Eguna: 9-15

  • 2011-9-15. Alderdi guztiek adostutako adierazpen instituzionala onartu zuen Udalak udalbatzarrean, Corrugados enpresaren egoerarekin "arduratuta" azaltzeko eta langileei "elkartasuna eta babes osoa" adierazteko.
  • 1987-9-15. Zumarragako, Urretxuko, Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako alkateak Lakuan bildu ziren Eusko Jaurlaritzarekin, Urola trenari buruz hitz egiteko, trena kendu zuelako Jaurlaritzak.
  • 1980-9-15. Azpeitiko mendizale espedizio batek Caraz (6.025 metro) gailurreraino igotzea lortu zuen.
  • 1902-9-15. Eztabaida baten ondoren Azpeitiko Udalak Domingo Ezeiza maisuari zezen-plazaren planoa eta aurrekontua prestatzeko agintzea erabaki zuen, beharko zen lurraldea kontuan izan gabe baina 35.000 pezetatik gora pasatu gabe.
  • 1823-9-15. Herriko Osasun Junta bildu zen, Lezoko erromeriatik herriratu ziren pertsona batzuk Madalenako ermitaren inguruan guardia egiten ari zirenek geldiarazi zituztela jakin zutenean. Herriko idazkariari eskatu zioten haiei agintzeko koarentena bat egin beharko zutela euren etxeetan, kutsaturik balira-edo.
  • 1782-9-15. Frantzisko Ibero maisuari parrokiko sakristiarako kaxoien planoa egiteko eta baldintzak prestatzeko eskatzea erabaki zuten, eta hilaren 29an errematea egiteko.
  • 1765-9-15. Herri Batzar nagusian, Urrestillan iturri berria beharrezkoa egiten zela jabetuz, iturria egitea erabaki zuten. Inazio Ibero maisuak prestatuko zuen, nahiz eta dirurik gabe zegoen orduan herria. Miguel Alzaga alkateak, Manuel Altuna zenaren alargun Maria Ana Portuk eta Joan Bautista Larraarrek hiru mila erreal aurreratu zituzten iturria egiteko.
  • 1743-9-15. Garai hartan Caracas hirian zegoen Inazio Loperena herritarrari idatzi zion herriak, parrokiko erretaula nagusia urreztatzeko laguntza eskatuz, eta zilarrezko aldare aurreko bat ere bidali zuen -azkeneko San Inazio bezpera egunetik bertan jarririk zuten-. Horrenbestez, eskerrak ematea erabaki zuten, Loperena bera herrian zelako, eta horretarako batzordea izendatu zuten.
  • 1743-9-15. Alkateak, parrokiko erretaula nagusia urreztatzean sortutako auziarekin jarraituz, Iruñean, Burgosen (Espainia) eta Valladoliden (Espainia) egindako gastuen berri eman zuen, eta nabarmendu, Joakin Altunak egindako ordainketako gestioak egitean, guztira 14.500 dukat osatu zituztela. Azpeitiko Udalak kontu guztiak aztertzea erabaki zuen.
  • 1693-9-15. Manuel Gonzalez Vezezo de Mercadok Agustin Inazio Agirreri idatzitako gutun baten berri eman zuten. Azken saninazioetarako Salamancatik (Espainia) ekarritako zezenei buruzkoa zen eskutitza, eta Agirreri adierazi zioten erantzun ziezaiola Vezezo de Mercadori, zezenak oso motelak irten zirelako, indar txikikoak, eta hori horrela zela jakin zitekeela lekuko izandako kanpotar gizonezkoei galdetuz (400 baino gehiago), zezenketa amaitzean nahiko triste itzuli zirelako etxeetara. Horregatik, herria derrigortua zegoen gutxiago ordaintzera.
  • 1692-9-15. Alkateari eta Agustin Eizagirre erregidoreari eman zieten Igarate etxetik Zumarragako mugara bitarteko bidean konponketa egiteko ahalmena, benetan gaizki zegoelako.
  • 1686-9-15. Herri Batzar nagusian Esteban Alzaga erregidoreak esan zuen amaitu zuela izoztegiko hormak egitea, errentan jartzeko garaia zela, eta herriak hala nahi izanez gero berak hartuko zuela bederatzi urterako, urte bakoitzean mila erreal emanez eta libra elurra hiru maraiko prezioan saltzekotan. Abokatuen iritzia jasotzea erabaki zuten, herriak aurrez Joan Ariznabarretarekin egina zuelako hornikuntzarako tratua.
  • 1583-9-15. Hirugarren Ordenako Kantauriko Probintzial Frantzisko Arzubiaga frantziskotar fraidearen nahia zen herrian ziren frantziskanetako lekaimeek euren komentuan klausuran egotea baina, herriari kalteak eragiten zituela ikusirik, gertatzen zenaren berri jaso eta erregeari eta Gaztelako Kontseilu Nagusiari adieraztea erabaki zuten.
  • 1543-9-15. Soreasu errotako presa egitean eginiko gastuen berri eman zuten. Haragia, ardoa, sagardoa, tipulak, gazta, urdaia, sardinak, olioa, garia, fruta, hegaztia eta abar agertu ziren gastuetan.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan