Hamarkada: 1710

  • 1719-12-1. Bailaran garia urri zela ikusita, Gaztelako (Espainia) presidenteari idatzi baten bidez baimena eskatzea erabaki zuten, Andaluziatik (Espainia) 1.550-2.000 anega inguru ekartzeko.
  • 1719-12-1. Egun horretan egindako batzarrean, Juan Lizarraga, Juan Guillen, Juan Larraza eta Martin Perusurgin mandazain nafarrak batetik, eta, bestetik, Diego Larrazaren ordez haren anaia Antonio Larraza, Azpeitiko Joseph Olarra eta Pedro Irezabal mandazainak agertu ziren. Guztiek adostasuna azaldu zuten, aurreko urtean egin bezala eta diru ordain beraren truke Azpeitiko ardo hornikuntza egiteko. Hots, urte osoko ardo nafarra, gorria eta txakolinaren hornikuntza egitearen truke zilarrezko zortzi zituen berrehun errealen ordain saria.
  • 1719-10-27. Donostiara joan ziren hiru konpainietako ofizialei ordaindu beharrekoa erabaki zuten.
  • 1719-10-20. Frantziarren aurkako azken gerratean Donostiari laguntzera bidalitako herritar soldaduen kontuak ikusi ondoren, hilaren 22ko Herri Batzar nagusian horren berri ematea erabaki zuten.
  • 1719-9-8. Herrian ziren hiru konpainiatako soldadu zaurituekin botikatan eginiko gastuak ordaintzeko, Ansoategi erregidoreari agindu zioten tasatu eta botikariari ordainketa egiteko.
  • 1719-9-8. Herritar batzuekin harremanetan jarri ondoren, alkatea izendatu zuten erabaki zezan zenbat ordaindu behar zieten parrokiko apaizei, meza nagusiekin eta prozesioekin errogatibak egin zituztelako Frantziako indarrek Hondarribiko hiria setiaturik eduki zuten garaian.
  • 1719-7-16. Ormaetxe baserrian zen haur utzia, Blas Etxanizen emazteari ematea erabaki zuten, hazi zezan.
  • 1719-6-29. Diputazioak agindu zuen gerrarako euren armekin prest egon behar zutela herritar eta biztanleek, eta horrela adieraztea erabaki zuten.
  • 1719-6-26. Donostian zeuden herriko hiru konpainietako kapitainek dirua, ogia eta ardoa eskatu zuten. Herritar bereziei deitu zieten gaiari buruz hitz egiteko, eta zilarrezko berrehun ezkutu, lau zama ogi eta beste bi zama ardo bidaltzea erabaki zuten.
  • 1719-6-18. Soldaduen soldatak erabaki zituzten Azpeitia eta Azkoitiak. 150 soldadu azpeitiar zeuden Donostian Santa Klara irlan, hiru konpainietan.
  • 1719-6-15. Gerrako Diputazioaren albistea jaso zuten. Bertan erregeak Tolosara iristear zirela esaten zen eta hornikuntzek ongi eginda egon behar zutela. Ardo eta haragia hornitzen zuten herriei albistea pasatzea erabaki zuten, behar zen guztia ekartzeko, 50 duketako isunarekin.
  • 1719-5-27. Frantziako tropak barnean zirela eta azken bi hilabetean probintzia zer egoera larrian zen ikusirik, bederatziurren bat, errogatibak eta kaleetan prozesioa egitea erabaki zuten.
  • 1719-5-14. Izarraitzen eta Azpeitiko lurretara kanpoko ardiak ekarri zituztela esanez idatzi zuen Azkoitiko herriak, bi herrientzat kalteak sortzen zituztelako. Kanpoko artzainak erabiltzen zituzten txabolak botatzea erabaki zuten, bertako artzainenak bakarrik utzirik.
  • 1719-5-6. Herriko Artxiboan zeuden herritar eta biztanleen 40 eskopeta eta gehiagoren konponketa ordaindu zuen herriak.
  • 1719-5-6. Herritar soldaduz osatutako konpainia kanpoan zegoen eta, bere kapitainak laguntza eskatu zuenean, zama bat ardo eta beste zama bat ogi bidaltzea erabaki zuen herriak.
  • 1719-4-21. Herriak osatu behar zituen hiru soldadu konpainien buruak izendatu zituzten.
  • 1719-4-7. Loiolako eliza, gangari heldu behar zioten arkuetaraino altxatuta zegoen, eta Sebastian Lekuona obrako maisutzan hasi zen.
  • 1719-3-25. Herriak Urbieta baserriari erositako lurraldeak harresi batez zeharkatzea erabaki zuten, bertan eraiki baitzuen teilari berria.
  • 1719-3-25. Eskritura bat egitea erabaki zuten teilari bat edo gehiagorekin, herriaren teilari berria alokatzeko.
  • 1719-3-25. Frantzisko Joseph Enparanek idatzitako gutuna irakurri zuten, bere enplegu berriari buruz albistea emanez; Hondarribia hiriko brigadier eta komandantea zen, Espainiako erregeak izendatuta. Herriak hura zoriontzea erabaki zuen.
  • 1719-3-25. Herriak, Jazinto Etxeberria eskultoreak amaituta zuen parrokiko organoaren kaxa ikusteko, maisu aztertzaileak izendatu zituen.
  • 1719-3-24. Hil haren 27an, astelehenez, 18 urtetik 60 urte bitarteko gizaseme guztiak armak zituztela goizeko bederatzietarako enparantza nagusian izan zitezen deialdia egitea erabaki zuten, 50 errealeko isunaren azpian, eta haien artean eta ahal bazen ezkongabeen zerrendatik, 150 soldaduren zozketa egiteko. Orduan bertan aukeratu zituzten bi lehen konpainietarako ofizialak.
  • 1719-3-17. Gerrarako prest izateko albistea jasota, eta ikusita alkatea nahiko gaixorik eta zahartua zela, haren ordez kapitain bezala Frantzisko Inazio Alzibar aukeratu zuten.
  • 1719-1-28. Diputazioaren aginduak bete nahian eta herritar bereziekin eginiko udalbatzarrean, Frantzisko Tomas Azkue eta Tomas Inazio Korta izendatu zituzten herriratzen ziren erregearen soldaduei ongi-etorria egiteko.
  • 1719-1-27. Legazpi eta beste zenbait herrirekin osatutako elkartearen berri eman zuten, zerbait gertatzen zenean laguntza aurkitu nahian. Fidelari ahalmena eman zioten une horietarako 80 gizonezko armatu prestaturik izan zitzan.
  • 1719-1-24. Diputazioaren eskaerari erantzunez, jatorrizko herritarren eta biztanleen zerrenda egitea erabaki zuten.
  • 1719-1-22. Organo berria amaitzear zegoelako, parrokiko etxezain eta apaizak herriari organojole edo organista bat izendatzeko eskatu zioten.
  • 1718-10-12. Eskribauari agindu zioten parrokiko apaizei eta beste zenbait herritarrei albistea pasatzeko -egun batzuetan behintzat, salketarik ez egiteko-, zurrumurruak zirelako frantziarrek probintzian sartzeko asmoa zutela ziotenak.
  • 1718-9-23. Herriko diruzainari agindu zioten utzitako bi haur haziko zituzten emakumeei dobloi bana emateko, haurrentzat arropak eros zitzaten.
  • 1718-8-14. Joxepa Oñatibia, herriko fidela eta bere semeari erosi zieten lurraldean, teilari berria egiteko etxe berri bat eraikitzea erabaki zuten, ahalik eta gastu txikiena egin nahi baitzen. Eta herritarrei materialak garraiatzen laguntzeko erregutu zieten, herriaren onerako izango baitzen.
  • 1718-7-27. Inazio Segurola maisuak Buztinzuloetan, Urbieta etxe inguruan, teilari berria egiteko aukeratu zuen lurraldea erostea erabaki zuten.
  • 1718-6-13. Derrigorrezkoa ikusten zuten bide publikoen konponketa. Bide horiek agintarien artean banatzea erabaki zuten, konponketen arduradunak haiek izan zitezen.
  • 1718-6-13. Usandain putzua garbitzeko Izarraitz auzoan bizi zirenei eta bertan ganaduak zituztenei deitzea erabaki zuten. Deialdia elizaren bidez egingo zen eta uko egiten zionak sei errealeko isuna ordaindu beharko zuen.
  • 1718-6-12. Juan Apaeztegia eta Inazio Bazasabalek adierazi zuten Buztinzuloetan aurkitutako lurrarekin eginiko teila eta adreiluak nahiko egokiak zirela eta urteetako lurra zegoela. Inazio Segurolari agindu zioten tokia ikusteko, ondoren Joxepa Oñatibia jabearekin harremanetan jartzeko.
  • 1718-5-30. Olioaren hornikuntza egiten zuen Pedro Olarteri 25 libra olioko isuna ezartzea erabaki zuten. Olartek baimenik gabe saldu zuen. Beste hainbesteko isuna jarri zioten, saltzea debekaturik zegoelako, txarra baitzen.
  • 1718-3-18. Buztinzuloeta inguruan labekada bat teila egitea erabaki zuten, horrela jakin nahian bertako lurra egokia zen edo ez teilak egiteko, eta ona baldin bazen herriko teileria bertan egiteko.
  • 1718-3-13. Kutxirain deituriko tokian ebakiko zen sukaldeetarako gurdi egurra erreal baten truke saltzea erabaki zuten, nahiko urruti zegoelako, eta bide txarra, gainera. Diruzainak emandako txartelarekin agertu beharko zuten egurra nahi zutenak asteazkenetik aurrera aipatutako tokian.
  • 1718-2-13. Burdinoletako jabeen eskaerari erantzunez, herriak ikatza egiteko bere mendiak saltzea erabaki zuen, baina sukalde eta labeetarako egurra erreserbatu zuen.
  • 1718-2-9. Nahastu gabeko sagardoak saltzeko denbora jarri zuten: upelean zen edaria egiteko behar izan zituzten kuebano izeneko neurria hainbat eta beste lau egun gehiago.
  • 1717-12-5. Agustin Beriztaini eskerrak eman eta oparia egin zioten, herriarentzat ardo pitxar bakoitzeko maraiko bi laurdeneko luzapena lortu zuelako erregearen aldetik.
  • 1717-12-2. Azkoitian bizi zen mugaz bestaldeko Frantzisko Ibarrondorekin eskritura sinatzea erabaki zuten, hurrengo urteko martxoaren 1ean hasita eta bi urtean herrian behar adina teila eta adreilu egiteko. Mila teila 63 erreal eta adreilua 50 erreal ordaindu zituzten.
  • 1717-4-2. Aste Santuan saldu zuen olio txarra gogoan izanik, eta egiten zituen hutsuneak kontutan izanik, olioaren hornitzaileari bi dobloiko isuna ezartzea erabaki zuten.
  • 1716-12-23. Urteko sagarrarekin eginiko sagardo garbiak saltzea onartu zuten, denbora emanez jabeei horrela egiteko. Upela bat sagardo egiteko behar izan zituzten kuebano edo neurriak hainbat egun eta bi gehiago emango zizkion bakoitzari herriko fidelak epea amaitzean, eta beste upela txandari jarraituz saltzen jartzeko aginduko zuen.
  • 1716-10-2. 14:00ak bitartean azokan janaria erostea debekatu zieten berriro saldu nahi zutenei.
  • 1716-7-26. Herriko diruzainaren eskuetan San Agustin komentuari bertako lanak egiteko agindutako 600 ezkutu ordaintzeko ehun baino gehiago ez zeuden eta, beraz, dirua aurreratu zuten herriko mendien erosleei beste hainbeste itzultzea erabaki zuten, beste zerbaiterako izendatuta zen dirutik.
  • 1716-6-13. Joseph Iturriagari baimena eman zioten Antxieta burdinola egokitzeko. Herriaren basoetan egurra mozteko ordaindu zioten.
  • 1716-5-24. Teila eta adreilua egiteko bost labekada erretzeko egurra eman zioten herriko basoetan Loiolako Ikastetxeko prokuradoreari.
  • 1716-5-10. Korrejidoreak hilaren 13an herriratuko zela aurreratu zuen, bere ohiko txanda betetzera.
  • 1716-4-26. Juan Bautista Garmendiak, Egibar-handia baserriaren derrama -garaiko zerga- kobratzeko eskatu zuen.
  • 1716-3-26. Kexa ugari jaso zuen Udalak, unean saltzen zen sagardo upelak 26 egunetik gora zituelako salgai jarrita eta, beraz, edari txarra zelako. Fidelari askatasun osoa ematea erabaki zuten, iruditutako neurriak hartzeko.
  • 1716-2-28. San Agustingo obrarako, karobi bat erretzeko, herriaren basoetan otea ebakitzeko baimena eman zioten Sebastian Legardari.
  • 1716-2-28. Alkateak Enparan zubian aurkitutako utzitako haurra bataiatzea erabaki zuen, aitabitxi bera izanik.
  • 1716-2-28. Eskribauari hiru ezkutu ordaintzea erabaki zuten, Errezilera joan eta Antonio Aginagalde eta sendiari buruzko kaparetasunari buruzko sekretu langintza egin zuelako.
  • 1716-2-19. Ohiko erronda egiten ari zela, alkateak utzitako haur bat aurkitu zuen Enparan zubian, eta Juan Pomianoren etxean utzi zuen, hazi zezaten.
  • 1716-2-17. Herritar bereziekin egindako udalbatzarrean, Alcañicesko Markesak zuen parrokiko jabetasuna edo patronatuari buruz abokatuek zuten iritzia eman zuten ezagutzera, ahalmena izanik horrela hango apaizak izendatzeko. Bide guztiak jorratzen jarraitzea erabaki zuten, ahalmen hori herriak eskura zezan. Orduan Antonio Leon Enparan herritarra izendatu zuen markesak, eta haren aurka pausorik ez ematea erabaki zuten bildutakoek.
  • 1716-2-16. Udalbatzar nagusian, Agustin Agirre eta Loiolako Ikastetxe Errealeko erretore Xalbador Rivadeori agertzea erabaki zen, parrokiko elizgizonak eta Alcañicesko Markesaren artean eginiko akordioaren hirugarren kapituluari buruz sortutako zalantzaren aurrean haiek sentitzen zutena ager zezaten.
  • 1716-2-16. Bere fidatzaile bezala Antonio Larraar, Frantzisko Sagastume eta Antonia Aketegi izendatu zituen Lazaro Iturraldek. Honekin eskritura egitea erabaki zuten, Enparan errota alokatu ziotela adieraziz.
  • 1716-2-5. Antonio Balzategi organo egilearekin parrokirako organoa egiteko eskritura sinatu zuten.
  • 1716-1-26. Gaixotasuna kontuan izanda, ontzat hartu zuen herriak, udalbatzar nagusian, Juan Inazio Tornay sendagilearen dimisioa. Beste sendagile bat herriratu artean, bere lanean jarraituko zuela adierazi zuen Tornayk, deitzen ziotenean gaixoei bisita eginez. Ahalik eta azkarren sendagile bat herriratzeko agindua eman zieten Manuel Altunari eta Karlos Joakin Aztinari, kontuan izanik horrelako kasuetan beti euskaldunari lehentasuna eman izan zaiola.
  • 1716-1-25. Herriko sendagile Juan Inazio Tornayk, gaixorik zela esanez, herriari bere ordezko bat aurkitzeko eskatu zion, ezinezkoa egiten baizitzaion bere lana behar bezala betetzea.
  • 1715-12-9. Izarraizko izoztegia errentan eman zioten lau urterako Bartolome Larraari, herriaren elur hornikuntza urteko hogei dukaten truke egitearren. Elur libra hiru maraitan eta San Inazioren zortziurrenean lau maraitan saltzeko baimena lortu zuten.
  • 1715-11-1. Apezpikuak agindutako obrak parrokian egiteko herriak izendaturik zituen Frantzisko Joseph Enparan eta Joseph Iturriaga, baina Manuel Alzaga alkateak eta Martin Saloguen erregidoreak adierazi zuten parrokiko organo berria egiteko aurrez eskritura sinaturik zutela Antonio Balzategi arkitektu eta organo-egile oñatiarrarekin, eta Felipe Uzkudun eskribauaren aurrean eginiko eskrituran jasotzen zela guztiaren berri.
  • 1715-10-27. Ahotsa eta botoa zuten herritar guztiei, Eguberri egunera bitartean euren ondasunen berri herriko agintariei agertu beharko zietela agindu zieten.
  • 1715-10-27. Manuel Alzaga alkatea eta Martin Saloguen erregidoreari eman zieten ahalmena herriaren izenean. Parrokiko erretorea, Joseph Itirriaga eta Joseph Enparan ere partaide izan ziren, azken bisitaldian apezpikuak organoari buruz emandako agindua betez, horretarako behar ziren eskriturak sinatuz eta gestioak eginez.
  • 1715-10-27. Herri barruan txerriak haztea nahi zutenek hurrengo egunerako udaletxean horretarako baimena eskatuko beharko zutela parrokiaren bidez adieraztea erabaki zuten.
  • 1715-9-1. Udalak parrokiko erretoreari ondorengo oharra zabaltzea eskatu zion: herriari buruzko agiriak zituztenek zortzi egunen buruan itzuli beharko zituztela, herria prest baitzen eskomiku bat ekartzeko.
  • 1715-5-24. Enparango errotariak jakinarazi zuen Amuko bidea konpontzen eginiko denboraldian bederatzi egun eta erdi geldirik egon behar izan zuela errotak, galdu zuena ordaintzeko eskatuz. Horrela egitea erabaki zuten.
  • 1715-5-17. Maiatzaren 20an Loiolako bidearen konponketa hastea erabaki zuten. Langileei eguerdiko janaria emango zieten, libra erdi haragi eta libra bat ogi. Lehen konponketak Perdillegi baserriaren inguruan egin zituzten, nahiko gaizki zegoelako.
  • 1715-3-5. Lehen astean, Perdillegi bitarteko bidea konpontzea erabaki zuten; ondoren, Loiolara bitartekoarekin gauza bera egin zuten.
  • 1715-2-18. Pedro Beltran Oiarzabali bere harrobietan 200 gurdi harri ateratzea eskatzea erabaki zuten, beharrekoenak ziren bideak egokitzeko.
  • 1715-2-10. Urrestillako Goardia zubia konpontzeko neurriak hartu zituzten.
  • 1714-10-5. Iraileko Andre Mariaren ondorengo eguneko zortziak bitartean garoa ebakitzea debekatu zuten, kalteak sortzen zirelako horrela ez egitean.
  • 1714-9-8. San Inaziori herriak eginiko botoari buruz idatzi zuen Iruñeko apezpikuak. Probintziaren aldetik eskatu zitzaion konfirmatzea, eta horrela egin zuela adierazi zuen.
  • 1714-8-26. Olazko ermitan konponketa lanak egitea erabaki zuten, benetan gaizki baitzegoen. Horretarako, bertako serorak eskainitako dotearen berri jakitea erabaki zuten.
  • 1714-6-15. Pedro Martin Goikoa margolariak Urrestillako parrokirako egindako margoak egokitzat hartu zituzten. Erabaki hori Joseph Loza margolariak eta Juan Apaeztegi arkitektuak ikusi ondoren hartu zuten.
  • 1714-4-13. Madalena ermitan konponketa lanak egiteko herriak egurra ematea erabaki zuen.
  • 1714-3-25. Garagarzako errotariari hiru ezkutu ordaindu zizkioten, Usurbilen Soreasu errotarako harririk egokienak aukeratu zituelako.
  • 1714-3-16. Maria Luisa Gabriela de Saboya erregina hiltzean, eta elizkizunerako, tumulu bat egitea erabaki zuten, albistea emanez herriari udalbatzar nagusian -hilaren 23an ospatuko zela-.
  • 1713-9-20. Herritar gehienak olio gabe gelditu ziren -batez ere, baserrietan bizi zirenak-, eta Frantzisko Arzadun hornitzaileari sei ezkututako isuna ezartzea erabaki zuten.
  • 1713-6-9. Herritarrei saldutako egurraren kontuak eman zituzten ezagutzera. Guztira 2.404 erreal, Urbi, Iturrikoa eta Narzabal basoetan.
  • 1713-5-28. San Agustin komentuan lanean ziren Gregorio Aranburu eta Aszensio Larraar maisuei urtean 25 dobloi ordaintzeko akordioa sinatu zuten.
  • 1713-5-21. Martin Abaria maisuak, erre zitzaion Larrañaga baserria berriro altxatzeko eskaera egin zuen. Derrama kobratu nahi bazuen, aurrez sinatzea derrigorrezkoa zela jakinaraztea erabaki zuen Udalak. Zera sinatu behar zuen: jasotzen zuen laguntza baserria berritzeko izango zela eta ordenantzek agintzen zuten denboraren barruan egingo zuela.
  • 1713-5-21. Gregorio Aranburu eta Aszensio Larrar harginek zera jakinarazi zuten: San Agustin komentuan ari ziren langintzarako harri asko zutela harrobietan prestaturik baina, garraiobiderik ez zutenez, ezin zutela aurrera jarraitu. Zerbait egitea erabaki zuten, lana atzeratu ez zedin.
  • 1713-5-18. Urrestillako bikarioak eta Pedro Martin Goikoa nafar margolariak bertako parrokirako hiru lan margotzeko eskritura sinatu zuten. Andre Maria Deikundekoa zen bat, bestea Loiolako Inazio. Hirugarrena, Aita Antxieta. 1.600 erreal ordaindu zizkioten nafarrari.
  • 1713-4-16. Zestoako alkateak mandazainek bide errealean egiten zuten kaltea adierazi zuen, batez ere ibaiak ur asko zuen garaian. Herriak hari erantzutea erabaki zuen: ibaiak ur asko zuenean gurdiak bide errealean erabiltzeko ez zitzaion derrigorrezkoa iruditzen alkateari baimena eskatu beharra izatea, beraien segurtasunak zuelako lehentasuna.
  • 1713-3-14. Agintariek sinatutako eran egitea erabaki zuten parrokiko elizako ate nagusia.
  • 1713-3-1. Ogia erretzeko labeak zituztenen kexak jaso zituzten herrian, egurra eskatuz behin eta berriz. Izarraizko Iturrikoa deituriko tokian 60 gurdi zama banatzea erabaki zuten haien artean, eta sei hilabeteren buruan ordaindu zuten.
  • 1713-3-1. Ordainketak egin zituen herriak, Izarraizko izoztegia garbitu, eskailera berri bat egin bertarako eta konponketa batzuei erantzuteko.
  • 1713-2-12. Sukalderako egurra behar zutenek, diruarekin herriko diruzainarena agertzea erabaki zuten. Honek seinalatuko zituen egur zamak.
  • 1713-1-20. Ehun erreal ordaindu zizkion herriak Antonia Zendoia andreari, bere aginduz hazi eta hil zen utzitako haurraren hileta elizkizunak ordaintzeko.
  • 1712-11-5. Herriak Martin San Martin teilariarekin egin zuen eskritura, 1713ko San Miguel egunera bitartean 50.000 teila eta 25.000 adreilu egiteko. Mila teila zilarrezko 45 erreal ordaindu zizkioten eta mila adreilu bakoitzeko zilarrezko 37 erreal.
  • 1712-8-19. Iruñeko apezpikuak Urrestillako aldare nagusiko hiru margoak egiteko baimena eman zuen eta, bide batez, ordularia jartzeko baimena ere eman zuen.
  • 1712-7-29. Herri barruko etxe batzuk hondamenean eta erortzeko arriskuan zireneko kexa jaso ondoren, Lazaro Lanzeira eta Bartolome Larraar maisu hargin eta zurgina izendatu zituzten iritzia agertzeko.
  • 1712-6-15. Enparan errotako presa berria egitea eta Soreasu erretakoan konponketak egitea erabaki zuten.
  • 1712-5-4. Ganaduak zituzten biztanleek herriaren basoetara eraman behar zituzten larrera, eta hori Urrestilako parrokiaren bidez adieraztea erabaki zuten. Baina euren bidetik zuzendu behar zituzten lur horietara, inoren baratza, soro eta zelaietan kalterik egin gabe. Bestela, zigorra ezarriko zieten ganaduen jabeei.
  • 1712-5-4. Enparantzan zegoen herriaren dorrean konponketa lanak egitea erabaki zuten, aurrez maisuen iritziak jasota.
  • 1712-4-15. Martin Abariak suak erretako Larrañaga bere baserria altxatzeko derrama egitea eskatu zuen, eta horrela egitea erabaki zuten.
  • 1712-1-11. Herriko agintariek Bataio kaperan akatsak ikusi zituzten, Martin Zaldua maisua kobratu nahian zen bitartean. Eginiko eskritura eta gainontzeko paper guztiak aurkitu eta aztertzea erabaki zuten, eta parrokiko etxezain Joseph Iturriagari gaiari buruz gestio guztiak egitea eskatu zioten.
  • 1711-12-31. Herritar bereziekin bildurik, erregearen zedula baten berri eman zuten. Bertan, urte berriko kanpainarentzat ahal zen diru gehien emateko eskatu zioten Gipuzkoari. Urrezko bi ezkutu zituen 50 dobloi ematea erabaki zuen herriak. Erabaki hartzeko batzar berezia egitea ez zela beharrezko adierazi zioten Diputazioari.
  • 1711-12-27. Herri Batzar nagusian, Olatz eta Elormendiko San Pedro ermitetako serorak eginiko eskaerak jakin eta egin beharreko obren berri jakitea erabaki zuten. Haien doteetatik ordainduko zituzten lanak.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan