Eguna: 1-7

  • 2016-1-7. Espainiako bandera jarri zuten udaletxean. 2012an jakinarazi zion Udalari Espainiako Gobernuaren Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkari Carlos Urkijok bandera jarri behar zuela; eta 2015. urte hasieran jaso zuen EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpena, bandera jartzeko aginduarekin.
  • 2014-1-7. Amets Arzallus, Euskal Herriko bertsolari txapelduna, Estitxu Elduaien kazetariarekin aritu zen solasean Sanagustin kulturgunean, 'Aho bizarrik gabe' solasaldi zikloaren baitan.
  • 2013-1-7. Azpeititik pasatzen diren GR 9 eta GR 21 ibilbideak deskatalogatu zituen Gipuzkoako Mendi Elkarteak.
  • 2007-1-7. Gontzalo Pelaez musikaria hil zen, gaixotasun baten ondorioz, 59 urterekin. Egan eta Trabuko taldeetako kide ohia zen.
  • 1988-1-7. Urolako trenak zeharkatzen zituen sei herrietako alkateek, Eusko Jaurlaritzaren isiltasuna salatu zuten sinatutako dokumentu baten bidez, eta urtarrilaren 17rako deituta zen Zumarraga-Urretxu manifestazioa ontzat hartu zuten.
  • 1987-1-7. 22:15ak aldera epaitegiko sarrerari su eman zioten.
  • 1930-1-7. Matxinbenta auzoan jaio zen Joakin Otaegi Otaegi 'Yokin, Ziri'. Filosofia eta Letrak ikasketak egin zituen Madrilen. 'Nora' eta 'Zeruko Argia' aldizkarietako laguntzailea izan zen.
  • 1888-1-7. Kartzela eta epaitegi berria egiteko lurraldeak erosi zituen herriak.
  • 1884-1-7. Batzorde bat izendatu zuten Zumarragatik Zumaiara egin nahi zen trenbideak inguruko herrietara nolako mesedeak ekar zitzakeen aztertzeko.
  • 1868-1-7. Mila duroko laguntza ematea erabaki zuen herriak Cayo Vea Murgiak, Eusebio Gurrutxagak eta Felipe Nuñezek herriaren inguruan eraiki nahi zuten mihia lantegirako, garbiketa eta zuriketa merkataldegirako.
  • 1830-1-7. Urrestillako Joxe Aztiazaran 'Txaketoa' deiturikoari isuna jarri zion Udalak, ardoa agindutako prezioan baino handiagoan saldu zuelako.
  • 1814-1-7. Politiko Nagusiaren aginduz Antonio Sorondo agertu zen udaletxean, eta Bixente Etxeberria izendatu zuen herriaren ordezkari. Urrestillak aukeratu zuenarekin batera bien arteko mugak seinala zitzaten.
  • 1814-1-7. Espainiako Armadako IV. Dibisioko buruari neurriak hartzea eskatu zioten, herrian ziren bere soldaduek baserritarren artean izugarrizko indarkeriak egiten zituztelako.
  • 1789-1-7. Kanpora saltzen zutelako, ogia egitea debekatu zieten emakume batzuei.
  • 1789-1-7. Herrian eginiko ogia kanpora saltzea debekatu zuten.
  • 1778-1-7. Txerriak kaleratzea debekatu zuten, batez ere prozesioak zirenean. Erreal bateko isuna jartzen zen.
  • 1755-1-7. Huskeria batean alokatuta, 37 baratza zituen orduan herriak.
  • 1667-1-7. Martin Galarza mandazain altsasuarra Nafarroako ardoaren hornikuntza egitera behartu zuten urte baterako.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan