Eguna: 12-29

  • 2016-12-29. Kaluse taldeak bigarren diskoa aurkeztu zuen, taldearen izen berekoa: 'Kaluse'
  • 2013-12-29. Manolo Sanjuan tailagilea ohorezko bazkide izendatu zuen Kultur Mahaiak.
  • 2012-12-29. Joxe Labaka gidaria izendatu zuten 2013ko Azpeitiko Urteko Kirolaria.
  • 1874-12-29. Erruekietxeko juntako Juan Bautista Altubek adierazi zuen bertan zirenei lana eskaintzeko gogoa zuela eta, kaleetako garbitasunari buruz kexak zeudenez, aurrez langintza horretarako herriak izendaturik zuenari kalterik egin gabe behartsuek egin zezaketela herriaren garbitasuna, gutxienez hirutik biko zatian, orduko itxura hobetuz. Altuberen proposamena ontzat hartu zuten.
  • 1790-12-29. Parrokiko estalpea egiten aritu ziren langileen zerrenda ikusi ondoren, batzuk guztia kobratzeko zeudela konturatu ziren. Beraz, Herri Batzar nagusian guztiaren berri ematea erabaki zuten, haiei zor zietena ordaintzeko zentsuan dirua hartu edo ez jakiteko eta obrarekin aurrera jarraitzeko.
  • 1781-12-29. Egun hartan idatzitako gutun baten bidez Enparan errota saltzeko proposatu zuen Joxe Joakin Enparanek. Herriari interesgarria iruditu zitzaion eta, bera ez ezik, Soreasu errotarekin ere gauza bera egitea erabaki zuten ondorengo urteko martxoaren 3ko batzarrean. Gaztelako Kontseilu Nagusiari baimena eskatzea erabaki zuten.
  • 1769-12-29. Gaztelako presidente Arandako Konteak herriari idatzi zion: Loiolako elizaren linterna bat tximistak bota zuela jakin zuela zioen, teilatuan kalteak sorturik; beraz, Frantzisko Ibero eta Xabier Inazio Etxeberria maisuei guztia konpontzeko agindua eman ziela.
  • 1596-12-29. Frantziako tropak probintzian sartzeko asmoz mugan zeuden albistea jaso ostean, biztanleak prestatzea erabaki zuten. Kapitaina aukeratzeko zozketa egin zuten bi alkateen artean, eta Miguel Saez Goiaz atera zen.
  • 1584-12-29. Alkateek, auzi bat hasteko ez ezik, berari buruz erabakia hartzeko zuten baimena Gaztelako Kontseilu Errealak probintziari emandako pribilegiorik garrantzitsuenetakoa zela adierazi zuen Martin Agirre fidelak. Korrejidoreek baimen horren kontra egin zuten behin eta berriz, baina alferrik izan zen. Herrian honakoa gertatu zela jakinarazi zuten ondoren: Juan Otxoa Uranga alkateak eta Bixente Egibarrek Domingo Agirreren aurka eginiko akusazioa medio, hau hamabost egunean bere kartzelan eduki ondoren, korrejidorearen esku utzi zuen auzia alkateak, berak jarraitu beharrean. Korrejidoreari agiriak bueltatzeko eskaera egiteko eskatu zioten alkateari. Honek ezezkoa adierazi zuen, eta korrejidorearen tenienteari herriaren izenean eskaera zuzentzeko erabaki zuten.
  • 1560-12-29. Pago eta haritz asko ebakitzen zutela ikusirik, herriaren baimenik gabe moztea debekatzea erabaki zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan