Eguna: 9-8

  • 2013-9-8. Pablo Etxeberria igerilariak (Izarraitz IE) senior mailan Gipuzkoako Distantzia Luzeko Liga irabazi zuen. Masterren sailkapenean, berriz, hirugarren tokian sailkatu ziren Rafa Zubeldia eta Leire Zeziaga.
  • 2013-9-8. Itsaso Aramendik Kontxako Bandera irabazi zuen, Zumaiako arraun taldearekin.
  • 2005-9-8. Aitor Zubillagak, Francisco Beneyto eta Jose Luis Banero espainiarrekin batera, Canto Blanco herrian (Madril, Espainia) jokatutako plater tiroko Mundu Txapelketa irabazi zuen, taldeka.
  • 1927-9-8. Patxi Altuna jaio zen. Jesusen Lagundikoa, hizkuntzalaria eta gramatikoa izan zen, EUTGko Filosofia eta Letretako dekano izana. 'Euskera', 'Egan', 'Jesusen Bihotzaren Deia', 'Zeruko Argia' eta beste zenbait aldizkarietako laguntzailea izan zen. Euskaltzaindiako kidea ere bai.
  • 1839-9-8. Donostiako politiko nagusi Estanislao Amilibiak hilaren 4an sinatutako gutuna irakurri zuten, bakea zela esanez, Espartero eta Moroto jeneralek eginiko hitzarmenaren ondoren. Berri ona zabaltzeko eta ospatzeko eskatu zuen. Hari erantzutea erabaki zuten, albistea zabaldurik kanpaiak joz.
  • 1837-9-8. Diputazioak alkatetza eskura zezaketen herritarren zerrenda bueltatu zuen, agindurik zeukan bezala, eta alkatea aukeratzeko esanez. Aukeraketa eginik, eta urtea amaitu bitartean, Joxe Inazio Agirrezabalaga izendatu zuten, eta hark ondoren kargu horretatik kentzeko eskatu zuen.
  • 1837-9-8. Herritar batzuek idatzitako txosten baten berri eman zuten: Loiolan eskola publiko bat jartzea eskatu zuten. Ikusirik egokia izan zitekeela eta mesedegarria herriarentzat, batzordea izendatu zuten gestioak egiteko, eta albistea pasatu zieten parrokiko apaizei, euren aldetik ere izenda zezaten norbait batzorde horretan partaide izateko.
  • 1808-9-8. Diputazioaren eskaerari erantzunez, hari herria Urretxun eta Zumarragan garraio lanak egiteko prest zela adieraztea erabaki zuten. Herriak garraio lanak egin zitzakeen toki bakarrak ziren. Bi herrietarako lau mila erreal ematea erabaki zuten basoak saltzean lortutako dirutik, esanez zakuak prestatu ondoren bidaliko zutela irina.
  • 1797-9-8. Egunetik egunera garestitzen ari zen olioa -108 eta 110 erreal ordaintzen ari ziren-, baina bazirudien gehiago garestitzeko bidean zela. Ezinezkoa bihurtuko zenez herritarren olioa biltzea, Diputazioari, olioaren prezioak behera egiten ez zuen bitartean, koipea eta gantza jateko erabiltzeko baimena emateko erregutzea erabaki zuten.
  • 1719-9-8. Herrian ziren hiru konpainiatako soldadu zaurituekin botikatan eginiko gastuak ordaintzeko, Ansoategi erregidoreari agindu zioten tasatu eta botikariari ordainketa egiteko.
  • 1719-9-8. Herritar batzuekin harremanetan jarri ondoren, alkatea izendatu zuten erabaki zezan zenbat ordaindu behar zieten parrokiko apaizei, meza nagusiekin eta prozesioekin errogatibak egin zituztelako Frantziako indarrek Hondarribiko hiria setiaturik eduki zuten garaian.
  • 1714-9-8. San Inaziori herriak eginiko botoari buruz idatzi zuen Iruñeko apezpikuak. Probintziaren aldetik eskatu zitzaion konfirmatzea, eta horrela egin zuela adierazi zuen.
  • 1710-9-8. Valladolideko (Espainia) Real Chancillerian herriak lorturik zuen eskubidea gogoan izanik, herritar eta biztanle guztiei agintzea erabaki zen derrigorrezkoa egiten zela Soreasu eta Enparan errotetara eramatea euren aleak ehotzera, errotariei lau libra olo ordainduz gari anega bakoitzeko, eta berdin artoa edo beste aleak ehotzean. Horrela egiten ez zuenaren aurka neurri gogorrak hartuko zituen herriak.
  • 1703-9-8. Bartolome Mugerza elgoibartarrarekin tratua egiteko eta harekin eskritura sinatzeko ahalmena eman zioten Joan Apeztegia erregidoreari, 'Bataio' kaperako burdinsarea egin ahal izateko.
  • 1691-9-8. Diputazioak agindu bezala, arma erakusketa egitea erabaki zuten hilaren 9an eta 16an, eta alardea 23an, kapitain bezala alkatea izendatuz eta alferiz herriko fidela.
  • 1654-9-8. Herri Batzar nagusian esan zuten Azpeitia eta Azkoitia artean lapur asko zebilela, arriskuan izanik biztanleak. Herritar edonori herriko lurraldean lapurra harrapatu eta kartzelara ekartzeko ahalmena ematea erabaki zuten; herriaren aldetik, gainera, 50 erreal ordainduz.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan