Eguna: 12-5

  • 2016-12-5. Zestoako Eromen Produkzioaken 'Sweeney' obrak irabazi zuen XXXIV. Euskal Antzerki Topaketetako Ikusleen Saria.
  • 2009-12-5. Jesusen Alabei agurra egin zion hainbat herritarrek, 87 urte eta gero herria utzi behar zutelako.
  • 2008-12-5. Inazio Uria enpresaburuaren hilketaren aurkako manifestazio jendetsua egin zuten herrian, '‘ETA kanpora’' lelopean. ETAk bi egun lehenago hil zuen Altuna y Uria enpresako buruetakoa, tiroz, Loiolan.
  • 2006-12-5. Zumaiatik Zumarragarako bidea egiten zuen Euskotreneko autobus bati su eman zioten hiru ezezagunek.
  • 1963-12-5. Herriko taxi zerbitzuaren arautegia onartu zuten.
  • 1943-12-5. Asentsio Arrieta Altza eta Zesareo Zulaika Ansorregi norgehiagokan neurtu ziren 60 ontzako bi enbor moztu eta zezen-plazari 60 bira emateko. Altzak 30.37an egin zuen berea, eta Ansorregi 9.19 zeramatzala erretiratu egin zen.
  • 1933-12-5. Urrestillatik Aratz-errekara egin nahi zuten errepidearen proiektua aho batez onartu zuten.
  • 1904-12-5. Alkateak proposatu zuen, txistulariak lagun zituztela, zinegotziek ongi-etorria egitea Aurelio Ortizi. Hura zen Gernikako zuhaitzaren jatorrizko landareak ekarriko zituena.
  • 1892-12-5. Narrosko (Espainia) markesak gutun baten bidez Azpeitiko herriari lur zat bat eskaini zion, Iturriagatxo harkaitzetik Errekalde arteko bidea egiteko. Eskaintza horri eskerrak ematea erabaki zuten.
  • 1872-12-5. Sebastian donearen plazan sute ikaragarria izan zen, Joxe Inazio Bereziartua nekazariaren etxean.
  • 1820-12-5. Eskribauak herria eta Urrestillaren artean sortutako banatzeari buruzko espedientea aurkeztu zuen, perituek prestatutako planoen berri emanez. Herriak erabaki zuen Joxe Manuel Enparan herriz kanpo zegoenez azken egunetan, haren ordez Altube eta Zulaika izendatzea gestioak egiteko.
  • 1798-12-5. Korrejidoreak izendatutako perituek herriaren lurraldeak tasatu ondoren, 613.437 errealen balioa eman zien. Izan ere, Udalak lur horiek saltzeko asmoa zuen zorrak ordaintzeko. Baina korrejidoreak proposamen berria egin zuen: tasatu berriak ziren lurrak saldu beharrean, Enparango eta Soreasuko errotetan herriak zituen zatiak saltzea, horien balioa 600.000 errealekoa baitzen.
  • 1749-12-5. Tomas Bikendi zenaren Maria Ana Martirena alargunak urteko elur hornikuntza lana berari ematea eskatu zuen, aurreko urteetako prezioan egingo zuela eskainiz. Eskaera onartu eta eskritura sinatzea erabaki zuen herriak.
  • 1734-12-5. Herri Batzar Nagusian eta Gipuzkoako azken Batzar Nagusian hartutako erabakia kontuan izanda, zozketa bidezko soldaduei zein boluntarioei, herritik irteteko unean, oinetako pare bana, botinak, kapela eta 30 erreal ordaintzea erabaki zuten. Soldaduen zozketa honela egin zuten: lehenengo zozketan soldadu talde bat osatu zuten eta bigarren zozketa bat egin zen bigarren taldea osatzeko. Bigarren taldekoek zerrenda jarraituz lehenengoan suertatutako hutsak beteko zituzten. Zozketa eguna jartzea agintarien esku utzi zuten. Zozketa udaletxeko aretoan egitea erabaki zuten, nahi zuenak lekuko izateko aukera emanez.
  • 1717-12-5. Agustin Beriztaini eskerrak eman eta oparia egin zioten, herriarentzat ardo pitxar bakoitzeko maraiko bi laurdeneko luzapena lortu zuelako erregearen aldetik.
  • 1694-12-5. Inazio Ibero Erkizia jaio zen, Barrenola errota-etxean.
  • 1670-12-5. Parrokiko diru kontuei buruz herriak zenbait erabaki hartu zituen, berak izendatzen baitzituen etxezainak.
  • 1631-12-5. Frantzisko Oiarzabalek enparantzan zituen etxeak erosteaz hitz egin zuten agintarien artean, eta alkateari eskatu zioten etxeak erosteko herritarren aldetik egindako diru laguntza eskaintza kontuan izateko.
  • 1569-12-5. Lartaun doktoreak bidalita iritsi zen Azpeitira Vazquez Oropesako (Espainia) lizentziatua eta, azterketa gainditu ostean, hura izendatu zuten Elolaren Gramatika katedrako irakasle.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan