Eguna: 2-22

  • 2016-2-22. Azpeitiko ahari jokoen kontrako salaketak jarri zituen Equo alderdiak.
  • 2014-2-22. Alex Silva Kazetarien Elkargoko zuzendaritzako kide izendatu zuten.
  • 2012-2-22. Juan Miguel Arregi Kubako jesuiten buru izendatu zuten.
  • 2010-2-22. Gazumen zentral eolikoa egiteko asmoa bertan behera utzi zuen Eusko Jaurlaritzak, mementoz.
  • 2007-2-22. Udalak tasatutako etxebizitzentzat ordenantza onartu zuen.
  • 2006-2-22. Joxe Mari Iriondo kazetariak IƱaki Eizmendi 'Basarri' errezildar bertsolariari buruzko liburua aurkeztu zuen: 'Basarri I. Bat-batean'.
  • 1988-2-22. Herriko ganadu hiltegia itxi zuten, goi mailako agintariek aginduta.
  • 1973-2-22. Kirol konplexu bat bi herrien lurraldeetan egiteko Azkoitiko eta Azpeitiko udalek sorturiko Mankomunitatearen estatutuak onartu zituela adierazi zuen Azkoitiko Udalak, baina ikusirik gastu handiak izango zirela, azpeitiar agintariek Etxahun baserriaren lurraldean egitea proposatzea erabaki zuten.
  • 1926-2-22. Urola trena inauguratu zuten, Alfonso XIII.a Espainiako erregea bertan zela.
  • 1915-2-22. San Joxe deituriko fabrikako horma batzuek erortzeko arriskua zutelako eta neurriak hartzeko eskatuz, fabrikako administrariari idaztea erabaki zuten.
  • 1904-2-22. Plaza Txikiko 1. zenbakia zuen lehen eta bigarren solairuko errenta izendatu zieten (500 pezeta urtean) Marista Anaiei.
  • 1873-2-22. Herrian zen militar komandanteak adierazi zuen Joxe Mari Azpiroz eta Meltxor Oiarzunen etxeen artean eta jabetasuna zuten etxea botatzea egokia zela herriaren defentsarako. Herriak horrela egitea erabaki zuen, arerioak enparantza nagusira sartzeko oztopoa aurki zezan.
  • 1858-2-22. Juan Amezuak bere konpromiso handia agertu zuen parrokiko organoa amaitzeko, aurrez Erratzuko Udalarekin bertakoa egiteko eskritura sinatuta zuelako eta horretarako lau aste besterik ez zituela adieraziz. Herriak erabaki zuen Amezuari gogoraztea joan zen urteko Inazio donearen egunerako amaitzekotan sinaturik zuela eskritura Udalarekin, eta ondoren gabonetarako amaituko zuela agindu bazuen ere, oraindik ezinean zela. Ustekabe handi bat sortu zuela adieraztea erabaki zuen herriak, eta luzapen bezala urte horretako Gorputz eguna izendatu zitzaion.
  • 1858-2-22. Errukietxeko juntak eta Udalaren batzordeak etxea handitzeko planoak, aurrekontuak eta baldintzak jakinarazi ondoren, guztia onartzea erabaki zuten.
  • 1856-2-22. Juan Amezua organo egileari lanean hastean 1.000 erreal ematea erabaki zuten eta hiru hilabetetik behin kopuru bera ematea.
  • 1852-2-22. Kristina edo Iturritxiki aldea nolatan egokitu zitekeen aztertzeko batzorde bat izendatu zuten, han zegoen zuhaiztiak ezer gutxi aurreratzen zuelako eta kalea, berriz, estua zelako.
  • 1839-2-22. Inazio Bixente Arregi apaizak eginiko eskaerari erantzunez, haren aita zenak frontoian eta iturrian eginiko lanak tasatzea erabaki zuten, horrela herriak zenbat zor zuen jabetzeko.
  • 1831-2-22. Valladolideko (Espainia) Erregimendu Probintziala kuarteltzat erabil zitekeen eta herrian etxerik ba al zen galdetuz Gerra Komisarioak eskaera egin zuen. Erabaki zuten bertan lau komentu zirela jakinaraztea eta antzeko beste eraikinik ez zegoela, baina herriak inolako baimenik ere ez zuela haiek erabiltzeko.
  • 1829-2-22. Frontoia eta iturria egiten zituen kontratistak bere lana uztailaren 31rako amaituko zuela adierazi zuen, eta orduan 1.000 erreal eskura eman eta lau hilabetera beste 1.500 erreal emateko eskatu zuen. Alkateari gestioak egitea eskatu zioten.
  • 1794-2-22. Elizaren bidez herriak ikatza egiteko mendiak salgai zituela aditzera ematea erabaki zuten.
  • 1743-2-22. Granadako Dukeak herriak eginiko eskaerari erantzun zion: parrokian Inazio deunaren aldarea egiteko laguntza bezala 200 peso zituela une horretan eta beste 200, berriz, urtearen amaierarako. Gauzak horrela, apezpikuari baimena eskatzea erabaki zuten.
  • 1676-2-22. Herriko sendagile Pazuengosek bere jaioterrira, Lizarrara, joateko gogoa agertu zuen, bertako sendagile izendatu nahi zutenean. Udalak, herritarrei udalbatzarrean, gertatzen zena agertzea erabaki zuen.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan