Eguna: 6-14

  • 2015-6-14. Malagak irabazi zuen futboleko alebin mutilen Azpeitia Cup txapelketa.
  • 2010-6-14. Aimar Irigoien harrijasotzaileak Gipuzkoako Txapela irabazi zuen.
  • 2003-6-14. Maiatzeko hauteskundeen ondorengo kargu hartzea egin zuten. Tentsioa eta istilua nagusitu zen plazan eta udaletxean. Hamabost bozka jaso zituen Julian Eizmendik (EAJ-EA) eta bera izendatu zuten alkate. Boto bat hutsa atera zen. PPko ordezkari Francisco Piñeiro ez zen etorri Azpeitira kargu hartzera. Habeakoek -legez kanpo jo zuen Espainiako Justiziak-, "jasotako botoen arabera'' zegozkien lau zinegotzi aulkiak hartu eta kalera atera zituzten.
  • 1993-6-14. Izarraitz Irakaskuntza Kooperatibaren batzar nagusia ospatu zuten. Zazpi bozketa egin ondoren, herriko batzordeak batzar nagusiari erantzun egin zion.
  • 1991-6-14. Loiola'91 Batzordeak antolatuta, San Agustin elizan inauguratu zuten 'Gogarte barrokoak' erakusketa, Koldobika Jauregi eta Jexux Mari Cormanen obrak osatutakoa.
  • 1939-6-14. Alkateak, Martzelo Gibert arkitektuak zenbait zinegotziri erakutsitako proiektuen berri eman zuen. Proiektu horietako bat hilerrian panteoiak egitea proposatzen zuena zen. Bestea, berriz, Perez Arregi enparantzatxoan altxatu nahi zen monumentua, gerran hildako herritarrak gogoratzeko. Bien maketak prestatzea agindu zuen. Proiektu horiek gauzatzeko Udalak diru bilketa egiteko batzordea sortu zuen. Kide hauek zeuden: Etxeberria Olaizola eta Egaña zinegotziak, 'San Inazio Errekete' tertzioko teniente Manuel Mozo, Justo Martinez sarjentua eta Joxe Mari Garmendia soldadua, Damaso Azkue eta Ladislao Segurola industriarien artetik, Bixente Guibert dendarien aldetik, eta Elizaren aldetik Kaxiano Garaialde erretorea edo haren ordez izendatutakoa.
  • 1930-6-14. Alkateak hilaren 11n Txalintxo mendian izan zuen bileraren berri eman zuen. Bilera horretan, Galo Barrena peritua eta Bizkarrondo ingeniaria zeuden, eta Azpeitia eta Azkoitiaren arteko mugarriak non jarri behar ziren ikusten aritu ziren, sententziak bere garaian aginduko zuena betetzeko asmoz.
  • 1930-6-14. Iturritxikiko iturria berriro martxan jartzeko lanak egitea erabaki zuten. Osasun Juntaren aginduaren ondorioz itxi zuten bere garaian.
  • 1875-6-14. Diputazioan hilaren 12an egindako idatziaren berri eman zuten. Bertan, erregeak bi egun lehenago ezagutzera emandako dekretua gogoratu zuten. Dekretu horrek honako hau zioen: aita santuak agindutako Jesusen Bihotz Sakratuaren sagaraketa hil honen 16an egingo zela eliza guztietan. Hurrengo asteazkenean, parrokiko elizkizunetara korporazioan joatea erabaki zuten, bertara ohiko agintariak gonbidatuz.
  • 1869-6-14. Zirujauek baserrietara egindako bisitaldiak kobratzeko prezioen zerrenda onartu zuten. Zerrenda uztailaren 1etik aurrera martxan jarri zuten.
  • 1852-6-14. Gobernadoreak idatzi zuen, herriari baimena emanez 50.000 erreal eta %5 prestamenean hartzeko. Kale berri bat egin behar zuten eta etxe jabeei ordainketak egin zizkieten, euren etxeen zatiak bota eta berriro eraiki beharko zituztelako.
  • 1794-6-14. Frantzisko Ibero maisuak jakinarazi zuen parroki atarirako atera eta garraiatzen zen harria aurrez pentsatu baino bi bider gehiago kostatuko zela. Horrela gauzak, Azkoitiko herriari idaztea erabaki zuten, baimena eskatzeko berriro Aranaga harrobitik harria ateratzeko.
  • 1772-6-14. Azkeneko urteetan izan ziren kexak kontuan hartuta, txerriak kalean ibiltzeko debekua altxatu zuten. Izan ere, etxeen zimenduetan kalte izugarriak sortzen ziren txerrien ukuiluekin eta kaleak erabat zikinduta gelditzen ziren. Debeku hori igande, jaiegun eta prozesioak izaten ziren egunetan izan ezik, beste egun guztietan altxatu zuten. Baina handik aurrera eta beste neurri bat hartu bitartean, biztanle guztiek euren etxearen aurrea egunean bi aldiz garbitu beharko zuten, goizeko arratsaldeko seietan.
  • 1682-6-14. Juan Apaeztegi eta Martin Olaizola maisuek prestatutako diseinua aurkeztu zuten. Diseinua parrokiko erretaula nagusia egiteko zen eta Udalak izendatutako batzordearen eskaera erantzuten zuen. Ideia aurrera eramateko dirurik gabe aurkitu zirenez, limosna eskaera egitea erabaki zuten. Eskaera egiteko agintariak banatu ziren baserri eta auzoetan. Dirua ez ezik, materialak ere ontzat hartu zituzten.
  • 1599-6-14. Zazpi agintari eta 27 herritar berezi bildu ziren, iskanbila izugarriak sortuz bi alkateen artean. Alkateak herritik kanpo zeuden eta herriak beste bat izendatu zuen haien postua betetzeko.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan