Eguna: 11-21

  • 2016-11-21. Hirugarren Mailako taldea Aitor Arratek hartuko zuela iragarri zuen Lagun Onak Futbol Taldeak, astebete lehenago kargua utzi zuen Pablo Turrillasen tokia betez.
  • 2015-11-21. 'Antxieta arkeologi taldea, 50 urte lanean gozatuz? liburua aurkeztu zuten udaletxean, taldearen mende erdiko ibilbidea jasoz Udalak argitaratua.
  • 2008-11-21. Fernando Morillo idazleak 'Egun beltzetan, jolas beltzak' liburua aurkeztu zuen. Erein argitaletxeak argitaratu zuen lana. Morilloren bosgarren liburua zen.
  • 2007-11-21. 'Erlojuen mekanika' liburua aurkeztu zuen Jose Luis Otamendik, Donostian.
  • 2003-11-21. Askagintzak antolatuta, Ikastola Bizirik ospatu zuten Ikasberri Azpeitiko Ikastolan. Honek ere hartu zuen parte. Frogo-menpekotasunaren prebentzioaren aldeko ekimena da.
  • 2003-11-21. Otzaka baserriak su hartu zuen, eta teilatua eta aurrealdea hondatuta gelditu ziren.
  • 1970-11-21. Joxe Odriozola 'Garatxabal' harri-jasotzailea hil zen.
  • 1948-11-21. Pedro Albeniz Iruntxiberri eta Lino Aldalur zezen-plazan 8.000 metrotan neurtu ziren. Lehenenak 25 metroko aldea zeukan eta berak irabazi zuen, 29.27.4/5eko denborarekin. Aldalurrena: 29.44.1/5.
  • 1933-11-21. Antonino Olaizola alkateordearen proposamena onartuz, Gipuzkoako Buru Batzarreko presidenteari telegrama bidaltzea erabaki zuten: "Gipuzku Buru Batzarra. Donostia. Azpeitiko nekazari eta abertzale zinegotziak udalan baturik jaiko gureuda izugarria gatik, zorionik biotzekoenak bialtzen dizkitzue. Gora Jaungoikoa eta lege zarra. Endorea".
  • 1904-11-21. Ramon Mari Lilik idatzi zuen gutuna aipatu zuten, eta hark eskerrak eman zituen herriak zoriondu egin zuelako Gipuzkoari alkoholen legea ezartzean gobernadore zibilaren postua utzi zuela-eta.
  • 1904-11-21. Alkateak proposaturik, foruen sinbolo Gernikako zuhaitzaren jatorrizko landare bat Kristina enparantzatxoan jartzea onartu zuten. Tokia egokitu zuten horretarako.
  • 1875-11-21. San Agustin eliza egokitzea 9.720,80 erreal kostatu zela adierazi zuten, eta alkateak zioen herrian horretarako egindako diru bilketan 4.468,18 erreal osatu zituztela eta gainontzekoa Udalak ordaintzea erabaki zuela.
  • 1859-11-21. Marokoko gerra zela-eta, Diputazioak neurriak hartzeko proposamenaren berri eman zuen. Herriak, egun batzuen barruan, gazte ezkongabe eta semerik gabeko alargunen zerrendak prest eduki behar zituela agintzen zen -20 urtetik 30 urte bitartekoak-, eta herriak 45 gizasemeko soldadu taldea osatu behar zuela ere bai, agindutako unean bidean jartzeko. Eskatutako zerrenda prestatzea erabaki zuten.
  • 1859-11-21. Afrikako gerrak sor zitzakeen gastuei aurre egiteko, Diputazioak neurriak hartzeko izendaturik zeukan batzordeak bere proposamenaren berri eman zuen, zenbait pertsona berezirekin harremanetan jarri eta bilerak izan ondoren. Lehenik, herritarren artean 1.900.000 erreal biltzea proposatu zuen. Bigarrenik, merkatarien artean 300.000 erreal biltzea eta industriarien artean 100.000 erreal, eta horrela egitea Diputazioaren kontu uztea. Hirugarrenik, urtean 700.000 erreal bil zitezkeen zergak ezartzea. Era berean, herriak 1.900.000 erreal horietako 90.853 erreal eta sei marai ordaindu beharko zituela esan zuten, erdia ondasunak hartuko zuen eta beste erdia kontribuzio pertsonal bezala. Horrela egitea erabaki zuten.
  • 1830-11-21. Ardoari, oraingoz, beste zergarik ez ezartzea erabaki zuten Herri Batzar nagusian, aurrez zituenak nahiko garestia egiten zutela-eta.
  • 1700-11-21. Parrokiko eskailera ezerezean uztean egur handiak kendu zituztela-eta, oraindik balioa zutenak beste zerbaiterako erabiltzeko etxezainari saltzeko agintzea erabaki zuten.
  • 1681-11-21. Herriak parrokiko etxezain Pedro Beltran Oiarzabali agindu zion Joan Larrar eta Joan Apaeztegirekin bat eginik tratua egin zezala Joseph Lizarzaburu urreztatzailearekin, pulpitu eta koruko burdinak margotu eta urreztatu zitzan.
  • 1559-11-21. Herritik kanpo bizi zirenen prokuradoreek zioten baimena lortuta zutela askatasun osoarekin merkataritza egiteko eta, ikusirik alkateek ardoa eta txakolina saltzen zutenen aurka egiten zutela, halako ekintzak bat-batean moztea eskatu zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan