Eguna: 10-12

  • 2019-10-12. Mikel Larrañagak Urrezko Aizkolarien Liga irabazi zuen Urrestillako Txikuri pilotalekuan jokatutako finalean.
  • 2013-10-12. Benantxio Irureta mendizale zena omendu zuten jaioterrian, Aizarnan.
  • 2010-10-12. Gidabaimena euskaraz atera zuten lehenengo herritarrak saritu zituen Udalak.
  • 2005-10-12. Garmendipeko kirol gunearen inaugurazioa izan zen. Instalazio berrien inaugurazio ekitaldi ofizialaz gain, paddle, tenis eta futbol partidak izan ziren.
  • 1998-10-12. Iñaki Alberdi Musika Bandako kideari omenaldia egin zioten.
  • 1918-10-12. Esklaben komentuko lehen harria jarri zuten.
  • 1851-10-12. Gutun baten bidez gobernadoreak jakinarazi zuen ontzat hartzen zuela herriaren plano geometrikoa. Momentuan frontoiaren inguruko kalea egiten hastea erabaki zuten.
  • 1833-10-12. Iturriagaren ordezkari Iturbek gipuzkoar guztiei zuzenduriko bandoa eman zuen, karlisten izenean garbi utzi nahirik askatasunaren kontrakoa zela hil hartako 17an Tolosan ospatu nahi zuten batzarra.
  • 1831-10-12. Aratz-erreka auzoko eliza bedeinkatu zuten.
  • 1828-10-12. Herri Batzar nagusian jakinarazi zuten Elgoibartik Tolosara bitartean egin nahi zuten errepideari buruz eginiko gestioak onartu egin zituztela, eta gestio haien berri eman zuten.
  • 1820-10-12. Milizien arautegia bidali zuen probintziako politiko nagusiak, eta erabaki zuten erretoreari parrokiaren bidez jakinarazi zezan eskatzea. Araudiak zioen hemezortzi urtetik 50 bitarteko gizonezko guztiak milizia zerbitzua egitera derrigortuak zirela, eta zerrenda osatzeko agertu beharko zutela etxe bakoitzetik bakarren batek hurrengo astean udaletxera, harekin batera zenbat bizi ziren azal zezan.
  • 1783-10-12. Zestoako herriaren eskaerari erantzunez, herriak erabaki zuen 250 dukat ematea Gesalagako zubia egiteko.
  • 1718-10-12. Eskribauari agindu zioten parrokiko apaizei eta beste zenbait herritarrei albistea pasatzeko -egun batzuetan behintzat, salketarik ez egiteko-, zurrumurruak zirelako frantziarrek probintzian sartzeko asmoa zutela ziotenak.
  • 1704-10-12. Herriko errebaletan zirenei behiak edukitzen uztea erabaki zuten, baina herri barruan zirenei ez.
  • 1704-10-12. Suteetarako elkarteari buruz jarraitu beharreko arau batzuk onartu zituen herriak.
  • 1672-10-12. Beharrezkoa izanik herrian sagardoa izatea, sagarra zutenei parrokien bidez sagardoa egiteko eskatzea erabaki zuten -erdia ura nahastuta eta beste erdia urik gabe-.
  • 1672-10-12. Kontuan izanik gero eta zailago egiten zela herrian neskameak aurkitzea - gehienek erabakia zutelako bakarrik bizitzea kalera ematen zuten etxeetan, iskanbilak eta pekaturako bideak aukeratuz horrela-, gertatzen zena moztu nahirik neurriak hartzea erabaki zuten.
  • 1646-10-12. Aurreko igandean Bustinzuriko gurutzearen ondoan utzitako haur bat aurkitu zutela esan zuten eta, alkatearen aldetik ahaleginak egin baziren ere, ezinezkoa izan zela haren gurasoen berri jakitea. Katalina Larizi eman zioten azkenean haurra, hazteko, eta herriaren aldetik hilean hemezortzi erreal ordainduko zizkioten.
  • 1646-10-12. Leihoetatik ura kalera botatzea debekatu zuten, bostehun maraiko isunpean.
  • 1595-10-12. Parrokiko patronatuari buruz gortean egindako gestioen berri eman zuen Juan Lopez Ondarrak.
  • 1587-10-12. Herriko agintarien aukeraketa egiteko, ordenantza berriak itxura egokian idaztea erabaki zuten, ondoren erregeari bidali eta hark onar zitzan.
  • 1583-10-12. Aurreko batzarrean erabaki bezala, Pedro Arriaran zenaren ama Marina Arregirekin harremanetan jartzea onartu zuten, baita Sebastian Landetarekin ere, patroi moduan Azpeitia izango zuen Tolentinoko (Italia) San Nikolas monastegiaren arautegia prestatzeko.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan