Eguna: 1-9

  • 2019-1-9. Hegazkin arin bat erori eta bertan zihoazen bi lagunak hil ziren Hernio mendian. Cascaistik (Portugal) Hondarribiara zihoan abioia eta britainiarrak ziren hildakoak.
  • 1907-1-9. Probintziko arkitektuak aurkeztutako hiltegi berriaren planoak onartu zituen Udalak.
  • 1905-1-9. Gernikako arbolaren landarea ekarri zuen Aurelio Ortizek erabilitako 'land' deituriko gurdiaren akura ordaindu zuten.
  • 1893-1-9. Frontoia erabat aldatu eta Santiago kalea lorategi bihurtzean, ezinezkoa ikusi zuten, aurrez bezala, zezenak bertan jolastea karnabaletan, Sebastian donearen egunez eta karnabal igandean. Eta sokamuturra goizez eta arratsaldez kaleratzea erabaki zuten. Baita karnabal asteartean goizaldean eta arratsaldean ere.
  • 1874-1-9. Irakurtzen eta idazten zekiten zinegotzi guztiak hilean behin agintaritza lanetan txandatu zitezen, Diputazioak emandako aginduaren berri eman zuten.
  • 1864-1-9. Tomas Leiariztik bederatzi urtean elurraren hornikuntza egiteko proposamena egin zuen. Izoztegi bat egitea ere eskaini zuen, herriak egurra emanik. Juan Odriozolak, ordea, eginda zeukan izoztegiren bat; aurrez haren anaiak egina zituen hornikuntza eta langintza, eta hori berari ematea eskatu zuen. Bataren eta bestearen eskaintzak alde batera uztea erabaki zuen herriak batzar nagusian.
  • 1864-1-9. Herriak, berak ordainduz, Izarraitzen izoztegi bat edo gehiago egitea erabaki zuen.
  • 1864-1-9. Azkenean, herriko txistularia zen Juan Ariznabarretarekin tratua egin zuen Udalak. Bederatzi urtean beharko zen elurra hornitu beharko zuen, hiru errealean salduz libera bakoitza, eta herrkoi festetan bigarren txistularia herriratuko zuela agindu zuen, bere kontura.
  • 1864-1-9. Ahalik eta azkarren herriaren dorrea konpontzea erabaki zuten.
  • 1860-1-9. Herriak ordainduta, Afrikako gerrarako soldaduen zerrenda osatu zutenen izenak jakinarazi zituen alkateak.
  • 1851-1-9. Goiko kalea harriztatu zuten.
  • 1850-1-9. Rodil jeneralak 1834ko irailean ezarritako isuna ordaintzeko herritarrak emandako laguntzaren berri adierazi zuten, herria 111.094'5 erreal zorretan zela jakinaraziz.
  • 1824-1-9. Sute batek erabat hondatu zuen Enparan kaleko 12. zenbakiko etxea.
  • 1824-1-9. Herri barruan abereak eta garoa edo lastoa edukitzea debekatuz, aurrez emandako aginduak zaindu eta betearaztea erabaki zuten.
  • 1696-1-9. Parrokiko erretaula nagusiko irudien baldak zerbait aldatzeko, konponketa egin zuen herriak Juan Eizmendirekin.
  • 1653-1-9. Loiola etxean, herriko enparantzako etxeak botatzean egindako gastuen berri adierazi zuten: 799'5 erreal guztira.
  • 1612-1-9. Amerikarako asmoan zela, Juan Berrasoetak testamentua egin zuen Donostian, mila dukat eskainiz Azpeitiko Santo Domingo komenturako.
  • 1590-1-9. Parrokiko koruan konponketa lanak egitea erabaki zuten.
  • 1590-1-9. Miguel Saez Goiazi -Sevillan (Espainia) zegoen- Elolaren kaperarako zilarrezko bi argimutil eginaraztea agindu zioten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan