Eguna: 10-14

  • 2015-10-14. Urritasunen bat duten pertsonek kudeatutako Euskal Herriko eta espainiar estatuko lehen supermerkatua ireki zuten Eroskik eta Gureak taldeak Azpeitian, Bustinzuriko Errebalean.
  • 2014-10-14. Plaza Nagusia berritzeko lanak hasi zituzten.
  • 2014-10-14. Nagore Aranburuk emakumezko aktore onenaren saria irabazi zuen Tokioko Latin Beat jaialdian, 'Loreak' filman egindako lanari esker.
  • 2013-10-14. Olatz Izagirre Azpeitiko bizilaguna eta beste 39 gazte epaitzen hasi ziren Espainiako Auzitegi Nazionalean, Segiko kide izatearen akusaziopean, Fiskaltzak haientzako seina urteko kartzela zigorra eskatuta.
  • 2012-10-14. Jon Ibargurenek eta Idoia Besadak Euskal Herriko Dantza Txapelketa irabazi zuten bigarrenez, Seguran.
  • 2010-10-14. Zezen Beltz elkarteak webgunea sortu zuen.
  • 1939-10-14. Loiolara bisitaldia egin zuen Francisco Franco Espainiako jeneral nagusi eta diktadoreak.
  • 1936-10-14. Udal berria osatu zuten, probintziako Gerrarako Karlista juntak izendatutako hamahiru zinegotzirekin. Roke Astigarraga aukeratu zuten alkatetzarako, Kruz Mari Etxeberria lehen teniente, Galo Barrena bigarren eta Toribio Azkue hirugarren, Kasto Orbegozo sindiko, eta Prudentzio Olaizola, Antonino Aranguren, Andres Lasa, Joan Joxe Egiguren, Inazio Orbegozo, Joxe Aizpuru, Joan Azpeitia eta Inazio EgaƱa zinegotzi.
  • 1912-10-14. Joxe Agirrek eta Joxe Antonio Lesakak aurretik herriak hartutako erabakia ezerezean utz zezatela eskatu zuten, gurdi handia Enparan eta Harzubia bitarteko bidean ibiltzea debekatzen zuena. Horrela egitea erabaki zuten.
  • 1896-10-14. Herriak eginiko eskaerari erantzunez, berriro epaitegia martxan jartzean agindu zuen Diputazioak. Hau gastuaren %50 ordaintzeko prest agertu zen, eta beste erdia herriak ordaintzea erabaki zuen, ahal izanik inguruko herriekin bat eginik. Bide batez, Diputazioari eskatu zioten gestioak egin zitzala ahalik eta azkarren epaitegia martxan jartzeko; azaroaren 1erako edo beranduenez ere 15erako.
  • 1800-10-14. Utzitako haur bat aurkitu zuten -neskatxa bat-, bederatziak jota, Gurutzea etxearen ate ondoan.
  • 1788-10-14. Utzitako haur bat aurkitu zuten parrokiko aterpean -mutiko bat-.
  • 1685-10-14. Herri Batzar nagusian haragiari eta olioari ezarriko zizkioten zerga berriak hurrengo egunetik aurrera eskatzea erabaki zuten.
  • 1685-10-14. Herriak lor zezakeen lehen diruarekin Izarraizko izoztegiaren hormak egitea erabaki zuten, Esteban Alzaga erregidorearen esanetara.
  • 1685-10-14. Agintarien aukeraketa egitean, ahotsa eta botoa zuten guztiei agindu zieten hamabost egunen barruan euren ondasunen berri aurkezteko agintarien aurrean.
  • 1674-10-14. Martin Garatetxea maisuak parrokian egin zituen lanak ikusteko batzordea izendatu zuten.
  • 1674-10-14. Frantzisko Antonio Zabalari, Erdi kalean zuen etxea korrejidoreari eskaintzeko eskatu zitzaion, eta baiezkoa eman zuen.
  • 1643-10-14. Herriarentzat egokia zela pentsatuz, momentuan honoko taberna hauek bakarrik zabaltzea erabaki zuten: Eliz kalean, Juan Larraar eta haren emazteak bakarrik eta ez beste inork; Errebalean, Ana Larraar Ozakak. Erdi kalean eta Enparan kalean irekiko zituzten tabernei buruzko erabakia hurrengo ostiraleko batzarrerako utzi zuten.
  • 1567-10-14. Erreginak haur bat izan zuenez, jaialdiak antolatuz ospatzea erabaki zuten. Lehenik, prozesioa igandean, hamalau urtez gorako guztiak parte hartzera gonbidatuta, eta haren aurreko egunean herriko parrokian eta Urrestillakoan zabalduz; gainera, berrehun maraiko isuna jarriko zioten agertzen ez zenari. Prozesioa egin zuten, parrokitik Bustinzuriko ermitara eta handik Madalenara, meza izanik ermitan. Aurreko ostiral iluntzean argiak jartzeko eskatu zieten herritarrei, leihoetan kandelak pizturik, eta sua ate aurreetan (isun beraren mehatxupean), eta gauean dantzak egin zitezela agindu zuten. Lehen larunbatean, San Lukas egunean, ijito eta ezpata dantzak eta beste era batekoak egingo zituzten, Juan Urbieta eta Juan Egurzaren aginduetara. Ostiral eta larunbat gauean elizetako eta ermitetako kanpaiak joko zituzten. Herriko harakin Juan Ondarra eta Pedro Altunari, bestalde, agindu zieten idi edo zezen bana ekarri eta sokarekin loturik kaleetan ibil zitzatela, dukat bat ordainduz bakoitzari. Kaleak garbitzea agindu zuten -bakoitzak bere etxe aurrea garbitu behar zuen-.
  • 1566-10-14. Bere lana herriaren aldetik ordaintzen zitzaiola, Frantzisko Zarate Elolako kaperauak egiten zituen hutsuneak zaintzeko izendatu zuten, eta larunbatean agintariei horren berri eman zieten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan