Eguna: 11-2

  • 1958-11-2. Manterola eta Soarte 150 kiloko harri zilindrikoarekin neurtu ziren. Manterolak hiru jasoaldiko aldea zeukan, eta berak irabazi zuen, hamar minutuko hiru saiotan ehun aldiz altxatuz; Soartek 96 bider jaso zuen.
  • 1936-11-2. Udaleko langileen zerrenda onartu zuten, eta euren postuetatik kendu zituzten langileen zerrenda ere onartu zuten.
  • 1885-11-2. Benito Ieregi erlojulariak herriaren aginduz udaletxerako egindako ordularia ikusi ondoren, Schillek emandako iritziaren berri eman zuten, eta Udalak Ieregi hautatu zuen, ordaindu aurretik akats batzuk zuzen zitzan.
  • 1811-11-2. Probintziko Kontseiluak herriari adierazi zion bertan zen tropari ardo zatikorik ez emateko, eta komandanteari horrela jakinaraztean garbi gelditu zen ez zuela berak horrelako albisterik jaso; hala, herriaren aldetik ematen jarraitzea eskatu zuen, lehen bezala. Udalak guztiaren berri Kontseiluari adieraztea erabaki zuen.
  • 1811-11-2. Kontseiluari jakinaraztea erabaki zuten herria exekuzio militar batez mehatxatuta zela Joakin Inazio Amiamaren aldetik, zor zituen lau mila zatiko kontuan izanik 1809ko azaroa eta abenduan atzera utziak.
  • 1811-11-2. Probintziko Kontseiluak aurreko hilaren 22an idatzitako gutunaren berri eman zuten, eta herritik aldegindako eta Espainiako taldeekin ziren gurasoen, anaien eta sendien zerrenda eskatu zuen, horiek zirelako oinordekoak. Zerrenda prestatu eta bidaltzea erabaki zuten.
  • 1755-11-2. Lurrikara txiki bat sentitu zen Gipuzkoan; besteak beste, Azpeitian.
  • 1591-11-2. Sagardo pitxarrari hamabi maraiko prezioa jartzea erabaki zuten herriaren aldetik. Saltzeko sagardoa zutenen zerrenda osatu zuten, eta 40 upel agertu ziren.
  • 1590-11-2. Korrejidoreak kartzelaratua zeukan Joanes Lapaza, taberna zabalik eta idazten jakin gabe ezinezkoa egiten zitzaiolako erregidorea izatea. Udalak Lapaza askatzea eskatu arren, ezezkoa zioen korrejidoreak. Agintari batzuen aldetik egokia ikusi zen herriak auzia jartzea, baina beste batzuek ez zioten horrela. Azken batean, berriro hura askatzeko eskatzea erabaki zuten, baina auzia ez jartzea herriaren kontura behintzat.
  • 1583-11-2. Kontuan izanik aurrez erabakita zegoela maisuen iritziak jakitea parrokiko aldare nagusia behar bezalako itxuran egiteko, Joan Antxieta maisu eta irudigile herritarrarekin harremanetan jartzea erabaki zuten, eta itxura bidali zioten. Miguel Azkuneri agindu zioten hari idaztea Iruñera, eta Gipuzkoan zenean herrira etortzea eskatzea.
  • 1556-11-2. Frantzisko Borja eta Aragonek herriko agintari eta berezien aurrean esan zuen ez zela egia herrian zabaldurik zegoena -Elolako hiru kaperau izendatu zituela parrokiko patroi bezala jokatuz-, baizik eta herritarrek asmatutako gezurra zela hori, herriaren eta bere artean eztabaida sortu asmoz.
  • 1556-11-2. Herritarren aldetik Borjari eskatu zioten herriaren eta bere artean ez ezik, erretorea eta apaizen artean ziren iskanbilak mozteko bidea aurkitzeko, eta bi alderdiek Amador lizentziatua eta Martin Perez Zurbano izendatu zituzten gestioak egiteko.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan