Eguna: 3-21

  • 2002-3-21. Anardi industrialdea inauguratu zuten, Danona Kooperatibaren inguruan.
  • 1982-3-21. Jesus Guibert enpresariaren bahiketa zela-eta, Udalak batzar berezia egin zuen.
  • 1935-3-21. Urrestillatik Aratz-Errekara errepidea egiteko, herriak Gipuzkoako Kutxa Probintzialari 125.000 pezetako kreditua eskatzea erabaki zuen, kontuan izanik herriak %35 ordaintzen zuela.
  • 1928-3-21. Azkoitiko eta Azpeitiko ordezkariak bildu ziren Institutu Geografiko eta Katastraleko zuzendari Felix Ortiz ingeniariarekin, bi herrien arteko mugak jartzeko.
  • 1923-3-21. Ganaduen hiltegi zaharra salgai jartzea erabaki zuten. Enkanterako prezioa 15.000 pezetan jarri zen.
  • 1923-3-21. Union Azpeitiana Elkartearen eskaerari erantzunez, futbol zelaia alokatzea erabaki zuten, baldin eta urtean 500 pezetatik gora ez bazen behintzat, kontuan izanik 14 urtez beherako ume guztiak ibil zitezkeela bertan.
  • 1923-3-21. Gauzainentzat herriak Orbea Hermanos enpresan erositako lau errebolberrak iritsi zirela adierazi zuten.
  • 1859-3-21. Juan Amezua organo egileak Eguberrietara bitartean parrokiko organoan ziren akats guztiak zuzenduko zituela adierazi zuen, eta 20.000 erreal ordaintzea erabaki zuten.
  • 1859-3-21. Iturritxiki iturrian ur zikina agertzen zela adierazi zuten, eta askotan usain txarra zuela. Zer gertatzen zen jakiteko ikustea erabaki zuten.
  • 1852-3-21. Kazuelak eta ontziak saltzen zituzten merkatarien eskaerari erantzunez, enparantza nagusian haien gauzak saltzen utzi zieten ordura arte bezala, kontuan izanik Iturritxiki etxartea zabaldu egin zela azoka egunetan, salgai ziren txerriak edukitzeko.
  • 1852-3-21. Igandeetan egiten zituen Azpeitiko Udalak bere batzarrak, baina ikusita askotan meza nagusiaren aurretik ezin zutela amaitu, gai asko aztertu behar zutelako, bilerak astelehenetan egitea erabaki zuten.
  • 1823-3-21. Auzoetako ordezkariek apaiz batekin bat eginik, 20 urtetik 25 urte bitarteko gizaseme gazteen zerrenda egin zuten parrokiko bataio agiriak ikusita.
  • 1775-3-21. Frantzisko Jauregi udaltzainak zuen jantziak agertzen zuen zantarkeria kontuan izanda -ezin izaten zuen era horretan alkateari lagundu, batez ere elizkizun eta prozesioetan, hamalau urte baitziren herriak jantzia egin ziola-, Diego Foronda jostunak Aste Santurako beste berri bat egitea erabaki zuten.
  • 1697-3-21. Bersaltsaileei agindu zieten zituzten genero guztien berri fidelari adierazteko, inolako preziorik eman gabe saltzen zituztela azukrea, mahaspasak, pikuak eta gainontzeko generoak; zigortuak izango ziren, bestela. Gauza bera gertatu zen txokolatearekin, eta genero berria izanik, alkateari abokatu batekin kontsulta egitea eskatu zitzaion, nola jokatu behar zen jakiteko.
  • 1689-3-21. Baldintza batzuek medio, baimena eman zioten Inazio Basazabali bere etxearen atzean dolareak egiteko, harresiaren inguruan pasabidea utzita. Herriak egindako zion mesedea ordaindu egin beharko zuen, 150 haritz landatuz eta bi hostoaldi egitean eskainiz.
  • 1590-3-21. Parrokian kapera bat egiteko baimena eman zioten Maria Gerrenzuriri, lau urteren barruan eta Gerrenzuri hilobiaren aurrean, 300 dukateko limosna emanez.
  • 1590-3-21. Parrokiko hilobi guztiak behearen parean beharko zutela agindu zuten, inolako altuerarik gabe eta denak neurri berekoak.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan