Eguna: 8-18

  • 1997-8-18. Loiolan estreinatu zuten 'San Inazio de Loyola' opera.
  • 1997-8-18. Batzar berezian bildu ziren Joxe Antonio Zabala alkatearen ordezkoa, Joan Joxe Agirrezabalaga, Joxe Manuel Enparan, Agustin Iturriaga, Joxe Bixente Errazti eta Inazio Mari Odria agintariak, Xabier Basazabal, Inazio Genaro Jauregi, Joxe Inazio Eizagirre, Frantzisko Iturain eta Joxe Domingo Bikuña, eta ahotsa eta botoa zuten herritarrak. Felipe Neri Etxaleku notarioak jaso zuen gertatutakoaren berri.
  • 1873-8-18. Udal berria izendatu zuten karlistek, eta hil bakoitzean alkatea txandatuko zuten.
  • 1814-8-18. Espainiako erregeak abuztuaren 1ean emandako zedula errealaren arabera, udal berria osatu zuten. Ohitura jarraituz, herriko dorreko kanpaiak deituta bildu ziren batzarrean. Erregearen zedulak, unean ziren udalak ezerezean uzten zituela adierazi zuen, eta 1808an zeukaten egiturakoak jarri behar zirela berriro. Garai hartan egindako hauteskundeak aztertzean jakin zuten Joxe Inazio Altuna zela alkatea eta Joxe Inazio Zuazola, Agustin Martin Altuna, Joxe Mari Azurmendi (+), Joxe Antonio Altube, Joxe Mari Zabala Antxieta, Joxe Inazio Arrieta (+), Inazio Mari Zabala eta Andres Landa batzarkideak. Hutsuneak betetzeko aukeraketa egin behar zuten, baina uste baino hutsune gehiago suertatu ziren, batzuk hilik eta beste batzuk unean jarritako gobernuaren aurka ibili baitziren; Joxe Inazio Altuna alkatea bera eta Joxe Mari Azurmendi, adibidez.
  • 1752-8-18. Lamisosena zubiaz joan zen urteko urriaren 24ko erabakia kontuan izanda, Antonio Erkizia erregidoreak herriari proposatu zion bere kontura egingo zuela zubi berria, Iberok emandako ideia eta itxura errespetatuta. Gainera, unean herriak inolako dirurik ordaindu gabe egingo zuen zubia, erregidoreak eta izendatutako batzordeak jarritako erraztasun osoko zatietan geroago ordainduko baitzioten. Batzordeko beste lagunei adieraztea erabaki zuten onartutako proposamenaren berri, eta eskerrak eman zizkioten Erkiziari.
  • 1651-8-18. Batzarrean Antonio Zabala San Agustin komentuko priorea eta Manuel fraide eta haren laguntzailea agertu ziren santuaren egun bezperan eta egunean, ohitura jarraituz, agintariek elizkizunetan eta bazkarian izatea gogoko zutela adieraziz. Bertara azaltzea erabaki zuten, eta zahagi bat ardo, ahari bat, erretako anega bat ogi eta elur zama bat bazkarirako komentura bidaltzea agindu zen.
  • 1651-8-18. Mariana Plazaolak Komuntzo baserrian konponketa lanak egiteko egurra eskatu zuen eta Udalak ebakitzeko baimena eman zion, herriaren lurraldeetan izan ezik.
  • 1647-8-18. Frantzisko de Tejada fraideak -San Agustin komentuko priorea zen-, herria santuaren eguneko elizkizunera gonbidatu zuen. Agintariek patroi bezala elizkizunetara agertzea erabaki zuten, eta bazkarirako zahagi bat ardo, ahari on bat eta anega bat ogi laguntza bezala ematea ere erabaki zuten.
  • 1595-8-18. Parrokiko elizaren planoen kopia bat ateratzea erabaki zuten, Alzaga lizentziatuari bidaltzeko, Madrilen gestioak egiten ari zela-eta.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan