Eguna: 7-18

  • 2012-7-18. Oinatz Elkarte Animalista aurkeztu zuten jendaurrean.
  • 2009-7-18. Leo Etxeberriaren biografia aurkeztu zuen Uztarria Komunikazio Taldeak. Miren Garate kazetariak idatzi zuen liburua.
  • 2009-7-18. Esteban Larrañaga Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko aurreneko lehendakaria hil zen, 62 urterekin.
  • 2003-7-18. 'Literatuzta' literatur aldizkariko 'Orri zuriekin elkarrizketan' izeneko' 1. zenbakia aurkeztu zuten, Enparan Dorretxeko zelaian egindako ekitaldian. Ikusentzunezko aurkezpena izan zen, idazleek euren idatziak irakurri zituzten irudiz eta musikaz lagunduta. Uztarria Kultur Koordinakundeak argitaratu zuen 'Literatuzta'.
  • 1993-7-18. VI. Euskal Indarra edo Euskal Kirol Olinpiada jokatu zuten.
  • 1993-7-18. Joxe Apalantza errezildarrak 22 urte lehenago Inazio Mari Arangurenek epizentrotzat herriko plaza hartuta bost menditan egindako marka hobetu zuen. 5:30ean irten zuen plazatik, Ernio gailurrera 1.13.50ean iritsi zen, enparantzara 56.37an = 2.10.27 itzuli zen. Erlora 39.47an igo zen, atzera plazara 22.44an = 3.12.58 itzuli. Xoxotera 39.06an igo, itzuli 21.15ean = 4.13.19. Arauntzara 27.55ean igo, itzuli 13.46an = 4.55.00. Oñatzera igo 22.28an, itzuli 11.08an = 5.28.36 egin zuen dena.
  • 1990-7-18. Tren Museoaren proiektua aurkeztu zuten.
  • 1950-7-18. Urrestillako parrokiko organoa inauguratu zuten. Manuel Aizpuru herritarrak donatutakoa zen.
  • 1744-7-18. Soreasu eta Enparan errotak Inazio Ibero maisuak ikustea erabaki zuten, lehenengoa egokitzeko eta bigarrengoa kontserbatzeko zer lan egin behar ziren jakiteko.
  • 1744-7-18. Inazio Arkamendik herriko mosketeak garbitu eta konpontzen zituen eta, zahartuta zenez, haren ordez Domingo Bengoetxea izendatzea erabaki zuen Udalak. Aurrekoari bezala, urtean 150 erreal ordainduko zizkioten.
  • 1738-7-18. Herriko lurraldeetako mugarriak ikustean osatutako deklarazioa adierazi zuten, eta herriak onartu egin zuen.
  • 1738-7-18. Joseph Asteazuinzarrak, erretzeko koipearen hornitzaileak, prezioak altxatzeko eskatu zuen, agindutako prezioan saltzeko generoa garesti topatzen baitzuen. Adierazten zuena egia zenez, egun horretatik Santu Guztien egunera bitartean prezio handiagoan saltzeko baimena eman zioten.
  • 1698-7-18. Miguel Esnaolak parrokiko eskailerarako ziren leihoetarako landu zituen burdinak ordaintzeko eskatuz txostena aurkeztu zuen, eta Udalak horrela egitea erabaki zuen.
  • 1698-7-18. San Inazio bigarren egunez prozesioari lagunduz Loiolara joango zen mosketari konpainia zuzentzeko Frantzisko Arruti eta Lorentzo Eleizalde erregidoreak sarjentu izendatu zituzten.
  • 1698-7-18. Santiago egunerako goizeko bederatzietan udalbatzar nagusia ospatzeko deialdia egitea erabaki zuten, parrokiko korurako egin nahi zen eskailerari buruz erabakia hartzeko.
  • 1670-7-18. Herriko ibaietan, inolako baimenik gabe, murgilean arrantza asko egiten zela ikusita, neurriak hartu nahirik era guztietako herritarrei -helduei bezala gazteei ere- arrantza debekatzea erabaki zuten. Herriko agintarien baimenik gabe ezingo zuen inork murgilean eta eskuekin arrantzan egin, mila maraiko isunaren azpian, eta gazteen ordez gurasoek edo jabeek ordainduko zuten isuna. Parrokien bidez adieraztea erabaki zuten debekua, guztien jakingarri izan zedin.
  • 1642-7-18. Jakinik Eizmendi auzoko ermitako seroraren etxebizitzako ate ondoan haur utzi bat aurkitu zuten gauean, zigorra ezartzeko norena izan zitekeen jakiteko gestioak egitea eskatu zioten alkateari. Eta herriak, bataiatu ondoren, haurrari laguntza eman zion.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan