Eguna: 4-30

  • 2017-4-30. Joxe Aierberen marka hautsi zuen Xabier Orbegozo 'Arria V'.ak Azpeitiko zezen plazan. Errezildarrak 2 ordu, 9 minutu eta 27 segundo behar izan zituen 20 kana erdiko enbor ebakitzeko eta 20 kilometro korrika egiteko.
  • 2017-4-30. Aritz Kortabarriak eta Oihana Azkorbebeitiak irabazi zuten XIII. Izarraizko Mendi Lasterketa.
  • 1994-4-30. Herriko Lagunak taldeak Euskadiko Sokatira Txapelketako goma gainean eta 680 kilotan irabazi egin zuen.
  • 1991-4-30. Pello Esnalen 'Ai ene Jainko' ikuskizuna eskaini zuten Zelaitxo antzokian, Loiola'91 Batzordeak antolaturik. Xebaxtian Lizaso, Andoni Egaña, Iñaki Murua eta Xabier Euzkitze bertsolariek hartu zuten parte.
  • 1986-4-30. Urola trenaren zerbitzua bertan behera uztea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak.
  • 1984-4-30. Kaka Flash Irratiak bere irratsaioak hasi zituen.
  • 1906-4-30. Haragia aztertzeko mikroskopioa erostea erabaki zuten.
  • 1904-4-30. Parrokiko dorrean eta aurreko enparantzatxoan berrikuntza lanak hasi zituzten.
  • 1900-4-30. Errukietxeko juntaren eskaerari erantzunez, maiatzaren 5a, larunbata, aukeratu zuten batzar nagusia egiteko, 10:00etarako. Albistea pregoiaren bidez zabaldu zuten herritar guztientzat.
  • 1888-4-30. Valladolideko (Espainia) Unibertsitateko errektoreari bi sexuen eskola oso bat Urrestillan sortzea eskatuz eskaera zuzentzea erabaki zuten, bertako biztanlegoa 500era iristen ez bazen ere.
  • 1872-4-30. Joxe Manuel Larrañaga alkatea, inolako agindurik eman gabe, herritar boluntarioekin batera herritik kanporatu zutela ikusita, idazkariak zioen egokia eta beharrekoa iruditu zitzaiola Ramon Erzilla udaltzainaren bidez deialdia egitea Udala osatzen zuten beste guztiei, betiere herrian zirenek bilera bat egiteko neurriak hartzeko, herria agintaritza gabe ez uztearren. Juan Mari Etxaniz eta Hilarion Orbea bakarrik bildu ziren, gainontzeko gehienek alkatearekin batera herritik alde egin baitzuten, eta biek erabaki zuten udaletxean gelditzea behar zen laguntza eskaintzeko, batez ere herrian bakea izan zedin.
  • 1826-4-30. Egokia iruditu zen berriro, lehengo tokian bertan, torilak egitea etxebizitza batekin, baina beharrekoa ikusi zen horretarako zergaren bat ezartzea. Herrian saltzen zen haragiari, lau urtean zehar laurdeneko zerga jartzeko, alkateari gestioak egiteko ahalmena eman zioten -Espainiako erregearengandik baimena jaso bitartean-.
  • 1794-4-30. Oiartzunen zen Manuel Mari Altunak, herriak bidali zuen konpainian bakar batzuk falta zirela esanez idatzi zuen. Herriak boluntario batzuk aurkitzeko gestioak egitea erabaki zuen hark, eta kostu hura aurrez joan ez ziren haiek ordaindu zuten.
  • 1794-4-30. Altunak, beste gutun batean, hirugarren tertzioko hamabi soldaduk ihes egitean sortutako gastuen berri eman zuen. Berriro bihurtu behar izan zuten txandarekin bete zezaten, eta herriak ordaindu behar izan zituen gastuak.
  • 1794-4-30. Bigarren tertzioa osatuz mugara joan behar zutenei albistea pasatzea erabaki zuten, maiatzaren 6an goizeko hamarretan udaletxera ager zitezen. Eta esan zieten prest egon behar zutela lehen tertzioari maiatzaren 30ean txanda egiteko, Irunen.
  • 1777-4-30. Granadako dukeak, Soreasu errota zabaltzeko, bere Insula etxearen lur zati bat eskaini zuela adierazi zuten.
  • 1711-4-30. Joakin Ituarteri Zestoako Justiziaren aurrean informazioa lor zezan ahalmena eman zioten. Izan ere, aurreko larunbatean Zumaiako alkateak Joxe Olarra atxilotu zuen Beduara iristean, Donostiatik herrirako asmoan garia zekarrela.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan