Eguna: 2-23

  • 2016-2-23. Eroskik 2017an Azpeitian beste saltoki bat irekiko zuela iragarri zuen, Joan XXIII.a kalean, Landu altzari enpresaren pabilioi zaharren tokian.
  • 2013-2-23. Grebaren ostean, Corrugados Azpeitia enpresako fundizioa martxan jarri zuten.
  • 2010-2-23. Baigera I berritua ireki zuten.
  • 2002-2-23. Uztarria Kultur Koordinakundeak antolatutako I. Kulturaldia hasi zen.
  • 2002-2-23. Kaldereroen Kofradiak Iñaki Bergara 'Pio' eta Inazito Odria 'Txermena' ohorezko kofrade izendatu zituen.
  • 1989-2-23. Azpeitiko Udalak omenaldia eskaini zien Joxe eta Xebaxtian Lizaso aita-seme, Joxe Agirre, Imanol Lazkano, Jose Luis Gorrotxategi, Xabier Euzkitze, Anjel Larrañaga eta Joxe Mari Altuna bertsolariei.
  • 1967-2-23. Seguruko Gaixotasun Ofizial Anbulategia jartzeko lurraldea eskaintzeko prest zegoela jakinaraziz, Instituto Nacional de Prevision deiturikoari idaztea erabaki zuten.
  • 1942-2-23. Joxe Mari Oñederrak Zumaiara eginiko bidaien kontua aurkeztu zuen, guztira 940 pezetakoa. Beobide eskultoreak aginduta, Espainiako Gerran hildako soldaduen monumentuan agertuko zen soldaduaren modelotzat izateko. Aurrez 840 pezeta ordaindu zizkioten, baina ezerezean utzi zuten eskaera.
  • 1898-2-23. Musika Banda berriro antolatzeko proposamena egin zuten Joxe Mari Iturbidek eta Inazio Fernadez Eleizgaraik.
  • 1898-2-23. Inauterietako festetan parte hartu zuten musikariei 30 pezeta ematea erabaki zuten.
  • 1887-2-23. Ohitura alde batera utziz, esan zuten uko egin ziotela Tomas Arzuaga eta Bernardo Olaizola gauzainek inauteri astearte goizean sokamuturra zuzentzeari. Ondorioz, agintariek bakoitzari bost pezetako isuna ezartzea erabaki zuten.
  • 1887-2-23. Gobernadore Zibilaren agindua beteta, herriko kale guztien izenarekin plakak lortzea erabaki zuten.
  • 1885-2-23. Frontoi berria egiteko baldintzak ezagutzera ematea erabaki zuten.
  • 1847-2-23. Diputazioaren eskaerari erantzunez, azken uztaldian izan zen gari urritasuna jakinaraztea erabaki zuten: 8.000 anega, 16.000 arto, 1.000 baba eta gaztaina 1.500. Herritik kanporatzen zenari buruz, berriz, honoko datu hauek ematea erabaki zen: 4.000 anega gari, 3.000 arto, 500 baba eta gaztainik ez. Orduan herrian egon zitekeenari buruz esan zuten 2.000 anega gari izango zirela, gehiena salduta, 6.000 anega arto eta 500 anega baba. Horiek gutxiegi izanik herritarren beharrei erantzuteko derrigorrezkoa egin zen kanpora saltzea debekatzea.
  • 1685-2-23. Juan Apaeztegi arkitektuari eskatu zioten zer konponketa lan egin behar ziren Elormendiko San Pedro ermitan.
  • 1685-2-23. Oñazko San Juan, Urrestillako San Martin, Egimendiko San Pedro, Elosiagako Andre Maria, Elormendiko San Pedro, Olazko Andre Maria, Madalena, Santa Kruz eta San Miguel ermitetako serorak eskaini zituzten doteak jasotzea eskatu zioten parrokiko etxezainari.
  • 1685-2-23. Bederatzi urtean zehar kaleetako lauzadura, Enparan Harzubia eta Ondarre zubiak zaindu eta egoki edukitzeko kontratua egin zuen herriak Tomas Bikendi harriztatzailearekin, urtean 20 dukat ordainduz.
  • 1668-2-23. Jakinik Azkoitiko alkateak Matias Inazio Zuazolari Loiolan ongietorria egiteko asmoz ehun gizaseme armatuta zituen, eta Azkoitiko herriari idaztea erabaki zuten, jakinaraziz inolako baimenik ez zuela soldadu konpainia batekin herriratzeko eta are gutxiago jende armatua zuela inguruan, ezta maskaradak edo jolasak bertan egiteko ere.
  • 1648-2-23. Erregeak Kataluniarako eskatzen zuen jendeari buruz hitz egiteko bilerara herritar asko ez ziren joan, eta beste deialdi bat hilaren 26rako egitea erabaki zuten, agertzen ez zirenak zigortuak izango zirela jakinaraziz.
  • 1595-2-23. Bixente Egibarren proposamena onartu zuten: astean behin azoka egitea, ostegunetan, eta albisteak pasatzea inguruko herrietara.
  • 1595-2-23. Herriko baso eta harrobiak erabili nahian, auziak jarraitu egiten zuen Santo Domingo komentuaren eta herriaren artean. Komentuak herritarren eskubide berberak eskatzen zituen.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan