Eguna: 11-1

  • 2014-11-1. Mikel LarraƱagak Euskal Herriko Bigarren Mailako Aizkora Txapelketa irabazi zuen, Asteasun.
  • 1964-11-1. Bustinzuriko errebalean zen Agedaren Bodegoe ondotik abiatu eta Xoxote gailurretik joan-etorria egin zuen Inazio Garatek 48 minutu eta 48 segundotan.
  • 1964-11-1. Lanei ahal zen azkarren ekitea erabaki zuten baina aurrez, hurrengo igandean, arratsaldeko ordubietan, Herri Batzar nagusia ospatzea erabaki zuten, beharrekoa zen dirua osatzeko aukera zitezkeen bideak jorratzeko.
  • 1855-11-1. Aszensio Inazio Altuna alkateak gobernadoreari esan zion azken izurriteak nolako kalteak egin zituen herriko biztanleen artean: abuztuaren 3tik urriaren 28ra 272 herritar hil zirela kolerak jota. Izan ziren egunak hamasei hildako ezagututakoak herrian: irailaren 16a eta 19a. Irailaren 28an 11 lagun zendu ziren.
  • 1847-11-1. Urrestillari herria sortzeko eman zioten aginduaren berri adierazi zuten, betiere Elosiaga eta Nuarbe auzoekin bat eginik. Aratz-erreka eta Matxinbenta auzoek, berriz, ordu arte bezala Azpeitiko herriarekin bat eginik jarraituko zutela adierazi zen.
  • 1830-11-1. Diputazioak bidalitako gutun bat gogoan izanik eta, herriaren aldetik agindua betetzea derrigorrezkoa egiten zela ikusirik bizi zuen une larria zela medio, kontribuzioa osatzeko biderik egokienak aurkitzen ahalegindu zen herria. Hauxe erabaki zuen, azken batean: bere lurraldean zen ardi bakoitzeko erreal bateko zerga ezartzea urtean; sei hilabetez gorako mando eta zaldi bakoitzeko zortzi erreal; eta olio eta xaboi libra bakoitzari erreal erdia. Sendi bakoitzeko, berriz, zortzi erreal ordaindu beharko ziren urtearen buruan -nahi izanik, erdizka-. Ardoaren kasuan, pitxar bakoitzari erreal laurden bateko zerga ezarri zioten, baina ondorengo urteko martxora bitartean baino ez.
  • 1737-11-1. Uholde handiak gertatu ziren, eta herriko zenbait bide erabat apurtu zituen.
  • 1715-11-1. Apezpikuak agindutako obrak parrokian egiteko herriak izendaturik zituen Frantzisko Joseph Enparan eta Joseph Iturriaga, baina Manuel Alzaga alkateak eta Martin Saloguen erregidoreak adierazi zuten parrokiko organo berria egiteko aurrez eskritura sinaturik zutela Antonio Balzategi arkitektu eta organo-egile oƱatiarrarekin, eta Felipe Uzkudun eskribauaren aurrean eginiko eskrituran jasotzen zela guztiaren berri.
  • 1643-11-1. Herriko dorrea egiteari buruz zenbait erabaki hartu zituzten Herri Batzar nagusian.
  • 1559-11-1. Ikusirik inork ez zuela nahi sagardoa saltzen jartzerik, herri barruan 11 pertsonek zutela jakin ondoren, binaka txandatuz saltzen jartzeko agintzea erabaki zuten. Haienak erabat amaitu bitartean, ondorengo biei ezinezkoa zitzaien gauza bera egitea.
  • 1559-11-1. Getariko txakolina jarri zuten errematean, baina lehen unean eginiko bi almodenetara behintzat ez zen inor agertu.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan