira Antonio Mari Sorondo. Azpeitiar agintariek erabaki horren aurrean protesta egin zuten, Urrestillak mila biztanle ez zituela esanez.
  • 1813-12-16. 1812ko maiatzaren 23ko dekretuari jarraiki, Urrestillak bere Udala alkatea, bi erregidore eta prokuradore batez osatu behar zuela adierazi zuen Diputazioak ofizio baten bidez. Horrez gain, lurrak banatzea agindu zuten, Azkoitiko alkatea lekuko zutela.
  • 1813-10-29. Herrian zen Kantabriako (Espainia) Usare taldeari eguneroko janari eta edari zatikoak eman ahal izateko, herritar berezienekin bilera egin zuten, zenbateko kontribuzioak eska zitezkeen erabaki nahirik. Herriak eguneko 151 zatiko prestatu beharko zituenez, Gipuzkoako politiko nagusiari gehiegizkoa iruditzen zitzaiela esanez gutuna idaztea erabaki zuten.
  • 1813-10-21. Parrokiko hautes junta aukeratu zuten herriko udaletxean egindako batzarrean -Espainiako Konstituzioak agintzen zuen moduan, meza santua entzun ondoren parrokian, berriro udaletxera itzuli eta aukeraketa egin zuten-.
  • 1813-8-23. Diputazioak idatzi zuen, esanez lau mila zatiko janari gerrako komisarioari emateko eta, aurreko egunez pulpitutik jakinarazi zuten bezala, jabeei aleak eskatzea erabaki zuten. Horrela egiten ez zuenari bi orduren barruan etxera militarrak bidaliko zizkiotela ere adierazi zuten.
  • 1813-7-10. Hitzez eta idatziz mehatxuak jaso zituen eta miseria osoan zen herria, Portugalgo armadarentzat sei mila zatiko ogi prestatzeko; beste 1.200 zatiko ogi Bizkaiko taldearentzat eskatzen zizkioten. Batzarrean, nahiz eta agintari gutxi izan, lurralde kontribuzioaren kontura 90 anega gari eskatzea erabaki zuten, eta 24 orduren barruan udaletxean bildu beharko ziren.
  • 1813-7-9. Tolosako herriaren gutuna jaso zuten, Diputazioaren beste batekin batera. Gutunean hilaren 7an Tolosan 60 uztarriko brigada osatzea erabaki zutela jakinarazi zuten, brigada horietako hemezortzi herriak jarri behar zituen. Baina inguruetako herrietako bizikaiak jasotzeko herriak uztarriak behar zituen, eta batzordeak emanda zituen egunero langintza hori egiteko, gutxienez 30 uztarri. Bestalde, duela zortzi edo hamar egun Tolosara eta Donostiara irten zuten 24 gurdi ez ziren oraindik itzuli, eta uztarri gutxi ziren herrian beharreko erantzuna emateko; gehienak, gainera, behiekin osatutako uztarriak ziren idiak haragitarako hil baitziren. Horregatik guztiagatik hemezortzi uztarri Tolosara bidaltzea ezinezkoa zela adierazi zen.
  • 1813-7-6. Herri Batzar nagusian Inazio Sanchezek bidalitako gutuna irakurri zuten. Gutunean, Frantzisko Xabier Losada jeneralaren aginduz inguruko herrietan zatikoak bilduko zirela jakinarazi zuten eta hiru mila zatiko ogi eta beste hainbeste haragi eskatzen ziren. Diputazioak bidalitako azken idazkiekin erantzutea erabaki zuten: herriak lehentasuna Diputazioari eman behar ziola, honek agindutakoan jasotzen baitzituen zatiko eskaerak eta, beraz, haren agindurik gabe ezinezkoa zitzaiola eskatzen ziren ogi eta haragi zatikoak herriari ematea.
  • 1813-6-22. Antzuolako alkatearen eskaera jaso zuten, frantziar soldaduei 600 zatiko eman beharrean baitzen. Herriak azken egunetan Bergarara bidali zituen janarien berri ematea erabaki zuen: zazpi mila ogi zatiko, zortzi mila haragi eta hogei anega arto hilaren 19an, eta, beraz, jakinarazi zuen ezinezkoa zitzaiola Antzuolako eskaerari erantzutea.
  • 1813-6-20. Kontuan izanik azkeneko zortzi egunetan Bergara eta Antzuola herriei zuzenduriko 8.200 zatiko eta gainontzean herritarrek aurreratutako beste zenbait gauza, laguntza emandako herritarrei ordainketa egiteko kontribuzioaren %8 kobratzea erabaki zuten.
  • 1813-6-18. Bergara eta Antzuolara bost mila zatiko eramatea erabaki zuten. Goizean izendatutako auzoetako arduradunetako batzuek ez zutela eskatuko erantzutean, herriak neurriak hartu behar izan zituen. Lili komandantearen baimenarekin, soldadu armatuak batzordekoen etxeetara bidaltzea erabaki zuten.
  • 1813-6-16. Zazpi auzotan eta herri barruan kontribuzioa banatzea erabaki zuten, Antzuolako alkatearen eskaerak erantzuteko: 85 sukalde zituen Elosiaga auzoak, 204 zatiko; 46 Loiolakoak, 111 zatiko; 71 Izarraizpekoek, 171 zatiko; 72 Oñazkoek, 168 zatiko; 44 Arazkoek, 104 zatiko; 64 Eizagirrekoek, 192 zatiko; eta 38 Odriakoek, 90 zatiko.
  • 1813-6-15. Gerra komisarioak eskatu zuen 600 zatikoa Antzuolara bidaltzea. Batzordeari erantzutea erabaki zuten, egiten ari ziren gestioen berri emanez, eskaera ahalik eta azkarren erantzuteko. Eskaeraren zati bat bidali zuten, ogia eta haragia bakarrik bidaliz arratsaldeko seietarako, ardoa eta pattarra bidaltzea ezinezkoa zitzaielako.
  • 1813-1-19. Korrejidorea egon zen herriko agintarien aukeraketan.
  • 1812-12-19. Azken egunetan herrian izan zen Domoustier jenerala eta, hark adierazitako idatziaren osagarri, Cafareli kondeari eta intendente nagusiari bidaltzeko asmoan, herriak bere aldetik prestatu zuenaren berri adierazi zuten. Bertan, Frantziako indarrak Azpeitian izan zirenean herriak nolako egoera ezagutu zuen adierazi zuten. Dumoustier jeneralaren tropak herrian eman zituen zortzi egunetan, herritarrek hainbat astakeri jasan behar izan zituzten: lapurretak, zigorrak... Hainbat herritar ezer gabe eta aurrera egiteko inolako itxaropenik gabe utzi zituzten. Herriak Domustier jeneralari berak ezarritako isuna bertan behera uzteko eskatu zion, nahiko sakrifizio pairatu baitzuen tropak herrian izan ziren bitartean. Gainera, nahiko lan izango zuen herriak hondamen hura gainditu ahal izateko. Gutuna Inazio Genaro Jauregi, Miguel Zuazola, Frantzisko Enparan, Joxe Ramon Elorza, Inazio Miguel Agote, Domingo Etxeberria, Manuel Ibero, Frantzisko Etxeberria, Antonio Etxaleku eta Joxe Inazio Abarrategik sinatu zuten.
  • 1812-9-19. Gutun baten bidez, Vives komandanteak agindu zion herriari 6.123 erreal Manuel Agirreri emateko eta, bestela, Inazio Bixente Maiora, Frantzisko Joxe Enparan, Domingo Etxeberria, Miguel Agote eta parrokiko erretorea atxilotuko zituela. Agindua irakurri ondoren, Zuazola alkateak Gabriel Mendizabal jeneralak Zumaiako kuartel jeneralean emandako agindua gogorarazi zuen: inor ez zedila sar Frantziako indarrak zeuden herrian, kalte handiak sor zitezkeelako. Hura kontuan izanik, erabaki zuten Vivesi esatea garai hartan ezin zitekeela inor irten herritik.
  • 1812-8-17. Kontribuzioak atzerapen handiarekin kobratzen zirela-eta, herriko idazkariari etxeen errentak eta lurralde zatiak eta maiztertzan zirenei zituzten aleak, zor zuten kontribuzioa ordaindu bitartean geldiarazteko eskatu zioten. Idazkariari ez ezik, aleak geldiarazten ibili zirenei kontuak agertzean ordaindu egin zieten.
  • 1812-8-1. Intendenteak idatzitako ofizioaren berri adierazi zuten. Genaro Jauregi kontseilari izendatu zuten abuztuan eta irailean Udalaren buru izateko. Genarori deitu eta jabetza eman zioten gainontzeko agintariek.
  • 1812-8-1. Egindako eskaerak erantzuteko, 1.800 zatiko eman behar izan zituzten agintariek. Haragia honela banatu zuten baserritarren artean: Oñatz auzokoek 32 erralde, Odriakoek 18, Aratz auzokoek 22, Loiolakoek 17, Eizagirre mendikoek 28, Izarraitzekoek 32, eta, horiez gain, 24 anega arto banatu zituzten.
  • 1812-7-30. Domingo Tomas Zabalak herriari berak aurreratutako dirua kobratu nahirik idatzi zion. Eta Udalak, komunikazioak moztuta egon zirela, gaueko hamaiketan baioneta artean Durangoko mendietara eraman zituztela eta ondoren gau euritsuan jasotako zauriak sendatu bitartean etxean erretiratuta izan zirela jakinaraztea erabaki zuen. Gaineratu zuen hurrengo egunetan garbituko zituztela kontuak.
  • 1812-7-13. Probintziako Kontseiluak idatzi zuen, Pedro Pizarrok alkatetzarik ezin zezakeela eskuratu eta kontseilari baino ezin zitekeela izan esateko, euskara ez baitzekien. Udalak gogoan izatea erabaki zuen.
  • 1812-6-11. Tolosako herriak bidalitako gutun baten berri eman zuten. Eskutitzarekin batera bidali zuten probintziako intendenteak bidalitako kontribuzio papertxoa; Azpeitiak bost mila erreal ordaintzeko esaten zuen. Erantzutea erabaki zuten, herriak ez zuelako dirurik ordainketari aurre egiteko. Izan ere, azkeneko hilabeteetan izugarrizko gastuak sortu zituen tropen mantenuak, eta haragia, aleak, ardoa, pattarra eta beste zenbait beharreko genero zorretan zituzten.
  • 1812-6-6. Roke Aizpuru komisarioaren gutuna jaso zuten, hurrengo eguneko goizeko seietarako 1.400 zatiko eskatuz Gipuzkoako boluntario taldearentzat. Eskribauari agindu zioten Aizpururen etxetik pasatzeko udalbatzarrera etor zedin erregutzera. Horrela egin ondoren eskribauak adierazi zuen komisarioa ez zela agertuko udaletxera inola ere, eta idatziz ere berdin erantzungo zuela adierazi zuela; bestela, berak hilko zuela ganaduak zituen herritar bat. Une horretan F. Alzaga agertu zen, soldadu boluntarioetako bat, Gerrako Komisarioaren eta bere ordezkarien izenean alkate eta erregidore guztiak atxilotuta zeudela adieraziz, ordena berri bat eman bitartean.
  • 1812-5-31. Goizeko zortzietarako 500 zatiko haragia prest edukitzeko aginduz, Roke Antonio Aizpuru komisarioak aurreko egunean idatzitako gutunaren berri eman zuten. Horren berri jakin ondoren, alkateak adierazi zuen nolatan egin zioten mehatxua 500 makilkada emango zizkiotela goizean eskatutakoa prest izaten ez bazuen. Probintziako Kontseiluari idaztea erabaki zuela esan zuen. Alkateak ez ezik, agintari guztiek euren karguak uzten zituztela esan zuten, herria gobernurik gabe gelditzen zela. Kontseiluaren berehalako erantzunaren zain gelditzen zirela agertu zuten. Bertaratzen ziren tropei erantzuteko herriaren aldetik aurreraturik zuen diruaren berri ere adierazi zuen.
  • 1812-5-27. Komandanteari herriak egindako gastu handiak jakinarazteko batzordea izendatu zuten, momentuan ezinean zebiltzanez laguntza gehiago lortzeko asmoarekin. Batzordea osatzen zutenak berehala itzuli ziren, Gaspar Jauregiri herriko egoera azaldu ondoren. Baserritarrei eginiko kalteak gogoratu zituzten, batez ere, lanerako behar zituzten abereak kendu zizkietelako. Abuztura bitartean herriari ezarritako 71.880 errealeko kontribuzioa bapo ordaindurik zuela ere jakinarazi zuten, gutxienez 100.000 errealera iritsirik, beste 40.000 errealen hornikuntzak aurreratu zituela kontuan hartu gabe. Bazirudien, batzordekoen iritziz, horrek guztiak konbentzitu egin zuela Jauregi, erantzunik gabe isilean gelditu zelako.
  • 1812-5-24. Probintziako Kontseiluak maiatzaren 22an idatzitako gutuna irakurri zuten. Zera agintzen zen: herriko alkatetza hiru hilabetean txandatuz hartu behar zutela agintariek eta uztailera bitartean Bixente Errazti izango zela alkate.
  • 1812-5-16. Mina mariskala lau mila soldaduz osatutako troparekin egun horretako arratsaldean bertan herriratuko zela jakinarazi ziotela adierazi zuen alkateak. Haientzako ostatuak prestatzeko San Agustin eta Santo Domingo komentuetan eta Loiolako Ikastetxe Errealean lastoa bildu behar zela esan zuen. Hamabi lagunez osatutako batzordea izendatu zuten, hiru koartel horietan argia ere beharko zela gogoan izanik.
  • 1812-5-13. Brigadako sarjentuari zenbat ogi eta ardo eman zioten jakitea erabaki zen, berak egindako hiru mila zatiko eskariari erantzuteko. Komandanteari errezibua sinatzea eskatu zioten.
  • 1812-5-4. Posta zerbitzua berrezartzeko, Azkoitiko herriari idaztea erabaki zuten. Ibiltaria ostegun goizean hemendik irtengo zela esan zioten, bertako balixa jaso eta Urretxura bidean jarraitzeko. Gero, bi herrietako balixekin itzuliko zen, aurrez egiten zen bezala. Berdin egin zezaten eskatu zieten, beraien ibiltariarekin igandeetan Azpeitira bidaltzen zuten balixa jasotzera. Ekarritako postarekin herritik ateratzen ziren egun berean itzuli behar zutela agintzea onartu zuten.
  • 1812-4-28. Hilaren 25 gauean Sarobeberri baserrian aurkitutako utzitako haurraren berri Probintziako Kontseiluari ematea erabaki zuten, hark agindu zezan haurraren destinoa. Izan ere, herriak jada osatuta zeukan tokatzen zitzaion kupoa: hamazazpi haur unean.
  • 1812-4-28. Iraupen Juntak hilaren 17an idatzitako gutunean agindu zuen Frantziako tropak zeuden herriek egin beharko zutela tropen hornikuntza, maiatzaren lehen egunetik uztailaren 31ra bitartean. Agindua, aktan idatzirik uztea erabaki zuten.
  • 1812-4-8. Kontribuzioak zor zituzten guztiei ordainketa eginaraztea erabaki zuten eskribauaren bidez, eta horrela egiten ez zutenak berehala kartzelaratzea. Kartzelatzat udaletxeko aretoa erabiltzen zen, alkateak zaindari bat jartzen zuen eta honek ez zion inori bertatik ateratzen uzten ordainketa egin bitartean.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan