Eguna: 10-19

  • 2018-10-19. Iraurgi Ikastetxeak Jose Artetxe kaleko eraikin berritua inauguratu zuen.
  • 2016-10-19. Azpeitiaren lekukoa jasota 2017an herri galdeketak egingo zituzten Urola Kostako herriek –Azkoitia, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaia– aurkezpena egin zuten Azpeitian.
  • 2016-10-19. Onintza Valverde azpeitiarra eta beste bost gazte absolbitu zituen Arabako Lurralde Auzitegiak. Euskal presoek unibertsitatean ikasteko dituzten eskubideen aldeko kontzentrazio batean atzeman zituen Ertzaintzak 2014an, irailean epaitu zituzten, ordena publikoaren aurkako erasoa eta autoritatearen aurkako atentatua egotzita.
  • 2013-10-19. Unai Otaegi erremontistak, Olazarrekin bikotea osatuta, Oriamendi Promozioko Txapelketa irabazi zuen, Txapeldunorde izan zen beste azpeitiar bat, Jagoba Labaka, Etxabe II.arekin bikotea osatuta.
  • 2009-10-19. 'Leonardoren hegoak' liburuari esker Fernando Morillo Euskadi Literatur Sarietako finalerako hautatu zuten.
  • 1977-10-19. German Alberdi herriko sendagilea hil zen.
  • 1962-10-19. Alkateak adierazi zuen kexak jaso zituela telebista seinaleak ongi ez zirelako jasotzen herrian eta, antena bat jarri nahirik, neurriak hartzea erabaki zuten.
  • 1931-10-19. Miguel Ramosi herriko kale eta enparantzen deituren euskarazko plakak ordaintzea erabaki zuten.
  • 1931-10-19. Udalak protesta agertzea erabaki zuen, 1839ko urriaren 25ean sinatutako legearen urteurrena betetzean -Euskal Herriaren foruak eta askatasuna kendu zituzten-. Zinta beltzeko bandera balkoian zintzilikatu zuten.
  • 1903-10-19. Berrasoeta-barrena baserrian izandako sutea itzaltzen lagundu zutenei afaria ematean eginiko gastuak ordaintzea erabaki zuten.
  • 1852-10-19. Loiolako Ikastetxe Erreala itsasoz bestaldeko misioen ikastetxe bezala izendatzeko erret agindua eman zuten.
  • 1823-10-19. Herri Batzar nagusian, eta ongi sakondu ondoren, batzordea izendatzea erabaki zuten Bergarako Hezkuntza Seminarioa Loiolako Erret Ikastetxera pasatzeko gestioak egin zitzan. Batzordea Joxe Antonio Altubek, Agustin Iturriagak, Inazio Ramon Arozenak, Joxe Inazio Altunak, Ramon Iberok eta Juan Bautista Altubek osatu zuten.
  • 1823-10-19. Herriarentzat lortu nahi zen tituluari buruz hitz egin zuten, eta Espainiako erregeari idatzia bidali zioten, Fernando VII.arekin beti fidel jokatu zutela adieraziz. Agintarien aldetik gestioak egitea erabaki zuten.
  • 1703-10-19. Enparan zubian zen sarrerako Andre Mariaren irudiaren teilatuan egindako lanen berri eman zuten, eta Joan Apaeztegi maisua aukeratu zuten guztia egokitzeko.
  • 1698-10-19. Herri Batzar nagusian, ikusirik nolako gastuak egin zituzten alkateek San Miguel egunean aukeratuak izatean -eta ondorengoetan ere bai, bazkaria edo afaria emanez herritarrei, edota beraiek ere alkateei opariak eskaintzean-, gertatzen zena moztu nahirik erabaki zuten horrelako gasturik ez zutela egin behar ondorengo alkateek, ehun dukateko isunaren azpian. Herritarrek ere ezin zuten oparirik egin, 25 dukateko isunaren mehatxupean.
  • 1698-10-19. Debekatua bazen ere, artean euren etxeetan lastoa sartzen zuten zenbait herritarrek, eta debekua gogoraraztea erabaki zuten.
  • 1698-10-19. Agustin Legarda maisuarekin parrokiko korurako eskailera egiteko hitzarmena egin zuten.
  • 1681-10-19. Herri Batzar nagusian, agintarien aldetik parrokiko pulpituak urreztatzea eta margotzea zenbat kostatuko zen jakitea erabaki zuten. Asko ez bazen, egiteko baimena eman zieten.
  • 1637-10-19. Herri Batzar nagusian Diputazioak gutun baten bidez adierazi zuen frantziarrak prestatzen ari zirela probintzian zenbait tokitatik sartzeko, eta derrigorrezkoa egiten zela hango armada erretiratzeko mila lagunez osatutako taldea prestatzea. Kanpaiak jotzea erabaki zuten, eta txibulua kaleetan, eta auzoetara albisteak pasatzea herritarrak goizeko zortzietarako Santo Domingo komentuan biltzeko. Agertzen ez zenari heriotza zigorra ezarriko zioten edo ondasun guztiak kenduko zizkioten.
  • 1589-10-19. Kontuan izanik agustindar fraideek monastegia egiteko asmoa zutela, erabaki zuten haiei esatea ez zezatela ezer egin Udalarekin harremanetan jarri gabe.
  • 1556-10-19. Juan Borja erretoreak jakinarazi zuen Elolaren kapera egiten ari zen Domingo Rezabal maisuaren ustez elizaren pilare bat nahiko hondaturik zela, eta herriak erabaki zuen Hernanin zen Domingo Olozaga maisuari albistea pasatzea eta herrira etortzeko eskatzea.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan